euskaraespañol

Ekain Payán Ellacuria

Ba al du zentzurik osasun arloko profesionalen nahitaezko txertaketak?

Zuzenbide Penaleko irakasle laguntzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/25

Ekain Payán Ellacuria
Ekain Payán Ellacuria. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Espainiako hainbat egoitzatan berragerpenak areagotu dira eta Europako zeinbat herrialdek (hala nola Italiak, Greziak edo, duela gutxi, Frantziak) txertoen derrigortasuna iragarri dute; hori horrela, berriro ere mahai gainean jarri dute nahitaezko txertaketaren eztabaida. Kasu horretan, neurriaren hartzailea ez litzateke biztanleria orokorra izango, baizik eta, beren lanbide jarduera dela eta, gaixoekin edo adinekoekin zuzeneko harremana dutenak, bai ospitaleetan bai laguntzako zentroetan.

Hala, autonomia erkidego batzuk legea aplikatzearen alde agertu dira, hala nola Galizia, Kantabria, Murtzia, Kanariak eta Andaluzia. Hala eta guztiz ere, Osasun Ministerioa ez dago –oraingoz– hori ezartzearen alde.

Hori garrantzitsua da; izan ere, nahiz eta indarrean dagoen legeriak nahitaezko txertaketa babestu dezakeen, Administrazio Zentralak hartu behar du erabakia, Lege Organikoari erreserbatutako oinarrizko eskubideei eragiten dielako (Espainiako Konstituzioaren 81.1 art.) eta horien gaineko eskumen osoa Estatuarena delako (EKren 149.1.16 art.).

Bestela, litekeena da Konstituzio Auzitegiak neurria Konstituzioaren aurkakotzat jotzen duen errekurtsoa ematea eta aldi baterako bertan behera uztea. Hori gertatu zen Galiziako Osasunari buruzko uztailaren 10eko 8/2008 Legea aldatzen duen otsailaren 25eko 8/2021 Legearekin. Lege horren 38.2.5 artikuluak ezartzen zuen, aukeran, “gaixotasuna prebenitzeko neurri profilaktikoak hartzea, txertaketa edo immunizazioa barne (…)”, bai eta zehapen ekonomikoak ere, justifikaziorik gabe immunizatzeari uko egiten ziotenentzat eta herritarren osasunean arrisku txikia, larria edo oso larria eragiten zutenentzat (41 bis d, 42 bis c eta 43 bis d artikuluak).

Zer dio zientziak?

Lehenik eta behin, eztabaidaezina da COVID-19aren aurkako txertaketak gaixotasunaren ondorio larriak saihesten dituela, hala nola ospitalizazioak eta heriotzak, Espainiako adinekoentzako zentroetan jasotako parametroetan ikus daitekeenez.

Era berean, kontuan hartu behar da kutsatzeko arriskua ere txikiagoa dela immunizatutako pertsonen aldetik, eta hori, karga birikoa murrizten duenez, nahitaezko txertaketaren aldeko argudioa izan liteke. Hala ere, orain arte onetsitako txertoak ez dira estirilizatzaileak; beraz, ez lukete birusa transmititzea eragotziko.

Beste alderdi ezezagunetako bat immunitatearen iraupen erreala da. Zantzu guztien arabera, 60 urtetik gorako pertsonen eta immunodeprimituen artean txikiagoa izan daiteke. Horrek azaldu dezake txertaketa kanpaina hasi zenetik hilabete batzuk igaro ondoren egoitzetan agerraldi berriak agertu izana.

Hori horrela, Portugalen ereduari jarraituz, gomendagarria izan daiteke test serologikoak egitea inokulatutako lehen taldeetan. Horien emaitzen arabera, atea ireki dakioke (edo ez) errefortzuzko dosiak emateari; Israelek dagoeneko ezarri du neurri hori kolektibo jakin batzuetan, eta ziur asko EBk ere hori bultzatuko du. Hala era, oraingoz, OMEk mundu mailako luzamendu bat eskatu du, besteak beste, ez dagoelako behar besteko ebidentzia zientifikorik dosi horiek modu orokortuan emateko.

Osasun arloko profesionalen eskubideak eta mugak

Espainiako txertaketaren estrategiak argi uzten du txertoa hartzea borondatezkoa dela (edo, zehatzago esanda, ez dela derrigorrezkoa); hori horrela izan da lehen bertsiotik, eta azken eguneratzean ere ez da aldatu. Osasun langileek eta langile soziosanitarioek lankidetzarako eta ardurarako betebehar goren bat dutela uste bada ere, autonomia printzipioak laguntzen die, gainerako herritarrei bezala, baita integritaterako eta ukigabetasunerako oinarrizko eskubideek (EKren 15. eta 24.1 artikuluak) eta lanerako eskubideek ere (EKren 35. art.).

Horregatik, ezingo litzaieke inokulaziorik ezarri. Era berean, ezingo litzaieke eragotzi beren lan jardueretan normaltasunez jardutea, salbu eta horrek osasun publikorako arrisku larria badakar eta aldez aurretik epailearen baimena lortzen bada (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoa). Hori guztia egokitasunaren, beharrezkotasunaren eta proportzionaltasunaren judizio hirukoitzaren arabera; kasu horretan, legezko helburutzat har liteke.

Justizia soziala osasun publikoaren helburu gisa onartzen bada, eskubide kolektiboak banakoen gainetik daudela defenda daiteke. Aukera horrek, txertaketak gizabanakoengan ez ezik hirugarren pertsonengan duen eragina ere kontuan hartuta, balantza etikoa haien alde jarriko luke.

Singer irakaslearen arabera, gidatu aurretik segurtasun-uhala lotzeko betebeharraren arrazoi bera da. Zentzuzkoa izango litzateke, halaber, txertoa jaso duten pazienteen eta haien legezko ordezkarien aldetik, beren bizilekua askatasunez aukeratu ahal izan gabe eta infektatuak izateko beldurrez, txertorik jaso ez duten langileek artatzeari uko egiten baliote.

Bestalde, esanguratsua da ia baliabiderik gabe COVID-19ari aurre egin zioten eta beren osasuna arriskatu zuten osasun langileak orain txerto hartzera behartzea. Horrek zentzu handiagoa izango luke txertorik hartu ez duten profesionalen kopurua oso handia izango balitz, osasun publikoa arriskuan jartzeko adinakoa. Zifra ofizialak ezagutzen ez diren arren, ez dirudi hori denik kasua.

Alternatiba etikoak

Amaitzeko, arreta merezi dezaketen prebentzio aukera batzuk daude.

Lehenik eta behin, langile horien mugikortasun funtzionala azter liteke (Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 39. art); zehazki, beren lanpostuarekin lotutako beste batzuetara mugi litezke, baina ez gaixoei, adinekoei edo immunodeprimituei zuzeneko arreta ematearekin lotura duten lanpostuetara.

Erregistro bat ere sor liteke, pazienteei arreta ematen dien profesionalak txertoa jarrita duen jakiteko aukera emango diena; bestela, ezezkoa eman dezakete. Arazo bakarra da norberaren intimitaterako oinarrizko eskubidearekin talka egin dezakeela (EKren 18.1 art.), baita langilearen diskriminaziorik ezaren printzipioarekin ere (EKren 14. art.), eta ondorioz, berriro ere, epailearen baimena beharrezkoa litzateke.

Azkenik, Osasun Publikoko Alertei buruzko Txosten eguneratu berriak gomendatzen duen moduan, langile horiei probak maiz egitea erabaki daiteke (RT-PCR, antigenoak edo autodiagnostirako testa).} Horrek, infektagarritasunari dagokionez, txertoa jarri dela frogatzen duen dokumentu bat erakusteak duen fidagarritasun bera edo handiagoa ekar lezake.

Arrazoiketa bera erabil liteke txertoaz gain, berriki egindako test bat eskatzeko, ez bakarrik sanitarioei, baita arrisku handiko guneetara sartzen den edonori ere, hala nola ospitaleetara edo egoitzetara. Desabantaila bat du, hori bai; izan ere, segurtasun berme bikoitz horrek, osasun aldetik ezin hobea bada ere, txertoa jartzeko pizgarria arriskuan jar lezake.

Azken batean, osasun publikoko politika bat da, ertz ugari dituena, eta kontu handiz aztertu beharko lirateke horiek guztiak. Hori horrela, komeni da txertaketaren inguruko eztabaidan ñabardura orekatuak sartzea.