euskaraespañol

Medikua eta osasungintza, euskara eta berdintasun Arloko ikertzailea

Saioa Martinez de Lahidalga: «Osasun-arreta onak ama-hizkuntzan jasotzea eskatzen du»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/22

Saioa Martínez de la Hidalga
Saioa Martínez de la Hidalga, Medikua eta osasungintza, euskara eta berdintasun Arloko ikertzailea. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Saioa Martinez de Lahidalgak (Getaria, 1995) medikuntzako gradua egin du Euskal Herriko Unibertsitatean, eta UPV/EHUk eta UEUk lankidetzan sortutako ‘Hizkuntzen kudeaketa osasun-arretan’ graduondokoa. Gaur egun, Irungo osasun-zentro bateko medikua da, eta hizlari izan da egin berri den ‘Osasuna eta Hizkuntza IV: Ikerketatik ezagutzara’ Udako Ikastaroan.

Zer ikertu behar da osasungintzako hizkuntza-kudeaketaren arloan?

Hizkuntza ez da hautu soil bat. Hizkuntza baldintzatzaile bat da. Hizkuntza, eskubidea izateaz gainera, bada osasun-arreta on bat jasotzeko aukera bat. Zeren osasun-arreta on batek barnean biltzen du hizkuntza, eta, kasu honetan, euskaraz jasotako arreta da euskaldunontzat arreta ona. Horretara dator ikerketa. Askotan, hizkuntza aukera soil bat balitz bezala planteatzen zaigu: zer nahi duzu, arreta euskaraz edo erdaraz jaso? Eta planteamenduak bestelakoa izan beharko luke: jakinik osasun-arreta norberaren ama-hizkuntzan jasotzea dela osasun-arreta on bat, bada, zer nahiagoko zenuke? Osasun-arreta on batek hainbat irizpide ditu, eta horietako bat ekitatea da; ekitatearen barnean sartzen da zure ama-hizkuntzan jasotzea arreta hori. Arazoa azaletik ikusi beharrean, pixka bat barneratu eta kontzientzia hartu behar dugu benetan zer den osasun-arreta zure hizkuntzan jasotzea.

Udako Ikastaroan ereduak jaso ditugu, besteak beste; Kanadako eredua oso aurreratua da. Hemen, adibidez, Osakidetzak euskara-planak egiten ditu; euskara-plan horiek aztertu, eta ikusi behar dugu benetan zer egin den; aurrera begira baloratu behar dugu ea orain arteko metodologia horrek funtzionatu duen, eta metodologia berriak planteatu. Horietako bat da euskarazko arreta-zirkuituak sortzea; dagoeneko badaude euskarazko arreta-zirkuituak leku batzuetan (Galdakaoko ESIan).

Udako Ikastaroetan eman duzun hitzaldiaren izenburua “Emakume mediku eta, gainera, euskalduna? Zama hirukoitza” da. Zama handia al da hori?

Bai, nik uste, zama oso handia da. Gu karrerako praktiketan bertan jabetu ginen horretaz. Gu inoiz ez gara lankide izan, gu beti laguntzaile ginen, eta gure ikaskide mutilak beti lankide gisa aurkeztu izan dituzte. Lankide eta laguntzaile gisa bereizten gintuzten maila bereko ikasle ginenak. Baita pazienteen aurrean ere, praktikak egiten genituenetan, gu beti txikigarriak erabiliz izendatu gaituzte: "doctorcita" eta halakoak esan izan zizkiguten. Eta tratua ere desberdina izan da: gizonezkoei beti eman diete mediku izateko aukera, eta guk, berriz, aukera hori bilatu behar izan dugu, edo ikasi dugun hori izateko aukera emateko eskatu behar izan dugu.

«Emakumezkoa eta euskalduna bazara, baztertze faktoreek bat egiten dute»

Graduondokoa egin nuenean, galdetu ziguten ea zer hutsune ikusten genituen... Nik ikusi nuen genero-ikuspegia txertatzea falta zela. Zeren ez da berdina emakume euskalduna izatea edo gizonezko euskalduna izatea, bai arreta jasotzean bai mediku edo erizain izatean.

Baztertze-faktoreek bat egiten dute. Euskaldun izateagatik diskriminatu egiten zaituzte kontsulta askotan, esanez, "no te entiendo", "a mi así no", etab. Horrez gainera, emakumezkoa bazara, baztertze-faktoreek bat egiten dute. Hori oso ondo irudikatu dute Trikua esnatu da liburuan Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek. Eusko Jaurlaritzak lau beka sortu zituen berdintasunaren inguruan ikertzeko, eta berdintasuna eta corpusak lotzen zituena eskuratu dut, "Osasun-larrialdia: emakumeak, osasungintza eta euskara" proiektua garatzeko. Urrian hasiko naiz horren inguruan ikertzen.

Zer osasun dauka euskarak osasungintzan?

Oraintxe bertan, kaskarra. Egia da sare bat sortu dela eta aurrerapen asko egiten ari garela, baina esango nuke oraindik diagnostiko txarra duela. Pertsona batek ez du berdin adierazten bere mina bere ama-hizkuntzan edo beste hizkuntza batean. Eta laguntzeko (azkenean gure funtsa hori baita, pazienteari laguntzea) eta ulertzeko beharrezko tresna da hizkuntza, eta osasungintzan, oro har, pasibotasunerako joera handia dago.

Graduondokoan, ikerketa bat egin zenuen Urola Kostako adinekoekin, osasun-arretan hizkuntzak zer eragin duen aztertu zenuen, Felix Zubiarekin batera. Zer eragin du, beraz, hizkuntzak osasun-arretan?

Osasun-arretan funtsezko elementu bat da hizkuntza. Eta, gainera, iruditzen zitzaidan garrantzitsua zela adinekoetan jartzea fokua, kolektibo zaurgarrienetako bat delako eta osasun-arretaren erabiltzaile ohikoenak direlako, eta, beraz, bidezkoena zela haiei zuzenean galdetzea. Galdetegi baten bidez, % 70 inguruk erantzun zidan beren ustez oso garrantzitsua zela arreta euskaraz jasotzea, eta % 50ek esan zuen jasotako euskarazko arretarekin gustura zegoela baina hobetzeko gauzak bazeudela. Zifra esanguratsua da hori; orduan, hor bada zer eginik.

«Euskarak osasungintzan oraindik diagnostiko txarra du»

Konparaketa bat egin nahi izan nuen jakiteko Urola Kostako osasun-zentro bakoitzean arreta benetan euskaraz zenbatek ematen duten, baina hori ezinezkoa izan zen zeren mediku bat euskalduntzat jotzeko B2 maila eskatzen zitzaion, alegia, EGA baino baxuagoa. Orduan iruditu zitzaidan ezin nuela egin balorazio objektiborik eskaintzaren inguruan. Kontuan hartu behar da, gainera, inongo azterketak ez duela bermatzen osasun-arreta euskaraz emango denik.

Aurrerapausoak eman behar dira. Euskara-planetako ideiak oso ongi daude, baina gero errealitatea beste bat da, eta eman behar diren pausoak benetan zerbait egiteko izan behar dute, aldaketa bat eragiteko balio behar dute.

Zer ekarpen egin dizu graduondokoak?

Ekarpen handia. Hasieran pentsatzen nuen hizkuntza eskubide bat edo aukera bat zela. Eta orain ikusi dut kalitateko osasun-arretarako oinarri bat dela, eta asko ikertu daitekeela hori frogatzeko. Mundu mailan erreferentzia asko daudela ikusi dut, eta beste herrialde batzuetan baliagarria izan dena hona ekar daitekeela. Kanadako ereduan, esate baterako, eskaintza aktiboaren kontzeptua lantzen da asko: eskaini egiten da, eskatu gabe. Eta nik uste hori dela hemen txertatu behar dena. Hemen beti eskatu egin behar duzu, hemen eskaini oso gutxi egiten da eta gutxiago euskaraz.

Bestalde, ikusi ahal izan dut sare bat sortzen ari dela, eta haren inguruan asko ikertu izan duen jendea dabilela, eta erreferentzia pila bat jaso ditugu: besteak beste, Jon Zarate, Aitor Montes, Felix Zubia, Izaskun Elezgarai, eta abar. Graduondoko modulu bakoitzean irakasle eta hizlari desberdinak izan genituen, eta ikusi genuen osasungintzako hainbat arlotako jende askoren kezka globala zela (zeren, medikuez gainera, baziren itzultzaileak, erizainak...). Graduondokoan proiektu desberdinak garatzen joan ginen, eta oraindik ere harremana mantentzen dugu. Gai honen inguruan bakoitzak egiten dituen aurrerapausoak edo ikusi dituen gabeziak identifikatu eta partekatu egiten ditugu. Sare hau guztion eskubideen alde egiteko aukera bat da, eta nire nahia izango litzateke nire txikitasunetik, ahal dudan neurrian, ingurune euskaldun batean bizi den jendeari arreta eroso bat, kalitatezko bat, ematen saiatzea.

Bukatzeko, maltzurkeria bat: zer da hobea mediku ona izatea edo mediku euskalduna izatea?

Gaur egun oraindik formulatzen diguten galdera dikotomiko horri esango nioke mediku ona ez dela izango inoiz erdaldun soila dena euskaraz mintzo den lurralde batean; orduan, nik mediku euskaldun eta onaren alde egiten dut.