Osasun publikoko arazo bat al da mendia?

Iaz mendiko 267 erreskate izan ziren Euskadin, 1996tik izan den zifrarik altuena

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/03

Iñaki Ituarte, Manuel Arriba, Paz Sanda Javares, Asier Alonso eta Sendoa Ballesteros. Argazkia:UPV/EHU

Ertzaintzako erreskate unitateetan Medikuntzako eta Erizaintzako langileak egotea proposatu dute osasunaren arloko profesionalek, mendian istripua izandako pertsonak in situ arta ditzaten. Hogei urte inguruan, hirukoiztu egin da gorabeheren eta istripuen kopurua, UPV/EHUko ikertzaile Sendoa Ballesterosek zuzendutako analisiaren arabera. Gorakada horren aurrean, gomendio hau egin du Ballesterosek: erreskate taldeetan osasunaren arloko langile “moldakorrak izatea, tratamendu mediko urgentea in situ aplikatzeko eta salbamendu jardueretan laguntzeko gauza direnak”.

Iaz, 2018. urtean, 1996az geroztiko hilkortasun tasarik handiena izan zen. UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Sendoa Ballesteros irakaslearen iritziz, berehalako osasun laguntza emateko gaitasuna eduki behar lukete erreskate unitateek. “Ebakuatzeari ekin aurretik pertsona in situ artatzea lortzen badugu, nabarmen murriztu daiteke hilkortasun indizea”, zehaztu du irakasleak. Osasunaren arloko langileek parte hartzen duten esku hartzeek ere lagunduko lukete horrelako istripuen ondoriozko zuzeneko eta zeharkako kostuak gutxitzen.

Honako hauek osatutako lantaldeak gauzatu du ikerketa: Sendoa Ballesteros, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta Basurtuko Unibertsitate ospitaleko erizaina; Manuel Arriba, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitateko erizaina; Paz Sanda Javares eta Asier Alonso, doktorea eta erizaina, hurrenez hurren, Osakidetzako Emergentzietan, eta Iñaki Ituarte, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces Erakunde Sanitario Integratuko medikua.

Lantaldeak Euskadin 1996tik 2018ra arte izandako mendiko istripuen bilakaera aztertu du, Ertzaintzako Erreskate Unitatearen jardueraren urteko memoriak aintzat hartuta. 1996an 78 erreskate baino ez ziren izan; 2006an, 115, eta 2018an, 267. Ikerketa taldeak egiaztatu du, orobat, otsailean izaten direla erreskate gutxien, eta uztailean gehien. Eta, bitxia bada ere, astelehenetan izaten da salbamendu lan gehien.

Mendiaren erakargarri turistiko eta ludikoagatik egin du gora istripuen kopuruak, eta Euskal Herrian den kultura eta tradizio mendizalea gehitu behar diogu horri. Euskadin 34.000 lagun daude klubetan federatuta, baina asteburuetan 66.000 inguru joaten dira mendira, eta denetariko zaletasunak dituzten pertsonak elkartzen dira eremu horretan: perretxikoak, ehiza, txirrindularitza, mendi-ibiliak, espeleologia... Sendoa Ballesterosek gogora ekarri duenez, “osasun publikoko arazo” batez hitz egiten da jada, mendian egindako erreskate eta bilaketen kasuan.

“‘Decathlon eta ‘Calleja’ efektuen ondorioz –adierazi du Ballesterosek–, jende asko ederki ekipatuta joaten da mendira, baina prestakuntza kaskarrarekin, dagoen arriskuaz benetan jabetu gabe. Hutsaldu egiten da arriskua eta ahaztu egiten da ingurune arrotza dela mendia”. UPV/EHUko irakaslearen esanetan, prestatu eta sentsibilizatu egin behar da gizartea, baina, horrez gain, erreskate unitateetan urgentzia, emergentzia eta zaintza kritikoetan jarduten trebe diren osasunaren arloko langileak ere sartu behar dira, mendian moldatzen badakitenak.

Erreskate unitateetara osasunaren arloko langileak batzeko estrategia hainbat autonomia erkidegok baliatu dute jada (Aragoik, Asturiasek, Gaztela eta Leonek, Kantabriak eta Kataluniak), ohitura seguruak eta arduragabekeriak eta zuhurtziarik ezak eragozteko neurriak irakasteko sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainekin batera.

Erreferentzia bibliografikoa

Sendoa Ballesteros Peña, Manuel Arriba Herrero, Paz Sanda Javares Artigues, Asier Alonso Pinillos, Iñaki Ituarte Azpiazu

Evolución de los accidentes e incidentes en montaña en el País Vasco: 1996-2016 / Changes in mountain accidents and incidents in the Basque Country: 1996–2016

Emergencias 2019, 31