euskaraespañol

Osasun Zientzietako ikasleen elikadura ohiturek hobera egin zuten konfinamenduan

Ageing On ikertaldeak ikerketa bat argitaratu du Nutrients aldizkari zientifikoan; berretsi dute ikasle horiek dieta mediterraneoarekiko atxikidura hobetu zutela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/08

Irudia
Ageing On ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera: Amaia Irazusta, Borja Doncel, Idoia Zarrazquin, Ana Belén Fraile, Batirtze San Martín, Silvia Cepeda, Idoia Imaz eta Ainhoa Fernández. Argazkiak: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa, UPV/EHU.

​​​​​Genetika nekez alda daiteke, baina bizi ohiturak alda daitezke. Ohitura horiek lotura zuzena dute osasun egoerarekin, eta gaixotasunak goiz agertzea saihesten eta zahartze osasungarri bat lortzen lagun dezakete. Beren elikadura ohiturei buruzko datuak ikusita baikorrak izan gaitezke, Osasun Zientzietako ikasle horiei dagokienez behintzat. Etorkizunean, Fisioterapiako, Erizaintzako edo Medikuntzako profesional bihurtuko dira, eta ohitura horiek sustatu beharko dituzte pazienteen artean.

Horiek dira Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Ageing On ikertaldeak egindako azterlanaren ondorioetako batzuk.  Ikerketa honek ikastegi horretako ikasle talde baten elikadura ohiturak –pandemiaren aurrekoak eta pandemiaren garaikoak– alderatu ditu, ohiz kanpoko egoerak elikaduran aldaketarik eragin ote zuen jakiteko. Eta hala izan zen. Emaitzek argi uzten dute: beren ohiturak hobetu zituzten aldi horretan, eta dieta mediterraneoarekiko atxikidura handitu zen.

Ildo horretan, Ana Belén Fraile Ageing Oneko ikertzaileak zehaztu duenez, “ikasle talde horrek dieta mediterraneoarekiko atxikidura on bat zuen, estatu mailako beste ikerketa batzuekin alderatzen badugu; gainera, ikerketa fasean barazki eta fruitu lehor gehiago kontsumitu zituztela antzeman dugu”.

Frailek nabarmentzen duenez, gainera: “Ikasleak etxean egon direnean, barazki eta fruitu lehor gehiago jan dituzte modu esanguratsuan”. Horregatik, ikertalde honek azpimarratzen du oso garrantzitsua dela “ikasleei aukera osasungarri gehiago eskaintzea unibertsitatean ere, haientzako arrazoizko prezioan. Agian, hori da elikadura mota hori eskuratzeko handicap handiena”. Ikerketan parte hartu duen Idoia Zarrazquin ikertzaileak azaldu duenez: “Zaila da, txokolatezko palmera bat sagar bat baino merkeagoa da eta”.   

“Unibertsitatearen esparruan urrats garrantzitsu asko eman dira praktika horiek hobetzeko eta modu osasungarriagoan jateko, duela hamar urteren aldean –diote ikertzaileek–, baina aurrera egiten jarraitu behar da”. Ildo horretatik, Idoia Imaz ikertzaileak azpimarratu duenez, “garrantzitsua da hori guztia indartzeko estrategiak garatzea eta Unibertsitateak ohitura horiek sustatu ahal izatea, agerikoagoak egitea”. Badira aplika daitezkeen zenbait ideia espezifikoak, tartean, “alternatiba osasungarri merkeagoak, edo ur eta fruta postuak eskain daitezke jantokietan; azken batean, aukera osasungarriak errazago eskuratu ahal izatea”.

Ikerketa honen beste helburuetako bat konfinamenduan egindako jarduera fisikoa aztertzea izan da. “Ez da ahaztu behar daukagun beste pandemia bat obesitatea eta sedentarismoa direla, eta horiek zuzen-zuzen lotuta daudela bizi ohiturekin”. Hala ere, ikerketak ez du aldaketa handirik antzeman jarduera fisikoaren ohituretan aldi horretan. Ondorioetan azaltzen duten bezala, “ariketa egiteko ohiturak ez dira aldatu, ez jarduera fisikoa egiten ez zuten pertsonen kasuan, ez jarduera fisikoa normalean egiten zutenen kasuan”.  

Ikerketaren lagina

Ikerketa Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko 267 ikaslerekin egin da: erizaintzako 113 ikasle, Medikuntzako 109 eta Fisioterapiako 45. Ikerketa egiteko, bi galdeketa egin ziren 2019ko eta 2020ko data berberetan. Ikasle taldea eratzeko, ikertzaileek hiru unibertsitate gradu horietako irakasleen laguntza izan dute.

Ageing On ikertaldeari buruz

Proiektu hau Erizaintzako zortzi ikertzailek osatzen dute, Ageing On ikertaldekoak. Diziplina anitzeko talde horrek ariketa eta jarduera fisikoaren bidezko zahartze osasungarria ikertzen du, eta osagarri diren pertsonek osatzen dute: Kirolaren Medikuntzako espezialistak, Farmaziako, Erizaintzako, Biokimikako, Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako tituludunak. Horien ehuneko handi batek esperientzia klinikoa du.

Zahartze osasungarria sustatzeaz gain, Ageing On adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta diskriminazioa saihesteko lanean ari da, gainera. Talde horrek, halaber, prestakuntza gaitasun handia du: graduan eta masterrean irakasten du, eta doktorego tesiak zein master amaierako lanak zuzentzen ditu.