euskaraespañol

Valderejoko Parke Naturaleko ozono-mailaren arrazoiak ikertu dituzte

UPV/EHUko ikerketa batek ozonoaren sorreran eragina duten aitzindariak aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/23

María Carmen Gómez
María Carmen Gómez. Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko Taldeak azken hamar urteetan Valderejoko Parke Naturalean (Araba) etengabe neurtutako 60 konposatu organiko lurrunkorren datu-basea aurkeztu du. Hondoko poluzioa zaintzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko estazio honetan atzematen ari diren ozono-gertakariak karakterizatzea izan da helburua. Izan ere, estazio horretan zenbait kasutan ozonorako ezarritako legezko mugak gainditu dira azken urteetan.

Atmosferaren poluzioa da gizartearen kezka nagusietako bat, eta gehien kezkatzen duten kutsatzaileen artean nitrogeno dioxidoa (NO2) eta ozono troposferikoa (O3) daude. Printzipioz, NO2-aren poluzioa eraginkortasunez murrizteko neurriak erraz identifikatzen dira; O3-aren bidezko poluzioa murriztea, ordea, askoz ere konplexuagoa da, ozonoa zuzenean isurtzen ez den bigarren mailako kutsatzailea baita, atmosferako erreakzio kimikoetatik sortzen dena. Hala, zenbait poluitzailek, hala nola nitrogeno-oxidoek (NOx) eta konposatu organiko lurrunkor askok erreakzio kimiko eta eraldaketa fisiko ugari izaten dituzte eguzki-erradiazioaren eraginez, eta ozonoa sortzen dute. “Ozonoa atmosferan sortzen da, batez ere NOx eta konposatu organiko lurrunkorren arteko erreakzioaren ondorioz, eguzki-erradiazio handia dagoenean”, dio María Carmen Gómezek, UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko Taldeko ikertzaileak. Horrenbestez, “ozonoa kontrolatzeko modua kutsatzaile horiek, aitzindariak, kontrolatzea da, eta haien eraketa-mekanismoak hobeto ezagutzea” gehitu du.

Valderejoko Parke Naturala da azken urteotan legezko mugak zenbait kasutan betetzen ez dituen Euskadiko estazioetako bat. Testuinguru horretan, eta eremu horretako ozonoaren dinamika aztertzeko, UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko Taldeak azken hamar urteotan Valderejoko Parke Naturalean etengabe neurtutako 60 konposatu organiko lurrunkor baino gehiagoko datu-basea garatu du. Konposatu organiko lurrunkorrek jatorri naturala (konposatu organiko lurrunkor biogenikoak) zein antropogenikoa dute (disolbatzaile organikoak lurruntzearen, erregaiak erretzearen, garraioaren eta abarren ondorioz). Horrela, “ozonoaren sorreran eragina duten aitzindariak kontrolatu nahi ditugu, eta, gainera, konposatu horietako bakoitzak bakarka sortzeko zein gaitasun duen aztertu”, azaldu du María Carmen Gómezek.

“Azterketa honen emaitza nagusiak ozonoarentzako legeriak ezarritako balioak gainditzen diren gertakarietan  oinarritzen dira, eta gertakari horiek oro har ekaina eta iraila bitartean izan ohi dira Valderejoko Parke Naturalean. Udako hilabeteetan konposatu organiko lurrunkor biogenikoek ozonoa sortzeko ahalmenari egiten dioten ekarpena neurtutako guztizko konposatu organiko lurrunkorren % 68 dela egiaztatatu dute”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. “Konposatu organiko lurrunkorren artean isoprenoa eta landarediak igorritako monoterpenoak daude. Isoprenoa oso lurrunkorra da, eta haren emisioa handitu egiten da tenperaturarekin eta erradiazioarekin. Monoterpenoak, batez ere koniferoek igortzen dituztenak, landarediak biltegiratzen ditu, eta ia ez dago erradiazioaren mende, batez ere tenperaturaren mende baizik”, azaldu du Gómezek.

Gainera, “parkean erregistratzen den ozonoaren % 13 eta % 51 artean tokiko konposatu organiko lurrunkorretatik eratorria dela ikusi dugu; gainerakoa kanpotik eratorritakoa edo garraiatutakoa da, kanpotik datozen kutsautako aire-masak iristen direnean neurketa-estazioan neurtutakoa, alegia”, esan du taldeko ikertzaileak.

María Carmen Gómezek ikerketan aurrera egiteko beharra azpimarratu du. “Euskal Autonomia Erkidegoan ozonoa nola garraiatzen eta eratzen den ikasteko modu bat da. Izan ere, garraio- eta eraketa-prozesu konplexu horietan, zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta aukera gehiago egongo dira interpretazio egokia egiteko, airearen kalitatea kudeatzeko eta kontrol-estrategiak zehazteko”.

Erreferentzia bibliografikoa