Nahia Idoiaga Mondragon, Naiara Berasategui Sancho, Naiara Ozamiz, Maitane Picaza Gorrotxategi, Amaia Eiguren Munitis eta María Dosil Santamaría

Pandemia, haurren begiradatik

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/26

Foto de Colorido creado por freepik - www.freepik.es. Edición a cargo de la Oficina de Comunicación, UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Gaur egungo pandemiak ekarri dituen ezohiko egoera guztietatik, ikastetxe gehienak itxi izana (2020ko martxotik irailera) izan da gogorrenetako bat. Birusaren hedapena geldiarazteko aplikatu diren urruntze eta euste sozialeko neurriak gehitzen bazaizkio, argi dago haurrentzat ez dela batere erraza izan azken urtea.

Pediatriako, psikologiako eta hezkuntzako profesionalek ohartarazi dutenez, pandemiak hainbat mehatxu eragin ditzake haurrengan osasun globalaren ikuspegitik, eta ikuspegi horretan, alderdi psikikoak, emozionalak eta sozialak sartu behar dira.

Azpimarratu dutenez, funtsezkoa da txikienek pandemia hau nola ulertzen duten ikertzea, hala, egoera honek eragin diezaiekeen kaltea arintzeko.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Sailak egindako ikerketetan frogatu dugunez, haurrek beldurra, kezka, tristura eta urduritasuna sentitu dituzte birusaren aurrean, baita errua ere, maite dituzten pertsonak infektatzeko beldurragatik.

Baina birusak berak sortutako emozioez gain, asperdura, haserrea, larritasuna, nekea eta bakardadea ere sentitu dituzte beren etxeetan itxi izanak eragindako albo ondorioen eta aire zabalean egoteko ezintasunaren ondorioz.

Haurrek marraztuz adierazten dute ondoen sentitzen dutena

Marrazketa forma natural bat da, giza adierazpenaren oinarrizkoena beharbada, eta kontzeptuak eta esperientziak esploratzeko erabil daiteke. Izan ere, frogatu denez, marrazketaren bidez hitzez adierazi ezin ditzaketen kontzeptu zailak eta emozioak ulertu eta adieraz ditzakete haurrek.

Ildo beretik, azken urteetan, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak sustatutako mugimendu gero eta handiago batek haurren ahotsa lehen eskutik entzutearen garrantzia azpimarratzen du, haien bizitzei eragiten dieten gaiak direnean.

Hausnarketa horiek kontuan hartuta, oso garrantzitsua da haurrek gaur egungo osasun krisia nola ulertzen duten identifikatzea. Izan ere, haien kezkak gogoan izanda, aurrekaririk gabeko egoera horiek gainditzen laguntzeko estrategiak eta tresnak garatu ahal izango ditugu.

2020 Postalak proiektua Donostian

Deskonfinamenduko lehen asteetan, 2020 Postalak proiektua sortu zen COVID‑19aren krisiaren eragin emozionalari buruzko kezkak partekatzen dituzten erakundeen lankidetzari esker. Donostiako Udaleko Osasunaren Sustapenaren eta Donostia Lagunkoiaren, Tabakaleraren, Emaus Fundazioaren, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren eta Kutxakulturren arteko lankidetzaren bidez, emozioen eta osasun komunitarioaren kudeaketa kolektiboak bizitzea egokitu zaigun garai nahasi honetan zer eraldatze ahalmen duen aztertu nahi da.

Asmoa zen postalen bidez nola sentitzen diren partekatu nahi duten pertsonen kate bat sortzea. Uztailean, postal bat idaztea proposatu zen –erosita, eskuz egina, marraztuta eta norbere egoera emozionala adierazten lagunduko liekeen guztia barne hartuta–, eta, gero, horretarako prestatutako postontziren batean uztea.

Donostiako hainbat auzotako 6 eta 11 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu zuten 2020 Postalak proiektuan. Horri esker, pandemia deklaratu zenetik izan dituzten emozioak eta sentimenduak adierazi ahal izan zituzten.

Guztira, “Oporretan Euskaraz” programan parte hartu zuten hiriko hainbat auzotako neska-mutilen 345 marrazki jaso ziren, COVID‑19arekin lotuta denak ere. Postalak bide desberdinetatik jaso ahala, Tabakalerako MediaLab-eko taldeak irakurketa prozesu bat abiarazi zuen, eta marrazki bakoitzean inspiratutako eranskailu hori bat gehitu zion postal bakoitzari (esaldi bat, ipuin, film edo liburu proposamen bat… erantsiz).

Irakurketa partekatu horrek argi eta garbi islatu zuen haurrek kontatzen zutenaren balioa. Eta postalen edukiari protagonismoa emateko, postalok aztertu egin ziren UPV/EHUren KideOn ikertaldearen laguntzarekin.

Azterketa horretan, egiaztatu genuen marrazki gehienek birusa bera eta haren ondorioak deskribatzen zituztela (konfinamendua, heriotzak eta abar), baita hari aurre egiteko neurriak ere. Horrek esan nahi du adin desberdinetako neska-mutilek COVID‑19aren birusa antzematen dutela; batzuek animismoa txertatu eta aurpegi irribarretsuak marraztu zituzten eta, beste batzuek, berriz, koroak, baina baita debeku ikurrak ere.

Mundua gaixorik dago, baina ostadarrez betea

Birusaren irudikapen grafiko hori ezagutzea bereziki interesgarria da. Alde batetik, esan nahi du neska-mutilek (adin guztietakoek, baita gazteenek ere) batik bat komunikabideen bidez helarazten zaien ikonografia xurgatzeko gaitasuna dutela.

Gainera, ikonografia hori erabiliz, abstraktua –edo, gutxienez, ikusezina eta ukiezina– den zerbait objektibatu eta indibidualizatu egin daiteke, eta hori oso interesgarria da; izan ere, horrela beren bizitza eta ingurukoena nahasi duen arazoa (edo egoera) bidera dezakete.

Era berean, marrazki esanguratsu batzuetan gaixorik dagoen mundu bati erasotzen agertzen da SARS-CoV-2 birusa, pandemiaren globalizazioa argi eta garbi irudikatuz. Dena den, ostadarra ere margotu zuten batzuek, eta horrek adierazten du haurrek ez dutela galdu “dena ondo aterako den” itxaropena.

COVID‑19ak sortutako emozioak izan ziren gehien irudikatu ziren bigarren kategoria. Beren buruak ere marraztu zituzten egileek, baita nola sentitu ziren ere. Konfinamenduan nahiz konfinamenduaren ondorengo errealitate berrian.

Tristura da gehien aipatzen den emozioa, baina askok gaizki sentitzen zirela idatzi zuten (“gaizki” hitza idatzi zuten), sentitutako emozio zehatzak zehaztu ahal izan gabe.

Beste emozio batzuk ere azaldu ziren: itxaropena, animoa, maitasuna eta elkar zaintzearen garrantzia. Izan ere, haurrek ondo ezagutzen zuten bizi zuten anbibalentzia edo ekaitz emozionala, eta hala marraztu zuten.

Marrazki askotan, konfinamenduan egindako jarduerak eta sozializazioa islatu ziren. Pantailekin eta teknologia berriekin zerikusia dutenak nabarmentzen dira, batik bat asperraldia islatzen duten egoerekin lotuta daudenak, baita aire zabalean egiten diren jarduerekiko nostalgia ere.

Marrazkiek familia eta lagunak nabarmentzen dituzte bi planotan. Batetik, konfinamendua agertzen da, garai horretan ingurukoen falta handia sumatu baitzuten. Hala ere, aitortzen dute konfinamenduak beren gertuko senitartekoekin (gurasoak, anai-arrebak) egoteko balio izan ziela. Eta, bestetik, lagunekin berriz elkartzeak sortutako poza nabarmendu zuten. Hori horrela, udako kanpamentuak oasi bat izan ziren, horietan berriz jolastu ahal izan baitziren elkarrekin.

Laburbilduz, ikerketa honi esker hobeto ezagutu ahal izango dugu pandemia egoerak eta konfinamenduak haurrengan izan duten eragina, haien imajinarioan, emozioetan eta alderdi sozialetan izan duen eragina azpimarratuz.

Era berean, horrelako egoeretan ongizatea sustatzeko gakoak atera dira, irudietan islatzen diren sinboloen bitartez.

Hezkuntza artistikoa eta emozionala

Ildo horretan, garrantzitsua izango da curriculum ofizialetan eta hezkuntza ez‑formalean hezkuntza artistikoa sustatzen jarraitzea, horrelako egoera kritikoetan, haurren ongizatea eta zoriontasuna sustatzeko tresna babesle bihurtzen baita.

Sustatu beharreko beste alderdi bat hezkuntza emozionala da, eskolei eta familiei prestakuntza eta tresnak emanez, txikienen egoera emozionala babestu ahal izateko.

The Conversation