euskaraespañol

Gaurko irudia

Pertsona transak edo ez-bitarrak eurek hautatutako izenaz identifikatu ahalko dira UPV/EHUko barne dokumentuetan

Gobernu Kontseiluak onartutako protokoloaren bidez araututa egongo da izena aldatzeko aukera, izen hori bat ez datorrenean legezko izenarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/22

Irudiaren egilea: Gerd Altmann (Pixabay).

“Berea duten baina ukatu zaien identitate batez bizi nahi duten pertsonentzat sufrimendu iturri nagusietako bat da jarraitu behar izatea jasaten eurek propiotzat ez duten izenaz dei diezaieten. Propiotzat duten identitateranzko bidean abiatu diren pertsonei eurek hautatutako izena aitortzea ez da bakarrik begirune kontu bat: pertsona orok nahi duen modukoa izateko, nahi duen bezala agertzeko eta nahi duen moduan bizitzeko dituen eskubideen baitan kokatzen da”. Horixe da Pertsona transek eta ez-bitarrek UPV/EHUn izena aldatzeko Protokoloan, Gobernu Kontseiluak joan den asteartean onartuan, ageri den sarrerako paragrafoa, eta bat dator euskal unibertsitate publikoak Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) daukan konpromisoarekin (EHUagenda2030ean jasoak), eta, zehazki, berdintasunaren alde eta sexu edo generoan oinarritutako diskriminazioaren kontra unibertsitateak daukan konpromisoarekin.

Norberak aukeratutako izena aitortzeak autonomiako, estatuko eta nazioarteko arauak ditu oinarri, eta, Autonomia Erkidegoan, ekainaren 28ko 14/2012 Legea dugu, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, aurrera egiten lagundu duena pertsonen ezaugarri edo inguruabar pertsonal edo sozialetan oinarritutako diskriminazioak gainditzeko bidean. Bestalde, UPV/EHUko Estatutuek eskubide hauek aitortzen dizkie unibertsitateko kideei: berdintasunerako eskubidea eta diskriminatuak ez izatekoa; norberaren intimitatea, irudi propioa, duintasuna eta joera sexuala errespetatzea, eta jazarpenaren aurkako babesa izatea.

Protokolo honen bidez prozedura bat arautzen da bermatzeko pertsona transen edo ez-bitarren eskubidea UPV/EHUko barne dokumentu administratiboetan eurek hautatutako izenaz identifikatuak izateko, izen hori bat ez datorrenean Erregistro Zibilean agertzen den legezko izenarekin.

Protokolo honek unibertsitateko kide guztiak biltzen ditu: ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak. Bestalde, UPV/EHUko langile eta ikasle guztien betebeharra izango da pertsona transei edo ez-bitarrei eurek hautatutako izenaz deitzea.

Unibertsitateko kide guztien betebeharra izango da pertsona transei edo ez-bitarrei eurek hautatutako izenaz deitzea

Unibertsitatearen barne dokumentazioan beren identitatearekin bat datorren izen bat —hots, hautatutako izena, dokumentazio ofizialean ageri denaz bestelakoa— agertzea nahi dutenek eskaria aurkeztu beharko dute UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzan. Behin eskaria baimenduta (zazpi eguneko epean) UPV/EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak administrazio agiriak eta agiri elektronikoak kudeatzen dituen organo eskudunari adieraziko dio izena aldatzeko posta elektronikoko kontuan, unibertsitateko txartelean, eskoletako zerrendetan, kalifikazio aktetan, hauteskunde zerrendetan eta abar. Hori guztia gehienez ere 30 eguneko epean egon beharko da gauzatuta. Hala ere, agiri ofizialetan, hau da, unibertsitateak ematen dituen ziurtagiri eta tituluetan, Erregistro Zibileko izena erabili beharko da.

Aitor Zurimendi idazkari nagusiaren iritziz, "administrazio-prozedura sinplifikatzeaz gain, protokolo honek helburu garrantzitsuago bat lortzen lagunduko du: gure unibertsitate-komunitatearen barruan aniztasuna eta pluraltasuna modu normalizatu eta irekian tratatzea".

Pertsona transen eta ez-bitarren izena aldatzeko protokoloa da Euskal Herriko Unibertsitateak orain arte eman duen azken urratsa dibertsitatea eta aniztasuna onartu, sustatu eta babestearen alde, nortasun ereduak egunetik egunera ugariagoak diren gizarte batean. Prozesua 2017ko azaroan hasi zen, sexuaren atala daukaten inprimaki guztietan hirugarren laukitxoa sartu zuenean, hau da, aukera ez-bitarra. 2018an, ikastegi guztietan komun mistoak izateko prozesua hasi zen, eta ez bakarrik ordura artekoak, hau da, gizonentzakoak eta emakumeentzakoak, eta 2020an, Empar Pineda sariak ezarri zituen LGTB ikuspegia barne hartzen duten UPV/EHUko gradu amaierako eta master amaierako lanetarako.