Piper minak eta zitrikoak konbinatuz gero, murriztu egiten dira obesitatearen aurka dituzten efektuak

Andrea Mosquedaren tesiak aztergai hartu du bi elikagai horiek metabolismo lipidikoan dituzten efektuak eta horiei loturiko alterazio metabolikoak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/15

Andrea Mosqueda. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Andrea Mosqueda. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Kapsaizina izeneko konposatu bat dute piper minek, eta zitrikoek hesperidina deituriko beste bat. Bi konposatuak onuragarri gertatzen dira gantz metatzeari eta sindrome metabolikoari loturiko gaitzei aurre egiteko; baina bi motako bioaktibo horiek konbinatuz gero, murriztu egiten dira molekula horiek bakarka dituzten eragin onuragarriak.

Kapsaizina eta hesperidina bereizi harturik, odolaren profil lipidikoa hobetzea, lipido hepatikoak gutxiago metatzea eta esteatohepatitis ez alkoholikoa prebenitzea lortu da mendebaldeko dietaz elikaturiko arratoietan. Baina bi konposatuak konbinatzean, murriztu egiten dira bakarka dituzten eragin onuragarri horiek, baita desegin ere. Horixe izan da Andrea Mosqueda Solisek atera duen ondorioetako bat bere doktore-tesian: ‘Elikagaien konposatu bioaktiboek  metabolismo lipidikoan dituzten eraginak: obesitatea eta haren alterazio metabolikoak tratatzeko aplikazioak’. Bi elikagaietan aztertu dira bi konposatu horiek: piper minetan (kapsaizina) eta zitrikoetan (hesperidina), laranjetan nagusiki.

Bi ikuspegi hartu ziren ikerketa hau gidatzeko. Lehenik, 15 konposatu fenoliko miatu ziren in vitro azterketen bitartez, dosi desberdinetan emanda adipogenesian (ehun adiposo edo gantzaren eraketan) izan ditzaketen eraginak aztertu eta konparatzeko. Bigarrenik, in vivo aplikatu ziren, hesperidinaren efektu potentzialak (konposatuak dituen efektu antiadipogenikoengatik in vitro azterketetatik hautatua), baita kapsaizinarenak ere (literatura zientifikoan oinarritutako bilaketa zabal baten ondoren hautatua, konposatuak dituen efektu termogenikoengatik); bi fase horiek konposatuak bereizita eta konbinatuta errepikatu dira, arratoietan dieta obesogeniko batez elikatu izanak eragindako obesitatea eta alterazioak  prebenitzeko.

Lehen fasea amaitzean egiaztatu zen konposatu fenoliko indartsuenak, efektu antiadipogenikoari dagokionez, flavanonak (naringenina eta hesperidina) eta flavonol quercetina direla; eta efektu antiadipogenikoa eragiten duen mekanismoa ez dela zehazki berbera izaten konposatu fenoliko guztietan.

Bigarren fasean behatu zenez, mendebaldeko dietaz elikaturiko arratoiak kapsaizinarekin tratatuz gero, obesitatearen aurkako babes-fenotipo bat induzitzen du konposatu horrek, gorputz gantzaren eratzea murriztu eta insulinarekiko erresistentzia prebenitzen du; hesperidinak, aldiz, efektu urriak ditu gorputz-gantza metatzearen aurka, eta ez du ageriko efekturik insulinarekiko erresistentzian. Ez da efektu gehigarririk behatu, ez behintzat, bi konposatu bioaktibo horiek konbinatuz kapsaizinaren efektuen behaketak azalerazi duen parekorik. “Gantz-metatzearen prebentziorako kapsaizinak duen eragina azaldu daiteke, hein batean behintzat, gantz-ehuneko lipidoen metabolismoan dituen efektuengatik, batez ere, lipogenesiaren inhibizio efektuagatik. Kapsaizina eta hesperidina konbinatzeak ez zuen kapsaizina bakarka behatutakotik bestelako efektu gehigarririk sortarazi", azaldu du doktore berriak.

Andrea Mosquedak defendatutako tesiaren beste ondorio interesgarri bat da honako hau: mendebaldeko dietaz elikaturiko arratoiei hesperidina bakarrik emanez gero, efektu hipotensoreak nabarmendu egiten dira; eta, neurri apalagoan sortzen da efektu hori kapsaizina bakarrik edo hesperidina eta kapsaizina konbinatzean.

 

Informazio gehigarria

Doktore tesi hau egin da Nutrigenomika eta Nutrizio pertsonalizatuko doktoretza programaren babesean, Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibersitateak eta la Islas Baleares Unibertsitateak parte hartzen duten programan. Programa hori Carlos III Osasun Institutuko Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia Ziberreko bi ikerkuntza talderen lankidetzatik sortu zen: batetik, Islas Baleares Unibertsitateko Andreu Palou doktoreak zuzendutako taldea; eta, bestetik, EHU/UPVko Maria Puy Portillo doktorea buru zuena. Tesia osatzeko, halaber, Mexikoko Zientzia eta Teknologia Batzorde Nazionalaren (CONACYT) beka bat lortu zuen Andrea Mosqueda Solisek; eta nazioarteko egonaldia egin zuen Suediako Karolinska Institutuko Biologia Zelularreko eta Molekularreko Sailean.