euskaraespañol

Idoia Camacho Markina

Zergatik da WhatsApp gaizki-ulertuen iturri?

Bozeramaileen Prestakuntzako eta Kazetaritza Espezializatuko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/25

Idoia Camacho Markina
Idoia Camacho Markina. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Marta zazpietan esnatzen da, senarra eta bi semeak bezalaxe. Zortziak laurden gutxitan, mutikoak etxetik ateratzen dira institutura doan autobusa hartzeko. Bost minutu geroago, Marta eta bikotekidea ateratzen dira etxetik, nor bere lanera joateko. Une horixe baino ez dute partekatzen laurek goiz osoan –eta ia egun osoan–; gainera, gehienetan, apenas dute aukera hitz gutxi batzuk trukatzeko. Izan ere, goizero, esnatu berritan, familiako kide bakoitzak gailu mugikorrari eskaintzen dio arreta gehiena.

Jokabide hori gaur egungo edozein familia arruntek goizero duena izan liteke; halaxe erakusten dute sare sozialen erabilerari buruzko azterketek. Mundu osoan, lau mila milioi pertsonak baino gehiagok erabiltzen dituzte sare sozialak. Espainian, 29 milioi pertsonak erabiltzen dituzte egunero. Facebook, YouTube eta WhatsApp dira sare erabilienak.

Zalantzarik gabe, Internetek, oro har, eta sare sozialek, zehazki, erraztasunak ematen dizkigute beste pertsona batzuekin harremanetan egoteko. Baliabide horiei esker, lagun eta ezagunekiko distantzia txikiagoa da. Orain, poltsikoan eraman ditzakegu une oro, eta edonoiz eta edonon hitz egin dezakegu haiekin. Gainera, gero eta gehiago dira gure agendako kontaktuak eta sare sozialetako "lagunak", eta aurpegia sekula ikusi ez diogun jende askorekin jardun dezakegu interakzioan.

Horrenbestez, esan dezakegu, sare sozialen erabilera orokortuaren ondorioz, pertsonen arteko harremanen kopurua areagotu egin dela. Nolanahi ere, ez dago hain argi interakzio horien kalitatea ere areagotu den. Aitzitik, badirudi kontrakoa gertatzen ari dela.

Kontaktatzea eta konektatzea ez dira gauza bera

Kontaktatzea "zerbaitekin edo norbaitekin kontaktua izatea" da. Ikusi dugunez, oso erraza da tresna tekniko edo teknologiko egokiak izanez gero.

Bestalde, konektatzea "norbaitekin komunikazio on bat lortzea" da. Hau da, konektatzea komunikatzea da, eta komunikatzea kontaktatzea baino askoz prozesu konplexuago bat da. Kasu horretan, teknologia egokia edukita ere, ez da bermatzen komunikazioa gauzatuko denik.

Komunikazio prozesuan, hainbat elementu aski ezagunek hartzen dute parte. Hauek dira:

  1. Igorlea, prozesuari hasiera ematen dion pertsona.
  2. Mezua, igorleak helarazi nahi duen informazioa.
  3. Hartzailea, mezua jaso behar duen pertsona edo publikoa eta, aldi berean, igorleari mezuak bidaltzen dizkiona.
  4. Kanala, mezua helarazteko bidea.
  5. Kodea edo igorlearen eta hartzailearen arteko hizkuntza.
  6. Testuingurua, komunikaziorako inguruabarren multzoa: lekua eta unea, igorlearen eta hartzailearen kultura, etab.

Izaki sozialak garen aldetik, beste pertsona batzuekin komunikatzea da gizakion behar nagusietako bat. Hala ere, ez da erraza modu eraginkorrean komunikatzea; izan ere, aipatutako sei elementuak baldintza onetan egon behar dute. Gainera, ez da aski hartzaileak mezua jasotzea; horrez gain, ulertu ere egin behar du, eta mezuak harengan eraginen bat izan.

Informazioaren transmisio hutsetik haratago joatea da kontua. Komunikazioak datuak kondentsatu, laburbildu eta testuinguruan jartzea eskatzen du. Gehiegizko informazioa iragazi, ordenatu eta balizko mezu bilakatu behar da hartzailearentzat. Hartzaileak informazioa ulertu behar du, eta igorleak, era berean, hartzailea ulertu.

Dominique Wolton soziologoaren hitzetan, komunikatzeko beharrezkoa da beste pertsona onartzea eta, horretarako, beharrezkoa da igorlearen eta hartzailearen artean harreman bat eraikitzea.

Komunikatzea prozesu konplexu bat da

Konektatzea, harremanetan egotea eta komunikatzea prozesu konplexuak dira, eta gutxienez bi pertsonaren arteko interakzioa eta ulermena eskatzen dute. Nork bere ideiak, sinesmenak eta interpretazioak izan ditzake munduari buruz.

Igorleak ardura handia du komunikazioa eraginkorra izan dadin. Igorleak, bere buruari ez ezik, prozesuko beste bost elementuei eragin diezaieke. Mezua, kanala, kodea eta testuingurua nahi bezala egokitu ditzake komunikazioa arrakastatsua izan dadin.

Hartzaileak igorlearen kontroletik kanpo dauden faktore ugari ditu bere baitan, baina bere zeregina da igorleari entzutea. Hala, prozesuaren gainerako elementuak egokituz joango da, elkarri ahalik eta hoberen ulertzeko.

Komunikazioa aurrez aurrekoa denean, aukera askoz gehiago daude berau eraginkorra izateko; izan ere, gizakiok aurrez aurre komunikatzeko gaude programatuta. Hitzik gabeko mezuek hitzek baino askoz informazio gehiago transmititzen dutelako gertatzen da hori. Gure espresioaren, jarreraren eta ahotsaren bidez –baita hitzik gabeko beste kanal batzuen bidez ere–, hartzaileari hainbat pista ematen dizkiogu nola sentitzen garen ulertzeko, elkarrizketarekin zer-nolako konpromisoa dugun neurtzeko eta helarazi nahi ditugun mezuak argitzen saiatzeko.

Hala, aurrez aurreko komunikazioak ahalmen handia du igortzen dugun informazioa egoki interpretatzeko. Gure gorputzaren seinaleei esker, hobeto konektatzen dugu solaskidearekin, eta interakzioa ere hobea izaten da, bai maila pertsonalean, bai lanean.

Dena den, maiz gertatzen da beste pertsonak gu ez ulertzea. Gure errua izan liteke, ez garelako gai benetan nahi duguna helarazteko, edo beste pertsonaren errua izan liteke, ezin duelako argitu edo ez dakielako argitzen zer ari garen adierazten.

Nolanahi ere, komunikazioak bi alderdien artean sorrarazten duen lotura horretan, maiz gertatzen dira gaizki-ulertuak, gatazkak eta ulertu ezina, eta, ondorioz, harreman hori kaltetu egin daiteke.

WhatsApp-eko gaizki-ulertuak

Komunikazioan gatazkak egoteko aukerak are gehiago dira interakzio fisikorik ez dagoenean. Gutunen, posta elektronikoaren edo sare sozialen bitartez hitz egiten dugunean, igortzen dugun ia informazio guztia hitzak dira. Horrenbestez, hitzik gabeko elementu gehienak galdu egiten dira, eta batzuetan funtsezkoak izan daitezke mezua ulertzeko.

Hitzik gabeko mezuak emotikonoen eta 'sticker'-en bidez osatzen saia gaitezke, baina mezu batean aurpegi irribarretsuak jartzeak ez du esan nahi gure aldartea hori denik. Askoz errazagoa da WhatsApp bidez gezurrak esatea, aurrez aurreko interakzioan baino.

Halaber, errazagoa da solaskideak mezuak gaizki interpretatzea. Solaskidearen aurpegia ikusten ari bagara ere, pantailak ez digu eskaintzen aurrez aurreko topaketek eskaintzen diguten komunikazio aberastasuna.

Hortaz, elkarrizketa mota horietan, igorleak ez du hainbesteko kontrolik mezu, kanal, kode, testuinguru eta hartzailearen gainean. Arrazoi hori dela eta, ohikoagoa da gaizki-ulertuak egotea.

Askoz zailagoa da mezu bat argi idaztea, aurrean dugun norbaiti esatea baino; izan ere, azken kasu horretan, hitzik gabeko hizkuntzak lagundu egiten digu guk nahi duguna helarazten. Gainera, solaskidearen espresioak mezua ulertu duen adierazten digu, edo, aldiz, datu gehiago eman behar dizkiogun edo bestela azaldu behar diogun. Komunikazioa teknologiaren bidezkoa denean, oztopo gehiago egoten dira solaskideen artean, eta kanalaren jariakortasuna hainbat faktorek baldintzatzen dute; hauek, besteak beste: konexioaren abiadura, ekipamenduen kalitatea eta sarearen latentzia.

Bi pertsonek hizkuntza bera erabili arren, ohikoak izaten dira, halaber, kodearen ondoriozko arazoak. Lexiko okerrak, gaizki erabili diren esamoldeek, ortografia akatsek, esapideek edo zuzentzaile automatikoek, besteak beste, helarazi nahi dugun mezua alda dezakete. Emotikonoak ere hainbat modutan interpreta daitezke pertsona bakoitzaren eta erabiltzen ari garen plataformaren arabera.

Testuinguruari dagokionez, solaskideak leku, une eta egoera desberdinetan daudelako gertatu ohi dira, funtsean, komunikazio arazoak, ulermena oztopatzen baitute askotan. Adibidez, baliteke mezuak bilera batean, eskolan edo kafetegi batean gauden bitartean irakurtzea; beraz, kanpo estimuluak ez dira egokienak izango igorlearen asmoa ondo interpretatzeko. Era berean, baliteke mezuak berandu irakurtzea, eta erantzuna, ordurako, alferrik izatea. Ondorioz, areagotu egin daiteke gatazka.

Hartzailea ez badugu fisikoki aurrean, zaila da arretaz entzutea. Beraz, nekez jakingo dugu haren gogo aldartea zein den eta gure mezua nola jasotzen ari den, mezua bera ulermenaren mesedetan egokitzeko. Hitzaldi birtualetan, erraz galtzen da hitzik gabeko informazioa, modu aktiboan entzuteko ezinbestekoa dena. Gainera, errazagoa da erantzunari itxaron bitartean arreta galtzea, hizlariari moztea, behar baino lehenago gaia aldatzea, aldi berean hainbat elkarrizketa izatea eta entzumena oztopatzen duten beste jokabide batzuk izatea.

Informazioaren eta komunikazioaren arteko bereizketa

Finean, komunikazioak igorlearen eta hartzailearen arteko harreman bat eskatzen du, eta, beraz, tentsio eta zailtasun iturri etengabea da. Bi aldeek egin behar dute ahalegina, komunikazioa eraginkorra izango bada. Dena den, halabeharrez gertatuko dira gaizki-ulertuak –eta, ondorioz, gatazkak–, harreman guztietan gertatzen baitira.

Teknologiak ezin ditu saihestu gatazka horiek. Kontaktuak erraztu ditzake, baina ez, ordea, pertsonen arteko konexioak.

Plataforma birtualek ezin dute ordeztu pertsonen arteko aurrez aurreko komunikazioa. Aitzitik, ez baditugu behar bezala erabiltzen, are zailtasun handiagoak izan ditzakegu gainerakoekin harremanak izateko.

Sare sozialen bidezko interakzioa ezin da parekatu komunikazioarekin, eta, hortaz, ezin du ase gizaki garen aldetik gainerakoekin konektatzeko dugun beharra. Aitzitik, informazio eta mezu truke bat dela esan daiteke. Truke horretan, igorlea eta hartzailea beren kontaktuak ugaritzeaz eta gero eta eduki gehiago hedatzeaz arduratzen dira, eta ez, ordea, beste pertsona ezagutzeaz eta harekin harreman bat eraikitzeaz.

Askoz erosoagoa litzateke komunikazioa informazio truke hutsera murriztea. Gailu mugikorrek gu komunikatzeak eskatzen digun arretatik libratzea. Eguna Martak eta haren familiak bezala igaro ahal izatea, inguruan ditugun pertsonei arreta gehiegi eskaini gabe.

Gizakia, ordea, ez da informazioetatik bizi, harremanetatik baizik. Eta ez dago harremanek sortzen dituzten zailtasunak saihesteko lasterbide artifizialik.

The Conversation