euskaraespañol

Hegazkin ontzia, EU Mies Award sarirako hautatua

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/02

Irudia
Jon Muniategiandikoetxea eta Iñigo García Odiaga irakasleak Hegazkin ontziaren aurrean. Argazkia: UPV/EHU

NON: Hegazkin ontzia, Donostiako kaia. NOIZ: 2021eko otsailaren 24a. NORK: Komunikazio Bulegoa UPV/EHU.

Europar Batasuneko Arkitektura Garaikidearen Saria – Mies van der Rohe Sariaren edizio honetan lehiatuko diren 41 herrialdetako 449 lanak ezagutarazi berri dituzte.

Hautatutako eraikinetako bat Hegazkin ontzia izenaz ezagutzen duguna da, Donostiako kaian kokatua. 1943. urtean, Luis Tolosak hormigoi armatuzko egitura bat eraiki zuen mugimendu modernoaren logikei jarraikiz. Pabiloi soil bat da, estalki handi bat besterik ez ia, arrantza ontziek erabilitako zurezko kutxak gordetzeko. Arintasun handiz mehetzen doan estalki hegaldun handi hori zela eta, hegazkin ontzia izena jarri zioten herritarrek eraikinari. 1988. urtean, erabat eraberritu zuten proiektua, eta eraikin berri baten euskarri gisa erabili zuten egitura zaharra.

2019. urtean amaitutako proiektua, EU Mies Award sarirako hautatua, arkeologia ariketa bat bezala planteatu dute. Izan ere, jatorrizko proiektua desitxuratzen dituzten zatiak zabaltzen eta kentzen saiatu dira, eraikinaren protagonismoa, ahal den neurrian, jatorrizko egiturari eta estalki handiari itzuli nahian. VAUMM arkitektoak estudioa arduratu da Hegazkin ontzia eraikina berritzeaz. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Jon Muniategiandikoetxea eta Iñigo García Odiaga irakasleak dira estudio horretako kide.

Europako ehun inguru aditu independentek, arkitektura elkarte nazionalek eta Sariaren Aholku Batzordeak izendatu dituzte EU Mies Award sarian parte hartuko duten lan guztiak. Bi urtean behin emandako sari honek Europako arkitektura garaikiderik onenaren berri emateaz gain, ezagutarazi ere egiten ditu Europako arkitektoen jakintza eta savoir fairea, eta mundu osoan antolatutako erakusketek eta eztabaidek sakondu egiten dute horretan, arkitektura hurbiltzen baitiete herritarrei.

Saileko argazki guztiak Photocampusen.

Negu (berezi) honi buruz zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus