euskaraespañol

UPV/EHUk parte hartzen duteneko proiektuei, Hispania Nostra eta Europa Nostra sariak

Saritutako bi lanak dira Portillako monumentu multzoa eta Añanako Gatz Haranaren lehengoratze integrala

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/01

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroko zuzendari ohia; José Luis Solaun, UPV/EHUko ikertzailea; Igone Martínez de Luna, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua; eta Pedro Durana, Zabalateko Administrazio Batzarreko burua.

Portillako monumentu multzoari eragiteko proiektua eta Añanako Gatz Haranaren lehengoratze integralerako proiektua, bietan Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea parte hartzaile delarik, sarituta irten dira, hurrenez hurren, Hispania Nostra eta Europa Nostra sariekin. Europa Nostra ondare elkarte eta erakundeen federazioak banatzen dituen 22 sarien emateko ekitaldia, 2015, 2016 eta 2017 urteetakoak, Burgoseko San Juan monasterioaren kapitulu gelan burutu zen.

Zanbrana udalerriko (Araba) Zabalateko Monumentu Multzoa lehengoratzeko proiektuak 2016ko Hispania Nostra saria irabazi zuen, lurraldeko edo paisaiako interbentzioaren kategorian. 2013az geroztik, Zanbranako Udalak eta UPV/EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeak zuzentzen dute proiektua. Helburu nagusia da, paisaiaren ezagutzaren ondorioz sortzen diren inplikazio historikoez harago, Euskal Herriko multzo historiko ikusgarrienetako bat lehengoratzea, kultur ibilbideetan ez baitzaio merezi duen lekua eman.

Arrazoi bat baino gehiago dago Zabalateko Monumentu Multzoa lehengoratzeko proiektua abiatzeko. Besteak beste, monumentu multzo hauskorra da, ondare elementu mehatxatua, erortzeko gero eta arrisku handiagoa baitu eta lehenbailehen birgaitu behar baita. Bestalde, balio historiko eta kultural handia du eta mugarria da paisaian, talaia batean kokatua dagoelako eta lurraldearen gainean ikuspegi zabala duelako. Harkaitz malkartsuen artean dagoenez, Txulato mendiaren iparraldeko magalean, kokaleku hau erreferentzia puntutzat hartzen da inguruko haran eta lautadetatik, eta bisitariari espazioa kontrolatzen laguntzen dio bideetako edozeinetatik hara gerturatzen denean. Hain zuzen ere, Zabalate toki aldapatsu eta garaian dagoelako eraiki zen Erdi Aroko gotorleku gisa, eta “Zabalate” edota “Portilla” toponimoetan ere igartzen da hori (“lur irekiranzko sarbidea” esan nahi du).

Epaimahaiak kontuan hartu zuen proiektuaren ondare kudeaketa integrala; izan ere, ondarea baloratzeaz eta arkitektura lanak zehazteaz gain, difusio eta sozializazio jarduerak eta inpaktu ekonomikoa ere aintzat hartzen ditu. Zabalaten difusio jardueren eta herritarren parte hartzearen bidez egindako lanari esker, ondare ondasun hori sozializatu ahal izango da; hau da, kultura garatzeko baliabide sozial bilaka daiteke, eta ahal bada baita ekonomia garatzekoa ere, ekonomikoki atzeratua dagoen Zanbrana landa eremua ahanzturatik ateraz eta indartuz.

 

Europa Nostra saria

Burgosen egindako ekitaldian, era berean, Europa Nostra sariak banatu ziren; 2015eko deialdian, Añanako Gatz Harana (Araba) osorik lehengoratzeko proiektua izan zen saritua.

Gatz Haranak 13 hektarea ditu, eta gatz paisaia paregabea da munduan. Duela gutxiko ikerketa arkeologikoen arabera, haran horretan gutxienez duela 6.700 urtetik ekoitzi izan da gatza etengabe. Gatz Haranak egitura ikusgarria du: harriz, zurez eta buztinez egindako terraza mailakatuak ditu, eta zurezko kanalek ura grabitatez garraiatzen dute iturburuetatik putzuetara. Aipatzekoak dira, gainera, hango gatz biltegiak eta gatz biodibertsitatearen aberastasuna.

Ondare garrantzitsu hori lehengoratzeko proiektua 2000 eta 2004 artean egindako gida plan batekin eta Añanako Gatz Harana Fundazioaren sorrerarekin lotuta dago (2009an sortu zen, eta haranaren jabe bakarra izan da ordutik). Saria emateko, epaimahaiak kontuan hartu zuen proiektuaren dimentsioa; izan ere, ez dio soilik paisaiari eragiten, baizik eta baita haran osoari eta hango biztanleen bizitzari ere, eta antzinako garaietatik duela urte gutxira arte existitu den industria bat lehengoratzea du helburu.