null

Itsas zaborra Bizkaiko golkoan

Ur eta jalkin laginen erdiek mikroplastikoak dauzkate

UPV/EHUren Materialak+Teknologiak ikertaldeak mikroplastikoen presentziari buruz inguru horretan egin diren ikerlan argitaratu guztiak aztertu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/30

Itsas sektoreak eta mikroplastikoen polimero material nagusiak Bizkaiko golkoan (Marine Pollution Bulletin).

‘Marine Pollution Bulletin’ zientzia aldizkariak «Microplastics in the Bay of Biscay: an overview» lana argitaratu berri du. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Materialak+Teknologiak ikertaldeak egin duen artikulu hori da mikroplastikoen presentziari buruz Bizkaiko golkoan egin diren ikerlan guztiak aztertu dituen lehena. Itsas konpartimentu desberdinetan (ura, itsas jalkinak eta biota) lortutako emaitzak hartu ditu barnean, hauteman diren mugak eta ezagutza erronkak nabarmenduta.

Mikroplastikoena ingurumen arazo gero eta kezkagarriagoa da, eta, ikerlan batzuen arabera, Bizkaiko golkoa itsas zaborra pilatzen den eremua da. Argitaratu berri den ikerlanak mikroplastikoen banaketa tenporal eta espaziala aldakorra dela egiaztatu du; aztertzeko hartutako ur eta jalkin laginen erdietan baino gehiagotan hauteman ditu mikroplastikoak.

Bost milimetro baino gutxiagoko plastiko partikula horiek itsasoan eta kostaldean pilatzen dira, produktu eta aplikazio jakin batzuetan erabilitako plastiko material txikiak botatzen direlako (mikroplastiko primarioak) edo objektu handiagoak zatikatzearen ondorioz (mikroplastiko sekundarioak). Itsas ingurunean partikula horietako asko eta asko daudenez, jatorria, presentzia eta giza osasunean eta espezieenean duen eragina aztertzen ari dira.

Jatorriari dagokionez, maizen topatu diren polimeroak polipropilenoa, polietilenoa, poliesterra eta poliestirenoa dira, horiek baitira munduan gehien kontsumitzen diren plastiko materialak. «Aipatu eremuari buruzko ikerketen emaitzetan hainbeste apur eta zuntz agertzearen kausa, nagusiki, tamaina handiagoko objektuak zatikatzea izan daiteke. Hala ere, zaila da ikerlan desberdinak konparatzea, zein bere metodologiarekin egin direlako. Hala, itsas inguruneko mikroplastikoen jarraipena egitera bideratutako metodo estandarizatuak ezartzeko premia agerian jarri da», dioskute ikerlanaren egileek.

 

Informazio osagarria

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren Materialak+Teknologiak ikertaldeak argitaratu duen ikerlanaren egilea Amaia Mendoza da; doktorego tesiaren barnean egin du. Artikuluan kontuan hartu diren ikerketen emaitzak aztertzeaz gain, doktorego tesiak mikroplastikoen presentziaren ezaugarriak zehaztu nahi ditu Gipuzkoako kostaldeko hondartza jakin batzuk kontuan hartuta, baita Kontxa badiako urak ere, Donostiako Aquariumaren instalazioak baliatuta horretarako. Halaber, Aztirekin elkarlanean, plastiko material komertzial batzuen narriadura ikertu da egiazko itsas baldintzetan, baita narriadura horrek zer eragin duen hondakin horien kudeaketan, bildu ostean. Cristina Peñak zuzendutako proiektua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentuaren laguntza izan du.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Amaia Mendoza, Juan Luis Osa, Oihane C. Basurko, Anna Rubio, María Santos, Jesús Gago, François Galgani, Cristina Peña-Rodriguez Microplastics in the Bay of Biscay: An overview Marine Pollution Bulletin. Volume 153, April 2020, 110996 DOI: 10.1016/j.marpolbul.2020.110996