euskaraespañol

UPV/EHUk eta Repsol Fundazioak Ekonomia Zirkularrari buruzko Trantsizio Energetikoaren Gela aurkeztu dute

Euskal Herriko Unibertsitatearen Trantsizio Energetikorako Repsol Fundazioa Gela aurkeztu dute gaur Bilbon, industriaren balio kateko ekonomia zirkularraren azterketara bideratuta

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/28

Irudia
Argazkia: Arantza Hernanz, Guillermo Quindós, Antonio Brufau, Eva Ferreira, Arantxa Tapia, António Calçada eta Rikardo Mínguez. Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorea, Antonio Brufau Repsoleko presidentea eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua bertan zirela, gaur Bizkaia Aretoan egin da gela berri honen aurkezpen ekitaldia jardunaldi baten barruan, non sektore publiko eta pribatuko adituek hondakinen erabilerari eta horiek bigarren mailako balio industrial gisa eraldatzeari buruz eztabaidatu duten.

Rikardo Mínguez UPV/EHUko Adierazpen Grafikoaren eta Ingeniaritza Proiektuen Saileko buruak zuzenduta eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan kokatuta, ekoizpen zikloetan birsortze ereduak hedatzea da gelaren helburua, bai eta ekonomia zirkularraren eta industriaren deskarbonizazioaren eta desmaterializazioaren arteko lotuneak ezartzea ere. Horretarako, gelak zurruntasun akademikoz hedatuko ditu hainbat publiko (unibertsitate komunitatea, enpresak, erakundeak, administrazio publikoak, eta, oro har, herritarrak) ekonomia zirkularrarekin lotutako hainbat lan ildo, arreta berezia jarriz ekodiseinuaren, prozesuaren efizientzia eta berrikuntzaren, energia berriztagarrien, hautabidezko lehengaien erabileraren eta kontsumo-eredu berrien sustapenean.

Errektorearen iritziz, “ekonomia zirkularra eskuetan dugun tresnarik iradokitzaileenetako bat da energia sistemaren egitura aldaketan aurrera egiteko, eta aldaketa horri Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat heldu behar diogu. Euskal Herriko Unibertsitateak maila goreneko ikerketa proiektuak ditu arlo horretan, eta gela hau, Repsol Fundazioarekiko lankidetzaz batera sortzeak, proiektuon garapena sendotu eta indartzeko aukera emango digu. Gainera, Gela. Gainera, Gela unibertsitateak enpresekin eta gure gizarteko ehun produktibo eta sortzailearekin lankidetzan duen konpromisoaren parte da. Dagoeneko 30 sortu ditugu eta laster beste batzuk gehituko dira”.

Repsoleko presidenteak, bere aldetik, adierazi du ezen «Repsolen zirkularitatea ikuspegi bikoitzetik ulertzen dugu, alegia, hondakinak eraginkortasunez erabiltzeko kanal gisa eta deskarbonizazioaren konponbide gisa». Zirkulartasunak mendekotasun energetikoa murrizten nola laguntzen duen ere aipatu du: «Bi plataforma tipologiaren bidez artikulatzen dugu zirkulartasunaren proposamena. Alde batetik, aztarna txikiko erregaiak eta gas berriztagarriak, gure industria unitateen inguruan integratutako zortzi proiektu handi eta banatutako bi proiektu (Biometano Sare Nazionala eta Perseo); eta, beste aldetik, polimero zirkularrak, lehendik dauden industria unitateen inguruan integratutako sei proiekturekin.

Sailburuak, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024ko Plana aipatu du, lehengaien kontsumoan ekonomia eraginkorragoa sustatzeko ibilbide orri gisa, hondakinak murrizteko eta ekoizpen garbia optimizatzeko xedez: «Neur daitezkeen helburuak ezarri ditugu. Gure asmoa da produktibitate materiala % 30 handitzea, material zirkularraren erabilera tasa % 10 handitzea eta hondakinen sorrera tasa % 10 murriztea. Material berrien garapenaren alorreko I+Gz gain, hedatzen ari dira ekoizpen zirkularreko eredu berriak. Ekonomia zirkularrean sinesteak hondakinak balorizatzeko azpiegiturak izatea eskatzen du, eta belaunaldi berriak prestatzea ekoizpen ekonomia deskarbonizatzeko erronka handirako.»  

Industria iraultzaz geroztik nagusi izan den eredu ekonomikoa (produkzio eta kontsumo eredua, «Erauzi, ekoitzi, erabili eta bota», amaitu egin da: jasanezina da baliabide naturalen gehiegizko ustiapena eta gure planetaren degradazioa eta eraldaketa. Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldeak (IPCC) egindako azken txostenaren arabera, oso litekeena da berotze globalak 1.5ºC-ko atalasea gainditzea, eta ondorioak larriak izango dira: muturreko fenomenoak, hala nola bero boladak, desertifikazioa, biodibertsitatearen galera, etab.

Eredu lineal honek, produkzio eta banaketa kate globalizatuekin, euskal industria ataka estuan jartzen du Covid-19aren pandemia edo Ukrainaren inbasioa bezalako egoera kritikoen aurrean.

Ildo horretan, premiazkoa da eredu berri bat ezartzea, 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzen lagunduko duen Europa erresiliente eta klimatikoki neutroa lortzeko bidean aurrera egiteko. Hori da Europako Itun Berdearen espiritua, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko Europako Batzordearen estrategia jasotzen duena. Ekonomia zirkularrak irauli egiten du diseinatzen, ekoizten eta kontsumitzen dugun modua. Ereduak hiru printzipiotan du oinarri: hondakinak eta beste kutsadura iturri batzuk minimizatzea; produktuak eta materialak ahalik eta denbora luzeenean erabiltzea; eta sistema naturalak leheneratzea. Ekonomia zirkularrak tresnak ematen dizkigu trantsizio energetikoari elkarrekin aurre egiteko, eta, aldi berean, heldu egiten die erronka sozial garrantzitsuei.

Testuinguru horretan, Repsol Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2021eko uztailean adostu zuten Trantsizio Energetikoaren Gela sortzea, industriaren balio katearen barruan ekonomia zirkularra ardatz hartuta, Trantsizio Energetikoaren oinarrietako bat.

Gelak antolatzen duen lehendabiziko ekitaldi honen helburua da ekimen berri hau aurkeztea, bai eta zorroztasun akademikoaz egiaztatutako jakintza eragile interesatu guztiei zabaltzea ere: Unibertsitate komunitateari, gune teknologikoei, administrazio publikoei, sektore pribatuari eta hirugarren sektoreari eta, oro har, herritarrei.

Gaurko jardunaldian zehar, ekonomia zirkularraren esparru garrantzitsuenetako bat izan da mintzagai: hondakinak (nekazaritza-oihangintzakoak, plastikoak eta hirikoak) erabiltzea eta balio handiko bigarren mailako material bihurtzea, baliabide naturalen gaineko presioa murriztuz eta materialak kontrolik gabe pilatuz, bizitza erabilgarria amaitu ondoren.

Guillermo Quindós UPV/EHUko Garapen Zientifiko eta Sozialeko eta Transferentziako errektoreordeak eta António Calçada Repsol Fundazioko zuzendari nagusiak gela hau eratzeko jarraitutako bidea deskribatu dute, bai eta helburu eta proiektu nagusiak ere. Ondoren, txosten magistral gisa, Alexander Botok, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoko (IHOBE) zuzendari nagusiak, sakondu egin du Ekonomia Zirkularraren garrantzian eta Euskal Herriko eremu horretan aitzindari izan den posizioan, erakunde publikoak eta enpresak inplikatzen dituen lankidetza-sare garrantzitsu bat garatu dela azpimarratuz.

Azkenik, sektore publiko eta pribatuko adituek ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu dute "Materialak berrerabiltzea industriaren balio katean" izeneko mahai inguruan, hondakinen erabilerari (nekazaritza eta oihangintzakoak, plastikoak eta hirikoak) eta balio handiko bigarren mailako materialetan eraldatzeari buruz eztabaidatu dutelarik.