euskaraespañol

Prestakuntza Dualari buruzko I. Nazioarteko Kongresua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/29

Irudia

Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, goi mailako heziketako erakundeak ikaslearen irakaskuntza eta ikasketa prozesua berritzera behartuta daude, besteak beste, etorkizuneko profesionalen laneratzea hobetzeko. Erronka horri erantzuteko, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) aitzindaria da prestakuntza dualaren aldeko apustua egitean. Haren arabera, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak unibertsitatean eta enpresan betetzen dira, modu koordinatuan eta txandaka, ikasleek egonaldi luzeagoak edo laburragoak eginez batean eta bestean.

Gero eta finkatuagoa eta hedatuagoa den irakaskuntza eredu berri honi buruz hausnartu eta eztabaidatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak eta IMH - Fabrikazioaren Zentro Aurreratuak (UPV/EHUra atxikitako zentroa), Lleidako Unibertsitatearekin lankidetzan, eta Uda Ikastaroen esparruan, prestakuntza dualari buruzko lehenbiziko nazioarteko kongresua antolatu dute, izenburu honekin: “Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Unibertsitate Eremuan”. Kongresua ekainaren 17an izango da, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko auditoriumean, Donostian, eta bertan, Europako bi erakunderen arrakasta kasuen berri emango da: FORMASUP Nord Pas de Calais (Frantzia) eta Duale Hochschule Baden-Württemberg Mosbach (DHBW), Alemanian. Halaber, Prestakuntza Dualean parte hartu duten enpresa eta ikasleen esperientziak ezagutzeko aukera egongo da. Irekiera ekitaldian, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Cristina Uriartek hartuko dute parte.

 “Kongresuaren bidez prestakuntza eredu honen inguruan sortu den ezagutza emari handiaren balioa azpimarratu nahi da, baita horren etorkizuneko garapena baldintzatuko duten erronka handiei buruz eztabaidatu ere”, nabarmendu du UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde eta ekitaldiaren zuzendarikide Agustín Erkiziak.

Datorren ikasturtean, ikasturte honetan eskaini diren graduko lau titulazio dualei (Automobilgintzaren Ingeniaritza; Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzaren Ingeniaritza; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Gipuzkoako Campusa) eta Lan Harreman eta Giza Baliabideak), berri hauek gehituko zaizkie: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Bizkaiko Campusa), Ingeniaritza Zibila eta Ingeniaritza Elektrikoa (biak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola).