euskaraespañol

XX. mendeko eraikuntza-materialetako kalte kimiko eta biologikoak analizatzeko protokoloa

Ingurumenak eraikuntzako harrizko material berrien narriaduran zer eragin duen aztertu dute UPV/EHUn, teknika espektroskopikoak erabiliz

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/26

Irudia
Iratxe Ibarrondo doktorea bereizmen handiko teknika espektroskopiko eramangarriak erabiltzen, ingurumenak eta inguruneko kondizio biologikoek XX. mendeko eraikuntza-materialetan zer eragin duten aztertzeko (Iratxe Ibarrondo / UPV/EHU).

Eraikuntza-material sintetikoetan aurkitutako kalteak eta haien jatorria xehetasunez azaldu dute UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeko ikertzaileek. Teknika espektroskopiko eramangarriak eta bereizmen handikoak erabili dituzte, ingurumenak eta kondizio biologikoek zer eragin duten aztertzeko. Emaitzek erakutsi dute likenek funtzio aktiboa dutela narriadura-prozesuetan, eta, horretan oinarrituta, kutsadura-maila neurtzeko metodo berri bat garatu dute

UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldearen ikerketa-jardueretan ohikoa da diziplina anitzeko ikuspegia. Taldearen lan-arloetako bat da historia- eta kultura-ondarearen diagnostikoa egitea eta zaharberritzea, eta, horretarako, teknika analitiko espektroskopikoez baliatzen dira. Taldearen ikerketa, orain arte, batez ere eraikin historikoetan zentratu bada ere, XX. mendeko eraikinetako material sintetikoen narriaduraren jatorria eta narriadura-motak aztertzen hasi dira.

Eraikuntzako material berriak material sintetikoz osatuta daude batez ere, hormigoiz, hormigoi armatuz, morteroz eta adreiluz, eta, obrak amaitutakoan, ingurumenaren mende geratzen dira zuzenean materialok; ingurunean egon litezkeen narriadura-agenteek, hala nola atmosferan dauden gas azidoek, infiltrazio-urek eta likenek, besteak beste, kalte fisiko, kimiko eta biologikoak eragiten dizkiete. “Agerikoa da ingurumena, atmosfera eta ingurumen-urak geroz eta kutsatuago daudela —adierazi du Iratxe Ibarrondo ikertzaileak—, eta jakin nahi izan dugu zer eragin duten eta nolako konposatu-motak sortzen diren kutsadurak eragindako eragile kimikoen eta materialen artean gertatzen diren erreakzio kimikoen ondorioz”.

IBeA ikerketa-taldean erabiltzen dituzten bereizmen handiko analisi-teknika espektroskopikoak funtsezkoak dira harrizko materialen jatorriko konposatuen zein narriadura-prozesuen ondorioz sortutako konposatuen karakterizazioa egiteko. Eraikinetan in situ egindako Raman analisiek aukera eman dute teknika hori protokolo gisa proposatzeko, birgaitzen eta eraberritzen ari diren XX. mendeko eraikinetan zer ingurumen-kalte motak eragiten duten diagnostikatzeko. Gainera, laborategian, bereizmen handiagoarekin egindako analisien bidez, xehetasun handiagoz azaldu dute nola sortu diren eta zer kalte-mota aurkitu duten eraikuntza-material berrietan. “Narriadura-konposatu desberdin asko identifikatu ditugu, teknika espektroskopikoen bidez”, dio ikerketaren egileak.

Likenen pigmentuen bidez ingurumeneko kutsadura-maila neurtzeko metodoa

Bestalde, “aztertu dugu likenek edo eragile biologikoek zer-nolako eragina izan dezaketen materialetan; nolako erreakzioak gertatzen diren haien erruz edo haien presentzian, eta, ondoren, nolako kalteak ikus daitezkeen materialetan. Izan ere, halako materialak, askotan, oso hondatuta egoten dira, eta narriadura-arazo larriak izaten dituzte”, dio Ibarrondok. Hala, berretsi ahal izan dute likenek aktiboki hartzen dutela parte bionarriadura-prozesuetan: hauteman dute atmosferako hainbat partikula-mota hartzen dituztela, beren metabolismoan sartzen dituztela eta biomineral berriak sintetizatzen dituztela (jatorrizko harrizko substratuan ez zeuden mineralak).

Azkenik, ingurumeneko kutsadura-maila neurtzeko metodo berri bat garatu dute likenen pigmentu karotenoideak baliatuz. “Ikusi dugu likenak oso erresistenteak direla ingurune kutsatuetan, eta, gainera, kutsadura-maila igotzen denean sintetizatzen dituzten karotenoideak aldatu egiten direla eta oxidatuagoak bilakatzen direla”, azaldu du Ibarrondo doktoreak.

Ikertzailearen iritziz, “ikerketa honek bide berriak zabaldu ditu, batez ere, eragile biologikoekin lotuta. Hobeto eta sakonago azter daitezke, eta ezin dira alde batera utzi inondik inora, eragiten dituzten kalteak nabarmenak baitira”. Ikerketa-taldeak zenbait arkitektorekin jardun izan du lankidetzan, eta “ikusi dugu posible dela elkarlan hori ezartzea, eta protokolo moduan ezartzea”. Ibarrondok espero du, kasuan kasu, obra baten proiektua egitean, inguruneak materialen gain izango duen eraginaren inguruan aholkatzeko aukera zabaltzea: “Eraikitzaileek ikusten dute materialek zer narriadura duten materialek, baina kimikari analitikoek zehaztasun handiagoz ebatz dezakegu arazoa. Hori, nolanahi ere, hurrengo pausoa litzateke; ez da oraingo egoera”.

Informazio osagarria

Ikerketa Iratxe Ibarrondo Armendia doktoreak egin du UPV/EHUko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldean, Juan Manuel Madariaga Mota katedradunaren eta Irantzu Martínez Arkarazo irakasle titularraren zuzendaritzapean, eta Diziplinarteko estrategia zientifikoak ondarean eta paisaian (DEZOP) doktorego-programaren barnean.

Erreferentzia bibliografikoa