euskaraespañol

‘Terapia génica’ liburua argitaratu da

Idazlan hau Ana del Pozo Rodríguez, Alicia Rodríguez Gascón eta María Ángeles Solinís Aspiazu Farmaziako irakasleek egin dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/21

Irudia
Del Pozo, Solinis eta Rodríguez egileak. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Editorial Síntesis argitaletxeak, Manuales de Genética bildumaren barruan, ‘Terapia génica’ liburua argitaratu du berriki, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Farmazia Fakultateko Ana del Pozo Rodríguez, Alicia Rodríguez Gascón eta María Ángeles Solinís Aspiazu irakasleek ondua. Gene terapiari buruzko eskuliburu zabal bat da, eta oso ulerterraza; gainera, molekula eta genetika arloko oinarriak eta alderdi kliniko xeheago batzuk lantzen ditu eta, ondorioz, interesgarria da arlo horri lotutako askotariko diziplinetako ikasle, irakasle eta espezialistentzat.

Gene terapia terapia aurreratuen multzoan kokatzen da, eta irauli egin du gaitz askoren tratamenduari aurre egiteko era, egun tratamendu eraginkorrik ez duten patologiak sendatzeko modua ere emanez.

Liburuak medikuntzaren adar berri honen askotariko alderdiak berrikusten ditu. Hasiera batean, gene terapiari buruzko oinarriak biltzen dira, kontzeptua eta terapia motak aztertuz, baita etika eta lege arloko alderdiak ere. Gerora, terapia helburuetarako material genetikoa sartzeko askotariko sistemei eta emate bideei buruz sakontzen du. Bukatzeko, agentzia araugileek jada onartutako hainbat produkturen bidez gaitz zehatzei aplikatutako gene terapiaren askotariko estrategien berri azaltzen du xeheki, estrategia horietako asko artean ebaluazio klinikoan badaude ere.

Idazlana, UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailaren Farmazia eta Farmazia Teknologia arloko irakasleek idatzia, osasun zientziei eta biomedikuntzari lotutako diziplinetako ikasleei zein irakasle eta espezialistei zuzentzen zaie. Editorial Síntesis 100etik 6. postuan dago CSIC 2018ko argitaletxeen ospearen SPI Rankingean, Zientzia, Teknologia eta Medikuntza kategorian.