euskaraespañol

Gaurko irudia

Geografia kalean bertan ikasten

Herbehereetako Radboud Unibertsitateko ehun bat ikasle Bilbon ari dira landa lanak egiten, UPV/EHUko ikasleen laguntzaz

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/24

Chris-Jan eta Silke, Haritzi (ezkerrean) elkarrizketa egiten. Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Radboud Unibertsitateko (Herbehereak) Geografia, Hirigintza eta Ingurumeneko Graduko Fieldwork ikasgaiko ikasleek ikerketa lan bat egin behar dute beren jatorrizko herrialdeaz bestelako testuinguru geografiko batean. Aurten, Bilbo aukeratu zuten.

Hori dela eta, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailarekin harremanetan jarri ziren, egonaldiaren antolaketarekin eta ikergaien proposamenarekin lagun ziezaieten. “Iruditu zitzaigun gure ikasleentzat eta Bilboko hiriarentzat onuragarria izango zela proiektua, eta onartu egin genuen”, azaldu du Itziar Aguado Letren Fakultateko irakasleak. Erasmus etxean izena eman diote proiektuari, eta bertan parte hartuko duten bi taldeetako lehenak –91 ikaslek osatzen dute– joan den astean egin zuen egonaldia.

Zergatik aukeratu zuten Bilbo? “1992tik aurrera, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gobernu Zentralak erabaki zuten lehentasuna ematea hiri berrikuntzari eta garraio azpiegitura batzuen hobekuntzari (aireportua, metroa...), jarduera ekonomikorako (Parke Teknologikoa) eta kulturarako (Guggenheim Museoa, Euskalduna Kongresu Jauregia). Ekonomia eta hiria berritzeko prozesu hori Europako eta Amerikako beste metropoli batzuetan gertatu da, eta ingurune geografiko bakoitzean berariazkoa da. Prozesu horrek erakarri ditu, bada, Herbehereetako Radboud Unibertsitateko ikasle eta irakasleak”, Conchi Torres UPV/EHUko Giza Geografiako irakasleak eta proiektuaren anfitrioietako batek azaldu duenez. “Bere dimentsioak, populazioari zein azalerari dagozkionak, direla eta, aztertzeko hiri apropos bat da”, Itziar Aguadok gaineratu duenez.

Beraz, bigarren mailako 91 ikasleek, 15 taldetan antolatuta eta bakoitza Geografia eta Lurralde Antolamenduko edo Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasle batek lagunduta, Bilbon ekin zioten beren ikerlanei. Besteak beste, jasangarritasunarekin, tokiko kulturarekin, hirigintzarekin eta globalizazioarekin lotuta daude lanok. Sei elkarrizketa prestatu eta egin behar izan zituzten, bai eta ondorioak atera eta horiek Bizkaia Aretoan egindako azken saio batean azaldu ere.

Conchi Torres: «Europar Batasunean proiektu komun batean laguntzeko gai izateak zentzua ematen dio horri»

“Lau egun egon naiz haiekin. Beren ikerlanerako elkarrizketak egin ditugu, eta, batzuetan, itzultzaile lanak egin behar izan ditut. Baina, itzultzeaz gain, laguntza ere eman diet, elkarrizketatzeko jendea bilatu diet eta Euskal Herria eta bertako kultura, ingurunea eta gizartea nolakoak diren erakutsi diet. Aukera ona izan da haientzat eta niretzat”, adierazi du Eneko Agirresarobe Geografia eta Lurralde Antolaketako hirugarren mailako ikasleak. Tutoretzapean zuen taldea sei ikaslek osatzen zuten, eta jorratu behar zuten gaia zen Airbnb konpainiaren ostatuen eskaintza eta zerbitzu horren kontsumoaren gorakadaren abantailak eta desabantailak, adibidez, Bilboko turismo sektorearen igoerarekin eta gune turistikoenetan (hala nola alde zaharrean) alokairuak garestitzearekin lotuta.

“Ikertzeko, bisitatzeko eta jende askorekin hitz egiteko denbora izan genuen, eta Airbnb-ren eskaintzari buruzko ideia asko lortu genituen. Bilbon barrena ere ibili ginen, hiriaren alderdirik esanguratsuenak ikusten”, azaldu du Rensek, Herbehereetako ikasleetako batek. Michielek, beste ikasle batek, Enekoren laguntza eskertu zuen eta azpimarratu zuen “oso atsegina” izan zela. Bere hitzetan: “Enekok asko lagundu zigun. Hizkuntzarekin ez ezik, bertako gida edo ibilbideekin ere lagundu zigun eta Euskal Herriari buruz gehiago erakutsi zigun”.

Eskaera handiko karrera bat

Esperientzia aberasgarria izan da, ez bakarrik Herbehereetako ikasleentzat, baita ekimenean parte hartu duten pertsona guztientzat ere. Horrela, Itziar Aguadok honako hau nabarmendu du: “Radboud Unibertsitateko gure lankideek nola lan egiten duten ikusteko aukera eman digu. Ikusi dugu Herbehereetan geografia oso baloratuta dagoela, eskaera handiko karrera bat dela eta enplegagarritasun maila handia duela; izan ere, ulertzen dute oso garrantzitsua dela lurralde diagnostiko on bat egitea, bai alderdi fisikoetan, bai giza alderdietan, jasangarritasunarekin, globalizazioarekin, klima aldaketarekin, aldaketa geopolitikoekin, aldaketa demografikoekin eta abarrekin lotutako etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Irakasleak, gainera, Bilboko Udalaren, BBKunaren eta UPV/EHUren beraren babesa azpimarratu du. Baina berak eta Conchi Torresek batez ere ikasleengan izandako eragina nabarmendu dute: “Oso pozik nago gure ikasleak buru-belarri aritu direlako proiektuan lanean eta oso motibatuta egon direlako”, esan du azken horrek. “Gure ikasleek zeharkako gaitasunak landu dituzte batik bat, taldean nola lan egiten den ikusi dute, ikerketa zientifikoa nola garatzen den, hizkuntza gaitasunak landu dituzte, etab. Baina, agian, garrantzitsuena pertsonen arteko harremanetarako gaitasunak garatzea izan da”, adierazi du Itziar Aguadok. “Europar Batasunean proiektu komun batean laguntzeko gai izateak zentzua ematen dio horri”, azpimarratu du Conchi Torresek.

Simone Haarbosch: «Zein motatako profesionalak izango diren gorabehera, beren karreren gainerakoan lagunduko dieten trebetasunak ikasi dituzte»

Herbehereetako ikasleei dagokienez, Itziar Aguadok honako hau adierazi du: “Herbehereetako ikasleek batez ere ikasi dute zein garrantzitsua den tokiko testuingurua eta lurralde bakoitzaren idiosinkrasia ulertzea, eskualde bakoitzean gertatzen diren prozesu sozioekonomikoak ulertzeko”. Simone Haarboschen, Radboud Unibertsitateko irakasleetako baten, iritziz: “Gure ikasleek lortu duten trebetasunik garrantzitsuena da inkestatuei entzutea. Elkarrizketatzea galderak egitea baino askoz gehiago da. Hemen, Bilbon, beren galderek benetako elkarrizketen agertokietan nola funtzionatzen zuten esperimentatu behar izan zuten, gogoeta egin zuten ongi atera zenari buruz eta hobetu zitekeenari buruz, gogoeta horiek berehala aplikatzeko ondorengo elkarrizketa batean. Zein motatako profesionalak izango diren gorabehera, beren karreren gainerakoan lagunduko dieten trebetasunak ikasi dituzte”.

Eta Eneko Agirresarobek argi dauka, horrelako proiektuetan parte hartzea edonork baliatu beharreko aukera bat da: “Normala da segurtasunik eza edo zalantza sentitzea, batez ere ingelesezko komunikazioagatik, baina merezi du, benetan. Niri ingelesarekin konfiantza hartzen lagundu dit, baita jende berria ezagutzen ere, haiekin eta haiengandik ikasteko”.

Radboud Unibertsitateko Geografiako bigarren mailako 102 ikasleko bigarren talde batek proiektu berriak garatuko ditu Bilbon maiatzaren 9tik 14ra, eta UPV/EHUko ikasleek berriz ere ikasteko prozesuaren erdigunean egoteko aukera izango dute.