null

Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasle ohia eta zaharberritzailea

Ramón Ayerza: «Zumarragako Antioko tenplua izugarri berezia da gaur egun»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/29

Ramon Ayerza Eureka Zientzia Museoan dagoen Antioko maketaren ondoan. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Ramón Ayerza Elizarain UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko marrazketa irakasle izan zen, eta, aldi berean, zaharberritzaile aritu zen. Gipuzkoako tenplu garrantzitsuak zaharberritu ditu, baita Legazpiko dorretxea, Donostiako San Telmo komentua eta Motako gaztelua eta Igartubeiti baserria ere, beste monumentu askoren artean. Orain, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak haren Iglesias de madera en Gipuzkoa lana argitaratu berri du.

Ramón Ayerza Elizarain UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko marrazketa irakasle izan zen, eta, aldi berean, zaharberritzaile aritu zen. Gipuzkoako tenplu garrantzitsuak zaharberritu ditu, baita Legazpiko dorretxea, Donostiako San Telmo komentua eta Motako gaztelua eta Igartubeiti baserria ere, beste monumentu askoren artean. Orain, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak haren Iglesias de madera en Gipuzkoa lana argitaratu berri du.

Liburuaren aurkezpenean azaldu zenuenez, gaiak aukeratu zintuen zuk, ez zuk gaia, familiarekin batera Ezkioko San Migel bisitatzen ari zinela. Nola gertatu zen?

Liburuaren aurkezpenean kontatutako pasadizoa halaxe gertatu zen. San Pedro eguneko goizean gertatu zen. Familiako ezagun batzuk tematu ziren Ezkioko parrokiaren estalkia ikusi behar nuela, egoera txarrean omen zegoela eta. Nago pentsatzen zutela obrak egiteko dirulaguntzaren bat lortuko zutela horrekin, baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen. Eta harrituta geratu nintzen, gangen gaineko espazioa estaltzen zuen egurrezko egiturak antza handia zuelako Zumarragako Antioko tenpluaren estalki aski ezagunarekin (menditik joanda ikus daitekeena). Eta testuan esan bezala, «orduantxe hasi zen dena».

Egia da oso aspalditik dudala lotura eliza horiekin. Ama Ezkiokoa zen. Lehen jaunartzea Francisca Bereciarturekin batera egin zuen, Igartubeiti baserriaren azken jabearekin, eta 85 bost urte geroago, baserri horixe bera zaharberritu nuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz. Bost urte beteta ez nituela, amaren eta lehengusina Isabelen eskutik, Antiora igo nintzen Santa Isabel festetan. Bertan ikusi nituen presbiterioko ohol ganga bikainak. Inork ez zuen susmatu azkenean eraitsi egingo zituztela! Umetan jada, ohiz kanpoko eraikuntza hark harrituta utzi ninduen, eta, batez ere, dibertigarria iruditu zitzaidan. Barrez beteta daude oroitzapen haiek. Gero, askoz geroago, Alberto Santanak zuzendutako ikerketa taldeko kide izateko zortea izan nuen, eta foru aldundietako kultura sailen aginduz, Autonomia Erkidegoko egurrezko eraikuntzak aztertu genituen. Ikus daitekeenez, bidea egina zegoen jada, eta Areriako egurrezko parrokietara eta tesi horretara eraman ninduen.

Testuak Zumarragako Antioko tenplua azpimarratzen du batik bat. Interesgarriena al da? Zergatik?

Zumarragako Antioko tenplua izugarri berezia da gaur egun. Eraiki zenean, esangura handiko tenplua izan zen, baina ez zen batere berezia; alderantziz, probintziako parrokien eredu orokorrari jarraitzen zion. Ospea izan zuen galbide. Petri I.a tronutik kendu zuen gerra zibilean, Lazkanoko jaunak Henrike usurpatzailearen alde egin zuen, eta azken hori, behin zorrak ordainduta, «Mesedeetakoa» ezizenez ezagutu zen. Beste hobari batzuen artean, Lazkanok Antioko elizaren eta bertako errenten nagusi izatea eskatu zuen. Zumarragako biztanleak luze saiatu ziren bizkarroi haiez libratzen. Azkenean, handik alde egin, eta parrokia berria fundatu zuten beste leku batean (hobeto komunikatutakoa). Gaur egun, bertan dago oraindik ere. Antioko eliza herrixkaren kokapen zaharrean geratu zen. Degradatu egin zuten, baseliza bihurtuz, eta seguru eraitsiko zutela. Orduan, «Antioko miraria» gertatu zen. Bizilagunetako batzuk arrakastaz antolatu, eta eraistea ekidin zuten. Alabaina, ezin izan zituzten fabrikak ohi bezala zaharberritzeko funts nahikoak eskuratu, eta mantentzeko adina baino ez zuten lortu. Hori horrela, Antioko elizak izotzetan jelatutako mamutek bezala eman ditu urteak, eta jatorrizko egoeran kontserbatu da. Horixe da, hain zuzen, tenpluaren berezitasuna: bere horretan mantentzen duela kasik duela bost mende zuen itxura.

Antioko elizak hasierako egoera mantendu du denboran zehar

Urretxuko eraikina Antiokoa bezain interesgarria da. Urretxu eskualdeko errege herri bakarra da, eta Zumarragaren parean dago, Urola ibaiaren beste ertzean. XVI. mendearen hasieran, bertako tenplua Zumarragakoaren ia berdina zen; eraikuntza mota berekoa zen eta dimentsio berak zituen. XVI. mendearen erdialdea igarota, Zumarragan parrokia berria eraikitzeari ekin zioten, erabat harrizkoa, Urretxukoen muturren aurrean. Urretxukoei ez zitzaien batere gustatu, eta Juan de Lizarazu arkitekto ospetsu eta bizilagun saiatuari agindu zioten zerbait ikusgarria egiteko, edozer zela ere. Ez zioten diru askorik eman, ez zeukatelako; baina, trukean, proposamenak egiteko askatasun handia izan zuen. Lizarazuk, aukera aprobetxatu, eta proposatu zuen Florentziako tenplu errenazentisten gangak imitatzen zituen egur oholezko barne estaldura eraikitzea. Gero, barnealde hura zuriz margotuko zuten, marmol landuarena egiteko, eta tutti contenti. Eta halaxe egin zuten. Arotzeria lanak denbora askoz gutxiagoan egiten direnez, Urretxuko barruti hura izan zen ganga formako barnealde errenazentista zeukan lehenbizikoa penintsularen iparralde osoan. Arazoa, baina, amarrua izan zen. Izan ere, lanak ez zion diseinu eta estilo asmo bati erantzuten. Harropuzkeria hutsa zen, ez zuten Zumarragakoak baino gutxiago izan nahi, eta agerikoa zen egurrezkoa zela.

Nahiz eta meritu bikainak eta nabarmenak egin, ez zuten Lizarazuren lana balioetsi. Eta nago oraindik ere ez dutela balioesten. Ikusi dudanez, Iruñeko Gotzain Artxiboan hura eraisteko hiru lizentzia eskakizun daude gutxienez. Zorionez, kasu honetan, gotzainek erabaki egokia hartu zuten, eta ez zieten bizilagun tematiei men egin.

Edonola ere, zure liburuan, Zumarragako, Ezkioko, Itsasoko eta Astigarretako parrokiak eta Oraako baseliza aztertu dituzu, ordena horretan. Lehenbiziko bien gainean duzun interesa azaldu didazu dagoeneko. Baina zer lotura dute beste lauek bi horiekin? Zergatik lotzen dituzu?

Amaieratik hasiko naiz: historia komuna dutelako eta garai, eredu eta teknika beretan eraiki zirelako lotzen ditut. Oraintxe aipatu dugu parrokiak eraikitzeko arrazoi nagusietako bat dela aldamenekoen aurrean harro ibiltzea. Ondorioz, ez dira beharrezkoak direnean eraikitzen zehazki, baizik eta horretarako dirua dagoenean. XV. mendearen erdialdean, ahaide nagusiak militarki garaitzean, Gipuzkoak inoiz ez bezalako aro oparo eta itxaropentsua izan zuen. Horri lagundu zioten, halaber, itsasoz bestelako aurkikuntzek eta kaparetasun unibertsalaren estatutuak. Poz handiak erlijio tenpluen multzo osoa berritzea ekarri zuen, eta gaur egun oso zaila da hortik aurreko zerbait aurkitzea. Hizpide ditugun tenpluak ere garai hartan eraiki ziren. Horregatik, eraikinek alderdi asko partekatzen dituzte. Guztiak dira Erdi Aro berantiarrekoak eta isabeldarrak, estilo kontuak ez baitira inoiz arazo izan. Arrazoi horregatik ere, eraikuntza teknika berak erabili ziren, artisau berek altxatu baitzituzten –denak ere profesional bikainak–. Ondo legoke gure egungo kudeatzaileak haien aurrekoak bezain zuhurrak eta zuzenak izatea, alderdi horretan eta beste batzuetan.

Baina tenplu horiek gaur egun ez dute antz handirik, eta garai desberdinetakoak ere badirudite. Ziur al zaude guztiak Erdi Aro berantiarrean eraiki zirela, garaikideak izan zirela eta ia guztiz egurrezkoak zirela? Zer interes kultural dute?

XVI. mendearen hasieran, tenplu horiek guztiak parekoak ziren. Guztiak ziren egurrezkoak, eta zerbitzu ematen zieten auzoen baliabide ekonomikoen araberako tamaina zuten, baina gainontzekoan parekoak ziren. Gero, eraikinak, pertsonak bezala, nagusitu egiten dira, eta bakoitzak bere bizitza egiten du. Aztertzen ari garen kasuan, ibilbideak paralelo samarrak dira, baina desberdinak. Antioko tenpluak baino ez zuen mantendu egitura isabeldarra. Izan ere, degradatu eta baseliza bihurtzean, izotzetan harrapatuta bezala geratu zen. Urretxu haren eredu errenazentista erabat irudimentsuan mamitu zen. Ezkiok eta Itsasok beren zikloa bete zuten, barrokora iritsi arte. Ezkion, baliabide gehiagorekin garatu zuten ibilbidea, eta irudimen eta freskotasun handiagoz, aldiz, Itsason. Astigarreta komunitate txikiena da, eta, beraz, pobreena. Neoklasikora arte ez zuten harriz estali. Baina, ordainetan eta zorionez, Pedro Ugartemendia maisua arduratu zen –hark berreraiki zuen ere Donostia, bere askatzaileek eragindako sutearen ondoren. Hortaz, gaur egun desberdinak dirudite, baina ikusi beharko litzateke zer punturaino den hori horrela.

Egurrezko tenplu horien eredua bilatzean, ikerketa honetako sorpresa handienetako bat hartu genuen. Basiliken egiturari zorrozki jarraitzen diote guztiek. Vitruviok, haren tratatu ospetsuaren bosgarren liburukian, erromatar basilika azaldu zuen, eta Antioko elizaren barnealdearen deskribapen nahiko zehatza da. Argi dago ezin dugula esan lotura zuzena eta berehalakoa denik, baina ez dugu zalantzan jarri behar zerikusirik badagoela.

Azkenik, dakizunez, geometria da arkitekturaren sakoneko lengoaia. Ez dut uste interesezko arkitekturarik sor daitekeenik geometria kontuan hartu gabe. Bada, tenplu horiek guztiek proportzio kode berari jarraitzen diote, eta, hala, oinplanoaren proportzioa zeharkako sekzioan errepikatzen da. Tenplu handietan, hau da, Zumarragan, Urretxun eta Ezkion, proportzioa urrezkoa da; aldiz, txikietan, hau da, Itsason eta Astigarretan, biren erroa. Oraakoa, baseliza xumea den heinean, ez da horren zorrotza, eta karratuak gehitzeko proportzioarekin konformatzen da.

Ikerketa historikoa eta arkitektonikoa egiteaz gain, arkitekto zaharberritzailea ere bazara. Nola egiten duzu? Bereziki pozik geratu zara lanen batekin?

Ba oso ongi moldatzen naiz. Zortea izan dut, eta probintziako eraikin esanguratsuenetako batzuk zaharberritzeko agindu didate, hala nola Getariako eta Hondarribiko parrokiak eta Donostiako Santa Teresa eta Santa Maria. Alabaina, lan xumeenetako batzuk gordetzen ditut bereziki bihotzean, horren garrantzitsuak ez diren eraikin txikiagoak, alegia, eta, agian, horregatik, arreta eta maitasun gehien behar dutenak. Igartubeiti baserria aztertzeko, desmuntatzeko eta muntatzeko lana izan zen horietako bat. Hura ere XVI. mendekoa da. Gogoratu behar dugu baserriaren zeharkako sekzioak Antioko eta Urretxuko tenpluen forma, bilbadura banaketa eta tamaina berak dituela –beheko solairuaren altuera izan ezik–.

Irakastea sekulako esperientzia da

Astigarretako parrokiaren birgaikuntzak ere oroitzapen oso bereziak dakarzkit. Hara iritsi ginenean, parrokiak sei eliztar baino ez zituen, eta gotzaindegiak onartua zuen desakralizatu behar zela eta narriatzen utzi. Baina hura ere egurrezko tenplu isabeldarra zen, multzoa biribiltzen zuen, eta besteen historia ulertzen eta osatzen laguntzen zigun. Gainera, bene-benetan ikertzekoa eta kontuan hartzekoa da Urgartemendiak XIX. mendearen hasieran bertan egindako lana tenplua probintziako arkitektura neoklasikoan integratzeko. Zortea izan genuen, eta zenbait bizilagun gogotsuk bat egin zuten ekimenarekin. Guztion artean, gure ordainsarien zati bati uko eginez, osorik zaharberritu genuen. Orduan, bururatu zitzaidan leku bikaina zela ezkontza intimistak egiteko, baina oraindik ez omen da bat ere egin. Orain, nire buruari galdetzen diot ahalegin eta gogo haiek zerbaitetarako balio zuten, edo amaiera ekidinezina atzeratu baino ez genuen egin.

Marrazketa irakasle ere izan zara UPV/EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan. Ba al duzu esatekorik horri buruz? Lan pozgarria izan al zen?

Urteek grina desagerrarazten dute, eta, atzera begiratuz gero, argi daukat marrazketaren bidez garatu nuela arkitekturarekin dudan lotura. Aitak marrazten irakatsi zidan umetan, eta erraztasun hori lagun izan dut bizitza osoan. Marrazketa eskolak eman ditut Bartzelonako eta Donostiako arkitekturako goi eskoletan. Eskolak emateak gazte mantentzen lagundu dit, ikasle gazteekin harremanetan nengoelako. Ikasleetako batzuek irakasten nienaren gaineko interesa zutenean, sentsazioa zoragarria zen, eta ohartzen nintzenean irakatsitakoa baliagarria zitzaiela eta irakatsitakoarekin ikasten ari zirela, sekulako asebetetzea sentitzen nuen. Ez dut uste horrekin konpara daitekeen esperientzia asko dagoenik.