euskaraespañol

Santa Maria Katedrala proiektua, Europako Ondare Arkeologikoaren 2019ko Sariaren irabazle

UPV/EHUko irakasle Agustín Azkaratek jaso du Europako Arkeologoen Elkarteak ematen duen saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/05

Irudia

Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala proiektuak ‘Open for works’, ‘2019ko Ondare Arkitektonikoaren Europako Saria’ irabazi du. Europako Arkeologoen Elkarte prestigiotsuak (EAA) banatzen du urtero saria. Banakako kategoriakoa berriz, Osman Kavala turkiar filantropoak eta ondarearen babesleak jaso du.

Sariak Bernan (Suitzan), EAAren Urteroko Batzar Orokorrean, eman ziren. Bertan Agustin Azkarate, Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko zuzendaria eta Kultura Paisaiei eta Ondareari buruzko Unesko katedraduna; Leandro Cámara, Catedral Santa María fundazioaren zuzendaria; Ramiro González Vicente, Arabako diputatu nagusia; Joxean Muñoz, Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; eta Mikel Xabier Aizpuru Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria izan dira.

EAAren ustez, aurtengo sarituek “lan handia egin dute gure ondarearen hezkuntza eta gizarte balioak sustatzeko”. Sariaren zuzendari Franco Nicolisek honako hau adierazi du: "Saritutako lanek argi eta garbi erakutsi dute ondarea kudeatzeko politikek turismoan eta eskualdea berritzeko proiektuetan eragin handia izan dezaketela. Horrez gain, ondareak pertsonen bizi baldintzak hobetu eta kohesio soziala eta lankidetza sustatzeko balio duela erakutsi dute”.

Bestalde, Felipe Criado-Boado Europako Arkeologoen Elkarteko presidenteak hauxe adierazi du: "EAA Europako erakundea bada ere, mundu mailako pisua du eta 70 herrialdetako 2.500 kide baino gehiago ditu. EAAk, Europako balioak eta Arkeologia eta Ondare Arkeologikoa bultzatzeko konpromisoa du, bai eta gure iraganaren eta orainaren irakurketa inklusiboa eraikitzeko ere, honek Europako gizarte guztientzako etorkizun inklusiboagoa ekarriko duelako. Gure 25. Urteurrenean, Osman Kavala eta Santa María Katedrala Fundazioari pozik eman diegu saria”.

 

Vitoria-Gasteizko Santa Maria Katedrala proiektua

Santa Maria Katedrala Fundazioa, Gasteizko Katedral Zaharra berritu eta sustatzeaz arduratzen den erakundea da. 1999an Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako gotzainak sortu zuten.

Duela 25 urte inguru, Gasteizko Santa Maria katedral gotikoa, (Donejakue bidea bertatik pasatzen da eta UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen) erortzeko arriskuan zegoen eta premiazko zaharberritze plana behar zuen.

Katedrala zaharberritzeko, Plan Zuzentzaile berritzaile bat diseinatu zen, katedralaren zaharberritze fisikoa ez ezik, ikerketa arkeologikoa, arkitektonikoa eta historikoa arrakasta handiz integratu zuena. Horrez gain planak hiriaren alderdi ekonomikoak, hezkuntza mailakoak eta sozialak bereziki zaindu zituen.

Santa Maria Katedrala Fundazioak eskatu zuen hasierako diagnostikoak bi ardatz nagusi izan zituen;

Lehenengo, eraikinaren ebaluazio estruktural eta arkeologiko zehatza egin zen, gaur egungo egoera eta garapen historikoa jorratu zuena. Horrek katedralaren jatorriari buruzko informazio berria ekarri zuen. Bigarren ardatzak hainbat elementu bildu zituen. Izan ere, Katedral zaharra ez zen arazoak zituen bakarra, Gasteizko Alde Zaharrak ere arazoak zituen. Auzoan bizi zen jendearen bizi baldintzak ez ziren egokienak; baliabide ekonomikorik ez eta etorkin tasa handia, hori zen auzoaren egoera. Horrek guztiak arazoak sortzen zituen auzoaren garapenean eta gizarte kohesioan. Beraz, auzoan galdutako bizi kalitatea berreskuratzea bihurtu zen proiektuaren erronka garrantzitsuenetako bat tenploaren zaharberritzearekin batera.

 

Obretan eta irekita, arrakasta handia lortu duen ideia berritzaile

Santa Maria katedrala zaharberritzeko proiektuaren helburua, bi dimentsio horiek aldi berean jorratzea zen, horregatik, “Obretan eta irekita” kontzeptua sortu zuten; arkitektoek, arkeologoek, igeltseroek eta gainontzeko langile guztiek, Katedralaren bisitarien aurrean egiten zuten lan. Zaharberritze lanak modu honetan egiteak, bisitarien jakin mina piztu zuen.

"Obretan eta irekita" leloak ondarearen inguruko proiektuak lantzeko modu berria ekarri zuen eta lehen aldiz Santa Maria katedraleko obretan erabili bazen ere, Europako eta Munduko Ondarearen komunitateari onura eta ekarpen iraunkorra egin dio.

Azken 20 urteetan, 1.750.000 bisitarik baino gehiagok izan du, "lanean" dagoen katedralaren zaharberritze lanak zuzenean ikusteko aukera eta onura ekonomiko garrantzitsuak ekarri dizkio bertako komunitateari azpiegiturei zein merkataritzari. Gainera, hiriko bizi kalitatea hobetu eta bere presentzia sozial eta sinbolikoa handitu du, bai nazio zein nazioarte mailan.

Hiri kudeaketan, turismoan eta eskualdearen berritze politiketan izan duen eraginagatik jaso du Santa Maria Katedrala Fundazioak Europako Ondare Saria, maila instituzionalean.