Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiak Farmazia Fakultatearen lana aitortu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/16

Farmazia Fakultateko dekano Manoli Igartua (irudiaren erdialdean) aitorpena emateko ekitaldian. Argazkia: UPV/EHU

Duela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak aipamena jaso du, Giza Nutrizioko eta Dietetikako ikasketak sortzeko egin duen lanaren aitorpen gisa. Aitorpen hori Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiak eman die 1988 eta 1998 artean arlo horretako ikasketak martxan jarri zituzten lehen hiru unibertsitateei.

UPV/EHUko Farmazia Fakultatea 1988an hasi zen Nutrizio eta Giza Elikadura Diplomatura eskaintzen. Handik urtebetera, Nafarroako Unibertsitateak ere diplomatura hori jarri zuen martxan. Bi unibertsitateek berezko titulu gisa eskaintzen zuten; izan ere, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak (MEC) oraindik ez zituen titulu ofizialak onetsi. Gerora, 1993an, Bartzelonako Unibertsitateari lotutako Centre d’Ensenyament Superior de Nutrició i Dietètica (CESNID) jarri zen martxan. Handik zenbait urtetara, 1998an, hiru unibertsitate horiek (EAE, Nafarroa eta Bartzelona) diplomatura modu ofizialean eskaintzen hasi ahal izan ziren. Aipatu beharra dago berezko titulua zuten ikasleek aukera izan zutela titulazio ofizial homologatua eskuratzeko, ikasketa-plan berriekin batera argitaratu ziren baliokidetasun taulak oinarri hartuta. Azkenik, 2010/11 ikasturtean, egungo Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua martxan jarri zen.

1988an martxan hasi zenetik 2018/19 ikasturtera arte, 1435 nutrizionista-dietistak ikasi dute gure fakultatean. Farmazia Fakultateko dekano Manoli Igartuak dio: "Hemendik gure aitortza helarazi nahi diegu askotariko esparruetan lanean ariko diren profesional horiei, gizartearen garapenari eta ongizateari ekarpen handia egin baitiote, gure unibertsitateak zerbitzu emateko duen konpromisoa betez".

Fakultateko dekanoa eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduko koordinatzaile Mª Puy Portillo aitorpena emateko ekitaldian izan ziren, Iruñean, uztailean, Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako Akademikoen Gorputza Ezagutarazteko Ekitaldiaren barruan. "Fakultateko Dekanotza Taldeak ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileekin eta irakasle guztiekin partekatu nahi du aitortza hori eta, bereziki, bere garaian gure unibertsitatean Giza Nutrizioko eta Dietetikako ikasketak ezartzen lagundu zuten guztiekin".