euskaraespañol

'Itxita dioen kartelak ez digu zure zerbitzuan jarraitzea eragozten’

UPV/EHUren Bibliotekak zuzenago jartzen ditu bere baliabide digitalak unibertsitateko komunitatearen zerbitzura

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/26

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean aurrez aurreko jarduera gelditzeak ez du esan nahi Unibertsitate Bibliotekak unibertsitate komunitate osoari zerbitzua emateari utzi dionik. Alderantziz baizik. ‘Itxita dioen kartelak ez digu zure zerbitzuan jarraitzea eragozten’ lelopean, arindu egin ditu baliabideekiko konexioa eta digitalizatutako funts bibliografiko guztietarako sarbidea. Argitalpen horietara guztietara UPV/EHUren Bibliotekaren Katalogoaren bidez sartzen da eta katalogoan identifikatzeko baldintza bakarra da "hasi saioa" botoia sakatzea (orriaren goiko aldean dago, eskuinaldean).

UPV/EHUk ikaskuntzarako eta ikerkuntzarako funts bibliografikoetan inbertitzen jarraitu du azken urteotan eta, horiekin batera, besteak beste, bilduma digital garrantzitsu bat sortu du:

- 494.699 monografia digital.
- 33.463 aldizkari digital.
- 11.146 argitalpen ADDI gordailu instituzionalean.
- 77 datu-base online bidez sartzeko.

Unibertsitate Bibliotekaren katalogoak akordioak ditu edukien datu base askorekin, bertatik sarbidea izateko eskubidea duten erregistro guztietara sartu ahal delarik. Katalogo horretan bilaketa bat eginez gero, emaitzak Sciencie Direct bezalako iturri garrantzitsuetan aurki ditzakegu eta, horrela, beste 76 gehiagotan.

Hala ere, beste datu base batzuk erreferentzialak dira eta, dokumentu zehatzetan edo bibliotekak egindako harpidetzei erreparatuz dokumenturako sarbidea ere eskain badezakete ere, beste datu base askotan ezin da sartu. Hori da Scopus, Web of Science edo Dialneten kasua.

Hala ere, edozein erabiltzailek sartu ahal izango du Dialnet, Scopus edo Web Of Science (WOS) estekatik, nahiz eta ez egon UPV/EHUren sare informatikoan, baldin eta katalogoan saioa hasi badu eta bere posta elektronikoa ehu.eus helbidean amaitzen badu.

 

Zerbitzuaren beste alderdi batzuk

Gainera, prestatu den webgunean, UPV/EHUren bibliotekaren posta elektronikoko helbideak biltzen dira, guztiz operatibo daudenak: ikaskuntza mezuak ikasleen arretara bideratuta daude; ikerketakoak, berriz, irakasleak, ikertzaileak eta doktoregaiak artatzen dituzte. Posta orokorrek eta ikastegietako bibliotekakoek edozein kontsultari erantzuten diote.

Bestalde, maileguen gaiari eta horiek itzultzeko datari dagokienez, bibliotekak itxita dirauteneko egun guztiak jaiegun izendatu dira, epeak bete ez daitezen. Erreserbei gagozkielarik, jakina, ezin dira hartu aurrez aurreko jarduera berreskuratu arte, eta jada prestatuta zeuden erreserbak ere ezin dira jaso. Artikuluen eskaerari dagokionez, egun dauden formatu digitaleko materialekin bete daitezkeenak hartuko dira kontuan.

Beste alde batetik, irakurtzeko gomendio ugari ere jasotzen dira, #EtxeanGeratzenNaizIrakurtzen etiketarekin eta argitaletxe eta erakunde askok gure eskura jarri dituzten formatu digitaleko liburu eta artikuluekin, batzuk pandemiak irauten duen bitartean eta beste batzuk etengabe.