euskaraespañol

Itsas Ingurumena eta Baliabideak Masterraren edizio berria abian da

22 herrialdetako 40 ikaslek ozeano-zerbitzuen jasangarritasuna, klima-aldaketa eta itsasoen kutsaduraz ikasten ari dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/31

Irudia

Itsas Ingurumen Erasmus Mundus Masterraren 17. edizioa abiatu da Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostiako Aquariumean aste honetan (urtarrilak 30-otsailak 3) burutuko den Ikerketa Itsas Ingurumen eta Baliabideetan (Research in Marine Environment and Resources - RiMER 2023) graduondoko nazioarteko ikastaroaren lehen moduluari ekinez. RiMER 2023 ikastaroa UPV/EHU, AZTI-Tecnalia eta Gipuzkoako Fundazio Ozeanografikoaren arteko lankidetzaren emaitza da.

RiMER 2023 ikastaroan parte hartzen duten 40 ikasleak mundu osoko lekuetatik datoz, Indonesia, Bangladesh, India, Azerbaijan, Pakistan, Txina, Taiwan, Filipinak, Ghana, Nigeria, Egipto, AEB,  Brasil, Peru, Ekuador, Kolonbia, Argentina, Alemania, Norvegia, Suitza, Frantzia eta Espainiatik hain zuzen. Bost egunetan zehar 18 zientzialari eta ikerle ospetsuk ikasle horien jakin-mina kitzikatuko dute egungo aztergai interesgarriak ardatz; besteak beste, itsas ekosistemen kontserbazioa eta kudeaketa, klima aldaketaren inpaktua, arrantzu kudeaketa jasangarria eta ozeanoen kutsadura, hain zuzen. Ostiraleko sesioan UPV/EHUko INGURUDOK mintegia burutuko da. Bertan, UPV/EHUko 12 doktoregaik euren doktorego tesien proiektuak aurkeztuko dituzte, RiMER 2023-ko ikasleei arlo honetan MER kontsortzioaren esparruan egindako azken ikerketen ikuspegia erakutsiz.

RiMER 2023 ikastaroa, maiatzaren 5an itsas zientzialari emakumezkoei esleitutako jardunaldiak, ekainaren 7an itsas zientzietako lanbide-irteerei esleitutako jardunaldiak, eta ekainaren 20 eta 23 bitartean ospatuko den eskolen astebeteko moduluak osatzen dute. Jarduera horiek, UPV/EHUk koordinatzen duen Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus Masterraren (www.merconsortium.eu) egoitza den Plentziako itsas Estazioan gauzatuko dira. Azken aste horretan jorratutako gai nagusia UNESCO-ren Ozeanoen Hamarkada (2021-2030) izango da, ozeanoen osasunaren mehatxuetan eta eurek giza-osasunenean dituzten ondorioetan azpimarra jarriz, mundu osotik etorritako 20 irakasle gonbidatuen ekarpenari esker.

Erasmus Mundus Masterra Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentaletarako Ikerketa Zentruan  (Plentziako Itsas Estazioa; PiE-UPV/EHU)

Otsailaren 6tik aurrera, ikasleek ikasketak jarraituko dituzte 2024. urte amaieran Baterako Master Titulua eskuratzeko asmoz, Southampton, Bordele, Lieja eta UPV/EHU unibertsitateek ofizialki onartua eta Erasmus Mundus europar marka duena. Euren ikasketak irailean hasi ziren Bordelen ala Southampton, eta bertan ozeanografia eta itsas ingurumenari buruzko formakuntza orokorreko lehen seihilekoa gainditu dute ikasleok. Orain UPV/EHUra batu dira eta  bertan uztaila bitartean gai espezifikoagoak jorratuko dituzte, biologiari lotuak gehien bat, bai PiE/UPV/EHU eta baita Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Horrela, masterraren hirugarren seihilekoan zehar Southamptonen ala Liejan espezializazio ikasketak jarraitzeko prestakuntza jasoko dute. Gerora, euren berezko ikerlana burutu beharko dute 5-6 hilabeteetan zehar, munduko edozein lekutan, MER kontsortzioaren irakasleen zein kontsortzioarekin lankidetza duten mundu osoko beste herrialde eta erakundeetako bikaintasunezko ikerleen zuzendaritzapean. Bere hastapenetatik 2006. urtean, Erasmus+ master hau 68 herrialdetako 500 ikaslek baino gehiago egin dute dagoeneko.