euskaraespañol

Julián Estévez Sanz

Robotak armaz ez hornitzeko eskatu du Boston Dinamycs enpresak. Zer ari da gertatzen?

Robotikako eta Adimen Artifizialeko irakaslea eta ikertzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/30

Lehergailuak indargabetzeko Armadaren iRobot PackBot 510 robota
Lehergailuak indargabetzeko Armadaren iRobot PackBot 510 robota

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Boston Dynamics enpresak eta robotikaren sektoreko beste enpresa batzuek gutun ireki bat sinatu dute. Bertan, iragarri dute ez dituztela beren robotak armaz hornituko eta ez dietela beste enpresa batzuei xede horretan lagunduko. Zer ari da gertatzen horretara iristeko?

Lehergailuz hornitutako robotak AEBn

2022ko azaroaren amaieran, jakinarazi zuten San Frantziskoko poliziak hiltzeko gai ziren robotak erabil zitzakeela. Poliziaren arabera, “muturreko arrisku egoeretan bakarrik erabiliko dira horrelako robotak, errugabeen bizitzak babesteko”. Horrez gain, esan zuten, salbuespen egoeretan, “makinak lehergailuz hornitu ahal izango direla”.

Baina lehenago ere erabili izan dira robot armadunak. Hain zuzen ere horixe gertatu zen Dallasen, 2016an. Frankotiratzaile batek bost polizia hil eta beste zazpi zauritu zituen. Egoera horretan, poliziakideek argudiatu zuten robot bat, Packbot, bidali behar izan zutela kriminalarengana.

Eszena: Robota hurbiltzen ari da, bere engranajeak bultzatzen dituen burrunba elektriko batekin. Frankotiratzailea zur eta lur geratzen da. Poliziarekin negoziatu dituen eskaerak ekarriko al ditu? Robotak hurbiltzen jarraitzen du. Hurbilago. Kriminalak zalantza egiten du, tiro egin edo ez; poliziakideei oihu egiten die, urduri. Ez du ezer ulertzen.

Robota gehixeago hurbiltzen da, eta danba! Bere C-4 karga leherkorrak Micah Johnson frankotiratzailea hiltzen du. Johnson arraza beltzekoa zen, Estatu Batuetako Armadaren Erreserbako beteranoetako bat Afganistango gerran. Txostenen arabera, haserre zegoen poliziak gizon beltzen aurka egindako tiroketengatik, eta adierazi zuen pertsona zuriak hil nahi zituela, batez ere polizia zuriak. Ustez, Estatu Batuetako Polizia Departamentuak une horretan erabili zuen lehenengoz robota susmagarri bat hiltzeko. 2018an, poliziakideak absolbitu egin zituzten epaiketa batean.

Digidog, New Yorkeko poliziaren robot txakurra

2020an eta 2021ean, New Yorkeko polizia Boston Dinamycs-ek sortutako Digidog robota erabiltzen hasi zen. Etxebizitza susmagarriak ikuskatzeko erabili zuten, horien artean Bronx auzoko apartamentu bat, bahiketa baten ondoren. Ama baten eta bere haurtxoaren bahitzailearekin negoziatzeko ere erabili izan dira, baita lapur batzuei janaria eramateko ere.

Esku hartze guztietan, segurtasun langileek azalpen eskasak eman dituzte robotak agerleku horietan izandako esku hartzeari buruz. Eta horixe da, hain zuzen ere, makina horien arazo etikoa. Mota horretako armek herritarren eskubideekiko errespetua bermatu eta kriminalen aurka beharrezkoa ez den indarkeria ziurta al dezakete? Zehaztasunez arrazoitu al daiteke robotaren ekintza bakoitza?

Bronxeko apartamentuan egindako miaketaren ondoren, Alexandria Ocasio-Cortez kongresukideak ohartarazi zuen Digidog horiek behe klaseetako auzoetan bakarrik erabiltzen zirela.

Dagoeneko garbi geratu zaigu Boston Dynamics enpresak zergatik sinatu duen gutun ireki bat robotikaren sektoreko beste enpresa batzuekin –Agility Robotics, ANYbotics, Clearpath, Open Robotics eta Unitree Robotics–. Gutun horretan iragarri dutenez, ez dituzte armaz hornituko mugikortasun aurreratuko xede orokorra duten robotak edo robotika aurreratua ahalbidetzen duen softwarea, eta ez diete beste enpresa batzuei helburu horretan lagunduko.

Kontuz! Deabrua xehetasun txikietan dago. Gutunean ez dute argitzen (nahita?) zer diren xede orokorreko robotak. Gainera, pertsonak zaintzeko edo ezagutzeko misioetan erabil daitezkeela ulertarazten dute, dagoeneko egiten ari diren bezala.

Ukrainako gerrak eta aurrez gertatutako beste gatazka beliko batzuek ere agerian utzi dute eremu horretan robotak erabiltzen direla, batez ere droneak.

Polizia robotak nahiz militarrak arma autonomoen eztabaida etikoaren barruan sartzen dira. Izan ere, gaur egun horiek arautzea eztabaidatzen ari dira Nazio Batuetan.

Txinak ez du sinatuko arma autonomoak erabiltzeko akordiorik

Duela mende bat, Antonio Gramsci filosofo eta soziologoak esan zuen pesimistak izan behar dugula adimenarekin eta optimistak borondatearekin. Hala ere, ez dirudi akordiorako borondatea dagoenik. Hasteko, Txinak iragarri zuen ez duela bakar bat ere sinatuko, eta Estatu Batuak eta beste potentzia militar handi batzuk inbertsio handiak egiten ari dira horrelako sistema robotiko armatuetan. Ukrainako gatazka urak gainezka egiteko falta zen tanta besterik ez da izan.

Eztabaida etiko horrek oso oinarri labainkorrak ditu. Arma autonomotzat har al dezakegu misilak automatikoki gidatzen dituen sistema bat, duela hainbat hamarkadatatik daudenak bezalakoa? Edo pertsonen aurkako mina bat, aliatuak eta etsaiak bereizten ez dituena?

Komunitate zientifikoak momentuz ez du inolako definizio argirik arma autonomoa zer den jakiteko.

Txinak dio adimen artifiziala duten armak garatzeko interesa ez dagoela lotuta pertsonen hilketa autonomikoarekin, baizik eta mantentze prediktiboarekin, bataila eremuaren azterketarekin, nabigazio autonomoarekin eta helburuen errekonozimenduarekin. Beharbada mundu militarrean ez dute zentzurik arma autonomoek, ustekabean jardun eta gizakiaren kontrolik gabe hil dezaketelako.

Droneak jomugan

2021ean, hedabide ugarik jakinarazi zuten drone batek biktima bat hil zuela modu guztiz autonomoan Libiako gatazkan, lehen aldiz historian. Dena den, enpresa fabrikatzailearen beraren arabera drone hori ez zen inoiz existitu. Baina albiste hori ez zen ia argitaratu.

Aldaketarekiko erresistentzia beti izan da palanka bat gizakiaren bulkada eta egonezinerako. Wright anaien eta horien hegan egiteko makinaren ekintza gogoangarriaren ondoren, sekulako herri eztabaida sortu zen lehergailu horien balizko erabilera belikoaren inguruan. HG Wellsen 1907ko ‘La guerra en el aire’ eleberria kezka horren froga da.

Zalaparta horren guztiaren aurrean, abenduaren 7an San Frantzisko hiriak bere erabakia zuzendu zuen, eta momentuz ez du baimenduko bere poliziak hiltzeko gai diren robotak armaz hornitzea.

David Collingridge Astongo Unibertsitateko (Erresuma Batua) irakasleak ‘The Social Control of Technology’ argitaratu zuen 1980an, bere izena daraman dilemarekin, Collingridge dilema: “Aldaketa erraza denean, ezin da aurreikusi haren beharra. Eta, aldaketaren beharra nabarmena denean, aldaketa neketsua eta zaila bihurtzen da, eta denbora asko behar izaten da”.

Harrigarria bada ere, paradoxa hori puri-purian dago gaur egun.

The Conversation