euskaraespañol

Estereotipoak hautsiz

Errusiako eta Euskal Herriko ikasleek beren gizarteen inguruko ezjakintasuna eta irudi negatiboak gainditzeko esperientzia batean parte hartu dute

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/04

Dmitrii Enygin eta Joseba Iñaki Arregi
Dmitrii Enygin eta Joseba Iñaki Arregi. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Errusiako eta Euskal Herriko gizarteetan dauden estereotipoak identifikatzeko proiektu honen abiapuntua Bilboko Athletic eta Moskuko CSK taldeetako jarraitzaile batzuen artean gertatutako liskarrak dira, zeinetan Ertzaintzako agente bat hil baitzen. Aurreiritzi horiek hausteko, lehen fasea egin zen: ikusi zen euskaldunen eta errusiarren zein irudi ematen zituen nazioarteko prentsak. Gero, Plekhanov Russian Academy of Economics-eko Dimitri Enygin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Joseba Iñaki Arregi irakasleek beren ikasleei eskatu zieten zenbait bideo egin zitzatela eta horietan erakuts zitzatela beren errealitatearen isla gisa nabarmendu nahi zituzten historiaren eta ondarean zatiak.

Esperientzia horren bitartez, ikasleek ezjakintasuna eta irudi negatiboak gainditu ahal izan zituzten, eta hala etorkizuneko irakasleentzat nola gaur egungo mundu globalizatuko negoziolarientzat oinarrizkoa den kulturarteko gaitasuna garatu. Proiektuak beste edizio bat izango du 2019an, eta, hasierako parte hartzaileekin batera, AEBetako hegoaldeko unibertsitate batek parte hartuko du.

Campusa aldizkaria bi irakasleekin egon da ‘Building intercultural bridges between Russia and the Basque Country by using new technologies’ izeneko proiektuaz hitz egiteko (Kulturen arteko zubiak eraikiz Errusiaren eta Euskal Herriaren artean, teknologia berriak erabiliz). Irakasleek Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Kulturartekotasunaren Minorrak antolatutako VI. jardunaldi hauetan parte hartu zuten, Gasteizen: ‘Kulturartekotasuna hirian eta eskolan: erronkak eta aukerak’.

 

Zer-nolako balorazioa egiten duzue estereotipoak hausteko lan honen inguruan?

Dmitrii Enygin. Proiektua garrantzitsua izan da Errusiaren eta Euskal Herriaren irudi negatiboak zein diren jakiteko. Nire ustez, Errusiaren kasuan, lagungarria izan da herrialde erasotzailearen irudia behintzat pixka bat deseraikitzea, eta erakustea pertsonak politikatik bereizita daudela. Euskal Herriaren kasuan, proiektu honen bitartez, nire ikasleek leku eder hau ezagutzeko aukera izan dute. Kontuan izanda gure unibertsitatean ekonomia gaiak lantzen direla, ikasleentzat oso interesgarriak izan dira zerga sistema bakarra, Kontzertu Ekonomikoa, industria eta kultura.

Ikasle errusiarrei interesgarria iruditu zaie Kontzertu Ekonomikoa

Joseba Iñaki Arregi. Proiektua arrakastatsua izan da ikuspegi askotatik. Bete egin da helburua, hau da, estereotipoak hautsi ditugu eta benetako Errusia ezagutu dugu, komunikabide handietako albistegietan nagusi diren aurreiritzi politikoetatik harago. Askok deskubritu dute desberdintasunez gain antzekotasun handiak daudela, eta, bereziki, kulturen arteko zubiak eraikitzeko ariketa hau baliagarri izan zaie, batetik, beren kultura deskubritu eta bisitatzeko eta “tokikoak” garrantzi globala izan dezakeela egiaztatzeko, eta, bestetik, konturatzeko albiste faltsuak baztertzea lan gogorra eta diziplinatua dela eta ikus-entzunezko bat eginez zubien eraikitzaile bihur daitezkeela gaur egungo mundu globalizatu honetan.

 

Nola aldatu da Errusiak Euskal Herriaz duen ikuspegia?

DE. Asko. Izan ere, Errusian ez dakite askorik leku zoragarri honi buruz. Proiektua egin eta gero, ikasleek asko ikasi zuten Euskal Herriko kulturari, kirolei eta garapenari lotutako beste alderdi batzuei buruz. Are, ikasle batzuek honaino etortzea erabaki zuten, leku eder hauek deskubritzeko.

 

Eta nola aldatu da Euskal Herriak Errusiaz duen ikuspegia?

JIA. Deskubritu dute Errusia gure historiari lotuta egon dela eta gauza asko partekatzen ditugula. Esate baterako, Gasteizko taldeak ikasi zuen hain justu hemen Gasteizko Gudua gertatzen ari zenean Napoleon Errusia inbaditzen ari zela. Eta Ortuellakoek ikasi zuten Rubén Ruíz Ibarruri (Pasionariaren semea) Stalingradeko guduan hil zela. Ikasi dute, halaber, “Errusiako umeak” egon zirela, bi herriek luzaroan diktadura ezagutu zutela eta biek mesfidantza handia dietela alderdi politikoei. Nire ikasleetako batek honako hau esan zuen: “Errusiak, AEBek bezala, ospe txarra du, herritarren zati txiki batek lege jakin batzuk inposatu dituelako eta gainerako herritarrek ez dituztelako zalantzan jarri”.

 

Desberdinak al dira bi herrialdeetako gazteak, edo antzeko ezaugarriak dituzte?

DE. Munduko pertsona guztiak dira desberdinak, baina ezaugarri horrek batzen gaitu. Ziur asko, gazteek antzekotasun batzuk dituzte. Nire iritziz, ikasle euskaldunak oso lasaiak dira, adeitsuak, eta irribarre asko egiten dute. Iaz, zenbait hitzaldi eman nituen Josebaren taldearekin, eta konexio handia izan genuen benetan: negar egin nahi nuen maiatzeko azken eskolan banandu behar izan genuenean. Asko maite ditut.

JIA. Mundu globalizatu honetan, bi aldeek erabili dituzte teknologia berriak, eta musika ere erabili dute beren mezua komunikatzeko. Bi aldeek mesfidantza diete komunikabide handiei, eta uste dute errusiarrek, herrialde askotako benetako jendeak bezala, antzeko helburuak dituztela: bizitza zoriontsu bat izatea, diru gehiago edo gutxiagorekin, baina maite dugun eta gure familia osatzen duen jendearengandik gertu beti. Gainera, errusiarrei eta guri ondo jatea gustatzen zaigu, dantza egitea, eta gure paisaiez eta tradizioez gozatzea.

 

Zein metodologia erabili duzue lan egiteko?

DE. Bueno, oro har, nahi genuen ikasleek beren jatorrizko hiri eta herriak erabiltzea beren kultura erakusteko. Formatua pixka bat aldatu nuen ikasle errusiarrentzat, eta zenbait puntu gehitu nituen. Lan nagusiaz gain, bideoetan erakutsi behar izan zuten Errusia baketsua dela, ez dagoela erasorik. Era berean, “Errusiaren arima”-ren ezaugarriak deskribatu behar zituzten, eta eskatu nien Errusiako ikasleen bizitzaren zenbait alderdi erakusteko, euskal ikasleek ikus zitzaten eta agian gure unibertsitatea (Plekhanov Russain University of Economics) aukera zezaten beren Erasmus egonaldia egiteko.

Etorkizuneko irakasleek irakatsiz ikasi dute

JIA. Etorkizuneko irakasleek besteei irakatsiz ikasi dute (teaching by learning) nolakoa den beren kultura. Proiektuetan oinarritutako ikasketa prozesua esperimentatu dute, teknologia erabiliz, ingelesez eta geografikoki eta kulturalki urrun dauden pertsonekin lan eginez. Horretarako, hiri handiak erakutsi beharrean, askok beren hiri eta herri txikiak aukeratu dituzte, eta beren historia eta ondare material eta immateriala deskubritu dituzte. Baina, batez ere, metodologia honi esker, kulturarteko gaitasuna lortu dute, bai eta bideoak eginez eta editatuz komunikatzeko gaitasuna ere, zeina oso aplikagarria baita hezkuntza munduan. Belaunaldi hauetan ikus-entzunezko formatuak gailentzen zaizkio irakurtzeari, eta formatu horiek aplikatzea tresna boteretsua da egia-ostearen garai hauetan.

 

Jarraituko al duzue esperientziarekin?

DE. Bai, noski. Gainera, aurten Errusiako beste unibertsitateren bat gonbidatu nahi dut gure proiektura, ikusi baitugu oso modu eraginkorra dela gure ikasleek kulturarteko gaitasunak garatzeko eta Errusiako eta Euskal Herriko kulturetara hurbiltzeko.

JIA. Ez dago ezer hoberik proiektu batean sakontzeko beste alde batekin lan egitea baino. Mundu honetan etengabea da gatazka, eta horrelako esperientziek erakusten dute herritarrek, ahaldunduta, diplomazia publiko eta kulturalaren arloan lan egin dezaketela, nazioarteko gatazkak prebenitzeko eta konpontzeko. Irakasleak gara, eta hezkuntza da gure tresna.