euskaraespañol

‘Itsasoari begira dagoen unibertsitatea’ Mugaz gaindiko Udako Ikastaro arrakastatsuak jarraipena izango du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/20

Irudia
Saltilloko tripulazioa agintariekin batera, bere ibilbidearen ondoren

Asteazkenean, uztailak 20, eguerdiko 12etan ‘Itsasoari begira dagoen unibertsitatea’ izeneko Mugaz Gaindiko uda ikastaroari amaiera eman zaio Bilboko Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU) – Portugalete Eraikinean.

Uztailaren 11n hasi zen Uda Ikastaro aitzindari honek Saltillo eskola-ontzia eta euskal kostaldea izan ditu ezagutza-gune, bai eta bertako hainbat kokagune ere (Portugalete, Bilbo, Santurtzi, Mutriku, Donostia eta Donibane Lohizune/Ziburu), non herritar guztiei irekitako jardunaldiak gozatzeko aukera izan duten. Parte hartu duten bi tripulazioek, Euskal Herriko Unibertsitateko UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleak izan dira eta ikasitakoa beren unibertsitateetara eramango dute: nautika eta gure itsaso eta ozeanoen iraunkortasuna barne hartzen dituzten jakintzak.

Prentsaurrekoan, hau sustatu duten eragileek parte hartu dute, elkarrekin lankidetzan eta, aldez aurretik lan sakona eta zorrotza egin ondoren, abentura honek gorpuztu behar zuena osatu zutenak: ezagutzaren transmisioa kulturarteko, eleaniztasuneko eta bizikidetzako espazio berezi batean kokatuz.



Emaitza ezin izan da positiboagoa izan, hala adierazi du Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko UPV/EHU errektoreak: "Ziur nago hau, maila pertsonalean, esperientzia aparta izan dela. Eta ziur nago maila akademikoan ere hala izan dela: unibertsitate-ekimen originala, erakargarria, nabigazioa eta biologia uztartzen dituena, eta arrakasta ikusita, gure Uda Ikastaroen hurrengo edizioetan jarraipena izango duena”.

Bestalde, Charles Pintok, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, ikastaro honen zuzeneko esperientziaren garrantzia azpimarratu du: “UPV/EHUko Uda Ikastaroak ezagutza gurutzatzeko aukera bat dira, Euskaditik kanpo bizi diren pertsonentzako irekiera gehituta. 2022ko edizio honek, Mugaz Gaindiko Uda Ikastaro erakargarri bat eskaintzen du: "Itsasoari begira dagoen unibertsitatea”, zer hobe itsasoari begira egotea likido gazian egonda baino, gure kostaldetik gertu. Ikastaroaren apustuetako bat Mugaz Gaindiko unibertsitateak, kulturak, formazioak eta generoak nahastea da. Osagai horiekin, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleek proiektu batzuk partekatu ahal izan dituzte oso espazio mugatuan. Hain zuzen ere, El Saltillo Eskola izan da proiektu berritzaile eta original hau gauzatzeko agertoki pribilegiatua. Lehen hurbiltze-fase baten eta Team Building-en ondoren, lehorrean, parte hartu duten ikasleek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek eta Mikel Lejarza kapitainak osatutako eskifaiarekin batera, beren trebetasunak eta gaitasunak probatu dituzte Santurtzi/Portugalete eta Donibane Lohizune portuen artean. Esperientzia, ikastaroko aktoreen arabera, oso ona eta dinamikoa izan da”.

Euskampus Fundazioko eta ikastaroko kozuzendariak, Julieta Barrenecheak, honako hau azpimarratu nahi izan du: “Ikastaro honi esker, gainera, UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko lankidetza indartu da, 10 urte baino gehiagoz nazioarteko eta mugaz gaindiko Bikaintasun Campusa garatzen ari baitira. Diziplina desberdinetako ikasleen bi tripulazio horiek esperientzia oso bizia partekatu dute, bai ezagutzari dagokionez, bai bizikidetzari dagokionez ere. Haien bidez, bi unibertsitateen arteko lotura indartu ahal izan dugu, mailarik sendoenetik: profesional eta zientzialarien belaunaldi berria, horrela jakinduria ozeanoan eta mugarik gabeko lurraldeetan nabigatzen jakingo dutenak”.

Ezagutzan nabigatu duen ikastaro honen protagonista nagusietako bat Saltillo eskola-ontzia izan da, zalantzarik gabe. Hauek dira bere kapitainak, Mikel Lejarzak, adierazi dituen hitzak: “Lehen bidai arrakastatsua uda ikastaro gisa. Eva Ferreirak ikastaro hau egiteko aukera planteatu zigunetik orain arte, asko pasa da, lan dezente egin dugu, eta prestatutako guztia ondo ehundu dugu eta ondo atera da. Bi beldur nagusi nituen, denbora eta eskifaien erantzuna. Bi tripulazio izan ditugu, eta bata zein bestea oso ondo lotu dira itsasontzira, elkarbizitzara. Itsasontzietan garrantzi handia ematen diot elkarbizitzari eta jarrerari, hori baita nabigazioaren eta gainerako guztiaren arrakasta”.
 

Unibertsitateko bi tripulazioetako partaideek beraien esperientziaren balorazioa egin nahi izan dute ere. Bordeleko Unibertsitateko Martin Van Roy-k esan du: "Niretzat aukera ikaragarria izan da eta jende aparta ezagutu ahal izan dut, baita ekologiari buruz ikasi ere, besteak beste. Nire esker ona guzti honengatik”. Bordeleko Unibertsitateko Elise Baritaud-ek hau gehitu du: "Eskerrak eman nahi nizkion Mikeli (kapitaina), bai eta gainerakoei ere, esperientzia paregabea izateagatik. Ikastaroa berriro egitea espero dut, pertsonalki oso esperientzia interesgarria delako, guk geuk leku berriak aurkitu ditugulako. Bordeleko Unibertsitateko Fanny-Laure Thomassin-ek bat egin du aurreko ikaskideen hitzekin: «Maila pertsonalean eta profesionalean ikasi dut, nabigazioari buruz ere, baina ez hori bakarrik, espero ez genituen gauzen inguruan ere bai. Eskerrik asko hau posible egiteagatik”.
Saltilloko eskifaiari dagokionez, Javier Sanz, Nautikako ikasleak honako hau esan du: "Bidaia primeran atera da, denok urduri samar geunden hasieran, ondo edo gaizki moldatuko ote ginen, eta azpimarratu nahi dut garrantzitsuena dela itsasontzian oso jarrera ona eduki dugula, lehenengo baita bigarren tripulazioarekin ondo moldatu garela eta adiskidetasun handia ere sortu dela".

Aurreko guztiaz gain, funtsezko alderdi bat ezagutzaren transferentzia 4 hizkuntzatan izan da. Tokiko 3 hizkuntzak, hala nola euskara, frantsesa eta gaztelania, bai eta ingelesa ere, lingua franca gisa. Guztiek erabili dute beren hizkuntza-errepertorioa, komunikazioa eta bizikidetza ahalik eta gehien errazteko. Era berean, hizlariek ahalegin handia egin dute beren hitzaldiak formatu eleanitzetan emateko. Gainera, taldeek 4 hizkuntzatako baliabideak izan dituzte, itsasontzian bizikidetza ona eta irekia izateko: belaontziaren oinarrizko terminologia osoa, gidak eta jarraibideak/materialen erabilera, baita bidaian zehar egin duten bitakora koadernorako jarraibideak ere. Hizkuntza-aniztasuna erreferente izan da, eta praktika eleanitz horiekiko malgutasuna eta tolerantzia aukera paregabea izan da taldearen gizarte-kohesiorako. Norberaren hizkuntza-identitatea mantentzeko modu aberasgarria izan da, aldi berean hurkoaren identitatea besarkatuz.

Programaren arrakasta ikusita, 2023ko ediziorako lanak hasi dira.

Ikastaro hau Mugaz Gaindiko Uda Ikastaroak – UNUM programaren baitan antolatu da.