euskaraespañol

Sareetan zehar dantzan Java erabiliz

Iñaki Goirizelaia eta Maider Huarteren liburuak itxuraz bata bestetik horren urrun dauden hiru diziplina lotzen ditu: programazioa, telematika eta dantza

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/31

Irudia
Iñaki Goirizelaia eta Maider Huarte (Artxiboko argazkia). Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHU.

Berriki argitaratu dute Iñaki Goirizelaia eta Maider Huarte irakasleek ‘Sareetan zehar dantzan Java erabiliz’ liburua. Lanak itxuraz bata bestetik horren urrun dauden hiru diziplina lotzen ditu: programazioa, telematika eta dantza.

Java programazio-lengoaia eta plataforma informatiko garrantzitsu bat da. Egunero erabiltzen diren hamaika aplikazio, tresna informatiko eta webgunek ez lukete funtzionatuko Java instalatuta ez balute. Sakelako telefonoetatik konputagailu pertsonaletara, jokoetarako kontsoletatik hasi eta tabletetaraino, sentsoreetatik Internetera, Java nonahi dago.

Gauzen Internetek –Internet of Things (IoT)– izugarrizko bilakaera izan du azken urteotan. Egunetik egunera Java erabiltzen diren produktuak sortzen dira. Gauzen Internet delakoaren aplikazioak ingurune banatuetan egikaritzen dira, hau da, edozein tokitan eta sarearen bidez konektatuta dauden gailuetan.

‘Sareetan zehar dantzan Java erabiliz’ izeneko liburuaren xedea aipaturiko ingurune banatuetan hain ezagun bihurtu diren aplikazioak programatzeko, oinarrizko kontzeptuak irakastea da, baina ez hori bakarrik. Hala, Iñaki Goirizelaia eta Maider Huarteren lanak itxuraz bata bestetik horren urrun dauden hiru diziplina lotzen ditu: programazioa, telematika eta euskal dantza.

“Eskoletan Java programazio-lengoaia erakusten ari nintzenean, dantza adibideez baliatzen nintzen, edo dantza talde baten kudeatze moduaz, edo horrelakoak. Hortik atera nuen ideia, labur esanda, kontzeptu konplexu horiek irakasteko erabiliko diren adibideetan, euskal dantzak aipatuko ditugu, dantza horiei buruzko azalpen laburrez eta ilustrazio ederrez gozatzeko aukera izango du irakurleak”, azaldu du Iñaki Goirizelaia Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleak eta UPV/EHUko errektore ohiak.

«Teknologiak eta kulturak eskutik joan behar dute»

Liburua testuliburu lagungarri gisa diseinatuta dago objektuetan oinarritutako programazioa eta ingurune banatuetako programazioa ikasten hasten diren ikasleentzat. Era berean, egokia izan daiteke kontzeptu horiek modu autodidaktan ikasi nahi dituztenentzat.

“Teknologiak eta kulturak eskutik joan behar dute. Ez dago beste aukerarik: Euskal Herriak ikerketan oinarritutako berrikuntza eta teknologia berriak sortu behar ditu, baina ahaztu gabe gure kultura aurrera egiteko ezinbesteko tresna ere badela. Zalantzarik gabe, teknologian eta gure kulturan oinarrituz, etorkizun hobea eraikitzeko aukera paregabea daukagu”, adierazi du Goirizelaiak.