euskaraespañol

Segundo Píriz izendatu dute G9 unibertsitate taldeko burua

Extremadurako Unibertsitatean egin zen joan den astean unibertsitate taldeko errektoreen batzar nagusia

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/22

Irudia

Datozen sei hilabeteotan, Segundo Píriz Durán Extremadurako Unibertsitateko errektorea G9 unibertsitate taldeko burua izango da. Orain arte taldeko buru izan den Miguel Ángel Collado Yurrita Gaztela-Mantxako errektorearen ordez. Biek aurkeztu zituzten, prentsaurrekoan, Cáceresen G9 unibertsitate taldeko errektoreen batzar nagusian hartutako erabakiak.

Elkartearen garrantzia azpimarratu zuten, 170.000 ikasle, 19.000 irakasle-ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.000 langile biltzen baititu. Pírizek gogorarazi du talde horrek iaz eman zuela egun unibertsitatera sartzeko probek duten arazoaren konponbidea, “gero Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak eta beranduago Hezkuntza Ministerioak bere egin zutena”.

Batzarrean erabaki zen G-9 Unibertsitate Taldearen I. Eztabaida Foroa antolatu beharra dagoela Espainiako unibertsitate sistemaren arazoez  jarduteko. Sei hilean behin antolatuko da eta lehenengoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo da.

Bestalde, erabaki zuten G-9 unibertsitate taldeak Europar Batasunari baterako proiektu bat eska diezaion “Ikertzaileen Europar Gaua” antolatze aldera.

Ikerketari dagokionez, iragarri zen doktorego jardunaldiak izango direla, eta 90 doktore bilduko direla Kantabriako Unibertsitatean. Ekimen hori doktorego tesiak egiten ari diren pertsonei zuzenduta dago, elkar ezagutu eta esperientziak partekatu ditzaten.

Azkenik, G-9 unibertsitate taldeko errektoreek ikerketan aritzeko funts gehiago eskatu zituzten. Kalkulatzen da inbertsio publikoa %21 inguru jausi dela. Unibertsitateek defendatu egiten dute ikerketa eta emaitzak gizarteari helaraztea funtsezkoak direla herrialde batek aurrera egingo badu. Gogorarazi zuten, bestalde, estatuan egiten den ikerketa osoaren bi heren unibertsitateetan sortzen dela.