euskaraespañol

Sei lagunek jaso dituzte Bilboko Udalaren eta UPV/EHUren laguntzak

Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bilboko Udalaren arteko akordioari esker, emakumezko hiru ikaslek eta gizonezko beste hiruk goi mailako ikasketak jarraitu ahalko dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/04

Irudia

Nazioarteko babesa eskatzen edo jasotzen duten ikasleentzako eta garapen bidean dauden herrialdeetako ikasleentzako bekak. Udalak 10.000 euro bideratu ditu horretara 2018/19 ikasturtean; eskaera-egile bakoitzeko 2.500 euroraino eman ditu

Guztira sei ikaslek (hiru emakumek eta hiru gizonek) euren goi mailako ikasketak jarraitu ahalko dituzte 2018/2019 ikasturtean zehar,  UPV/EHUn ikasten duten atzerriko ikasleen eta nazioarteko babesa eskatzen edo jasotzen duten ikasleen ostatua eta mantenua diruz laguntzeko lankidetza-hitzarmenean jasotzen diren laguntzak egokitu zaizkielako. Bilboko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak bosgarren urtez segidan berriztatu zuten akordioa, ikasturtearen hasieran. Elkarlan horren ondorioz, Kolonbia, Bolivia, Afganistan, Errusia eta Siriatik datozen sei ikaslek bekak eskuratu dituzte, guztira 10.000 euro.

Bilboko Udalak diru-laguntza hori ematen die garapen bidean dauden herrialdeetako graduko ikasleei (batik bat, Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzako III Plan Zuzendarian lehentasunezkotzat jotzen diren herrialdeetako ikasleei) eta nazioarteko babesa eskatu edo jaso duten pertsonei. Beka honen bidez, ikasleen Bilboko egonaldiko edota mantenuko gastuen zati bat finantzatzen da 2018/19 ikasturtean.

UPV/EHUren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-akordioa 2014an abiatu zen estreinako aldiz. 2018ko urrian, hitzarmena berriztatu zuten Idoia Fernández Fernández unibertsitateko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordeak eta Itziar Urtasun Jimeno Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak.

Horrela, Bilboko Udalak 10.000 euro eman dizkio entitate akademikoari (gehienez ere 2.500 euro onuradun bakoitzeko), Bilbo kultur arteko hiri gisa garatzen laguntzeko, bizikidetza-proiektu honen bidez haren garapena modu aktiboan sustatzen baita. Bestalde, UPV/EHUko Jasangarritasun Zuzendaritzak laguntza hori kudeatzen eta ematen du, eta programaren jarraipena eta ebaluazioa egiten ditu.

Hitzarmena UPV/EHUren helburuetan kokatzen da. Helburuok estatutuetan jasota daude eta gizarte eta kultur ezberdintasunak murrizteko eta garapenerako lankidetzan laguntzeko xedea dute. Modu berean, bekak emateko akordioak Bilboko Udalaren Bilbao Balioen Hiria programa estrategikoarekin bat egiten du. Hemen, udal ekintzaren erdigunea giza eskubideen errespetuan oinarritzen da, emakumeen eta gizonen artean elkartasuna, justizia soziala eta berdintasuna lortze aldera.

Ikasturte honetan, emakumezko hiru ikasleak Kolonbia eta Boliviatik datoz, Bilboko Udalak lehentasuna ematen baitie bi herrialde horiei; nazioarteko babesa eskatu edo jaso duten hiru gizonezkoak, berriz, Errusia, Siria eta Afganistanekoak dira. Laguntza horiekin, ikasten jarraitu ahalko dute, Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan.