euskaraespañol

Sei proiektu ekintzaile Agudezia 2018n

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/01

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait ikastegitako hamabi kidek hartu dute parte sei proiektu ekintzaile egiteko Agudezia 2018 tailerrean, antolatzaileak UPV/EHUko Arabako Campusa eta Bic Araba (INIZIA Arabacampus programaren babesean) eta tailerra emateko arduraduna A+g, S.Coop. izanik.

Ekimen honen 12. edizioari amaiera emateko ekitaldian parte hartu zuten Arantza Betiak, Arabako Campuseko Garaperako zuzendariak, eta Izaskun Ruiz de Apodakak, Bic Arabako kideak (Arabako Enpresa eta Berrikuntza Gunea); izan ere, UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetza lankidetzan aritzen da erakunde horrekin ekintzailetzaren arloa sustatzeko, eta ekintzaileei aholku eta laguntza emateko, bai eta INIZIA Arabacampus programaren barruan oinarri teknologikodun enpresak sortzeko ere.

Aurreko urteetan bezala, oraingoan ere, hainbat jakintza eremutako pertsona aritu dira tailerrean:  elikagaien zientzia eta teknologiakoak, jarduera fisikoaren eta kirolaren arlokoak, enpresen administrazioaren arlokoak, ingeniariak, bai eta itzultzaileak ere. Parte hartzaileen profilak ere askotarikoak izan dira (azken mailako ikasleak, graduatu berriak eta ikerketaren eta irakaskuntzaren arloan ibilbide luzeko pertsonak elkarrekin aritu dira), eta helburuak ere anitzak izan dira (batzuek arlo profesionaleko esperientzian oinarritutako proiektuak egin dituzte, beste batzuek, ordea, beren tituluak albo batera utzita gogoko gaiak hartu dituzte proiektuak garatzeko oinarri).

Aldeak alde, guztiek izan dute aukera ikasteko nola osatu proiektu ekintzaile bat ikuspegi nagusia izanik enpresa erakunde bizia dela (A+g erakundearen BIZIKIRO filosofia), eta horretarako, lagungarri izan dute Panel A+g (Anticipación+Gestión) berrikuntzarako baliabidea, negozioak garatzeko laguntza eta lehen momentuko erabaki estrategikoak zehazteko laguntza ematen duen tresna.

Horri esker, parte hartzaileek benetako erabakiak hartu behar izan dituzte beren proiektuetan aurrera egiteko. Aurtengoan honakoan izan dira parte hartzaileak: BIZI ORAIN (patologia larri eta kronikoak dituzten pertsonentzako jarduera fisikoko programak), ESNEKISUN (behor- eta asto-esnea jetzi eta eraldatzeko proiektua elikagai osagarri edo aukerako elikagai bezala merkaturatzeko alergiak dituzten pertsonentzat), NACCARI (argazkigintza zerbitzuak), GAILUR (mendiko gidariren zerbitzu espezializatua), COMPERAPIEZA (kotxerako piezak eskuratzeko konparaketak egiten dituen web gunea) eta MARIA HURTADO (zenbait arlotako itzulpenak eta interpretazio lana).