euskaraespañol

María Rosselló Gelabert

Sendagaia, markakoa ala generikoa? Zein da onena?

Farmazialaria eta doktoregaia Teknologia Farmazeutikoaren Aplikazioan Terapia Aurreratuen Garapenerako

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/22

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Imajinatu supermerkatura zoazela, gatz pakete bat erostera. Zenbait markatakoak dituzu eskuragarri. Gehien konbentzitzen zaituena hartuko duzu, baina, denak dira gatza. Edozein hautatzen duzula ere, denek helburu berbera daukate, ezta? Horixe bera gertatzen da markako sendagaiekin eta generikoekin.

10 urte eta gero elkar ezagutu zuten bikiak

Jaio eta hamar urteren buruan elkar ezagutu zuten bikiak bezala dira. Batak hamarkada bat igaro du munduaz gozatzen; bestea, aldiz, ez da etxetik atera denbora horretan. Lehenena, markakoa, sortu zen saiakuntza aurreklinikoak eta klinikoak deituriko ikerketek eraginkorra eta segurua zela egiaztatu ondoren. Prozesu hori, noski, oso garestia da.

Hortik dator patenteen arrazoia: beste inork ez imitatzetik babesten ditu denbora batez. Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeari buruzko eta erabilera arrazionalari buruzko 29/2006 Legeak ematen die babes hori. Datuen esklusibotasunari buruzko arau horrek ziurtatzen du markako sendagaia ezin izango dela imitatu gutxienez 10 urtez, prozesu honen arabera:

  • Jatorrizko sendagaia merkaturatzeko baimena ematen zaio dagokion agentziari.
  • Zortzi urte igaro direnean, aukera ematen da sendagai generikoen erregistroa eskatzeko.
  • 10 urteren buruan, generikoa merkaturatu daiteke.

Salbuespenez, gerta daiteke generikoa ezin merkaturatu ahal izatea markako sendagai bat 11 urtez eskuragarri egon arte. Aparteko urte hori soilik ematen da merkatuan egin dituen lehen zortzi urtean markako sendagaiak baimena lortu badu gaixotasun gehiago tratatzeko.

Sendagai generikoekin fidatzeko arrazoia

Demagun egun batean farmazia batean sartu zarela betiko sendagaiak eskuratzeko eta kutxa ezberdin bat eman dizutela. Botikariari esan diozu hori ez dela zuk hartzen duzuna, noski. Kasu gehienetan, sendagai generikoa ariko zaizkizu eskaintzen, beti hartu duzun markako sendagaiaren ordez.

Bada, ez duzu errezelorik izan behar hurrengo arrazoi hauengatik:

  • Generikoak efektu terapeutikoa dauka printzipio aktibo berberez osatuta dagoelako.
  • Forma farmazeutiko bera du: konprimatua, injektagarria, pomada, etab.
  • Markako sendagaien kalitate-kontrol berberak gainditu ditu.
  • Eta batez ere, jendeak uste duenaren aurka, oso segurua da gure osasunerako. Izan ere, jatorrizko farmakoak gutxienez 10 urte eman merkatuan. Hau da, azterketa ugari egin dizkiote ondorio kaltegarri larririk eragiten duen argitzeko.

Nola bereiz daitezke batzuk eta besteak?

Generikoek EFG siglak dituzte bilgarrian (baliokide farmazeutiko generikoaren siglak gaztelaniaz). Markakoekiko izango duten alde bakarra kolorea edo forma izango da, gainerakoan berdinak dira.

Garestiagoak ez du hobea esan nahi

Sendagai generikoak merkeagoak direla entzunda edo egiaztatuta izango duzu ziur. Orain arte ikasitakoaren arabera, erabat logikoa da, ezta?

Hasieran erabili dugun konparaziora itzuliz: gatz marka bakarra existituko balitz, markaren jabeek nahi luketen prezioa jarriko liokete, produktu esklusiboa izango litzatekeelako. Zer gertatuko litzateke, ordea, beste enpresa bat ongailu hori fabrikatzen hasiko balitz? Bada, lehen paketeak 100 € balio zituela eta, bat-batean, marka zurikoa 10 €-ren truke erosteko aukera dagoela. Erabakiak erraza dirudi.

Medikamentu generikoak merkeagoak dira ez dituztelako barne hartzen ikerkuntzaren kostu guztiak, enpresa garatzaileak segurua dela frogatu duelako. Horregatik, salneurri txikiagoa izan dezakete, eta horrek mesede egiten dio Osasun Sistema Nazionalari.

Nolanahi ere, aipatu behar da, generiko bat prezio txikiagoan merkaturatzen denean, markakoa behartuta dagoela salneurria jaistera eta generikoarenarekin berdintzera, erreferentzia-prezioen sistema erregulatzen duen martxoaren 21eko 177/2014 Errege Dekretuari jarraikiz. Finantzatutako farmakoen kasua da bakarrik, gainerakoetan aldeak ez dira aldatu behar.

Laburbilduz, hamar urte ondoren merkaturatuko bikiaz fidatu gaitezke. Izan ere, bi sendagaiak, jatorrizkoa eta kopia, bikainak dira eta pertsona askoren bizitza salbatzen dute.