Ekai Txapartegi eta Urko Gorriñobeaskoa

Sokal eskandaluak 25 urte: gauza guztien errudunak postmodernoak dira

Filosofia Saileko irakaslea eta Zientziaren Historia eta Filosofiako doktoregaia, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/07

Urko Gorriñobeaskoa eta Ekai Txapartegi
Urko Gorriñobeaskoa eta Ekai Txapartegi. Argazkia: UPV/EHU.
The Conversation
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

“‘Postmodernismo’ deitu dugun ‘Zeitgeist’ benetan ilunaren kritikan ekarpen mugatu baina original bat egiteko idatzi dugu liburu hau”.

Adierazpen irmo horrekin hasi zuten, Alan Sokalek eta Jean Bricmontek 1996an argitaratutako ‘Imposturas intelectuales’ obra polemikoaren lehenengo epigrafea. Lan horretan, editoreei eta akademiko postmodernoei zorroztasun falta, beren joera ideologikoen arabera jokatzea eta praxi txarra egozten zizkieten. Geure buruari galdetu diezaiokegu: postmodernismoa benetan zientzien etsai naturala da? Mota horretako iruzurrak ikasketa postmodernoekin eta giza zientziekin bakarrik daude lotuta? Azken urteetako polemika akademiko entzutetsuenetako batzuk aztertuz, galdera horiek pixka bat argitu daitezke.

Eman diezaiogun begiratu abiapuntua izan zen gertaerari: Sokal eskandaluari. 1996an gertatu zen, kultur ikasketei buruzko Social Text aldizkari akademikoak Alan Sokalen ‘Transgressing the Boundaries: Towards a Transformative Hermeneutics of Quantum Gravity’ artikulua argitaratu zuenean. Egileak txantxa eta engainu gisa idatzi zuen artikulu hori.

Artikulua zentzugabekeriaz beterik egon arren, aldizkari postmodernoak onartu egin zuen eta, hala, Sokalen susmoak baieztatu zituen: argitalpen horiek itxura ona zuen edozer onartuko zuten, haien lerro ideologikoaren barruan bazegoen. Kaleratu eta denbora laburrera, Sokalek engainu bat zela aitortu zuen eta horretarako arrazoiak argitu zituen.

Eskandaluaren eta Sokalen liburuaren aurreko erantzunak laster iritsi ziren. Jacques Derridak idatzi zuenez, Sokalek eta Bricmontek liburuan egiten zuten irakurketa izugarri sinplista zen. Egile frantziarraren arabera, Sokalek postmodernismoaren lastozko gizon bat egin zuen eta haren argudioek ez zuten oinarririk.

Baudouin Jurdant zientziaren filosofo frantziarrak hainbat adarretako zientzialari talde bat bildu zuen, Sokalen eta Bricmonten akusazioen zorroztasuna aztertzeko. Zientzialari horiek, gainera, ‘Imposturas intelectuales’ lanean aipatutako egileetan adituak ziren. Taldean idatzi zuten artikulu batean adierazi zutenez, Sokalek eta Bricmontek ez zituzten behar bezainbesteko sakontasunez ezagutzen kritikatu nahi zituzten ideiak. Beste alde batetik, zientzialari batzuek –Richard Dawkins, kasu– eta filosofo batzuek –Thomas Nagel, kasu– Sokalen eta Bricmonten lana goraipatu zuten eta ados zeuden giza zientzietako aldizkari askok beren joera politikoen eraginpean jokatzearen ideiarekin.

Hori ez da azken hamarkadetan akademia lotsarazi duen gezur intelektual bakarra. 2018an, James Lindsayk, Peter Boghossianek eta Helen Pluckrosek azpilanetan arituz sortu zuten antzeko iruzur bat ezagutarazi zuten. Hiru egileek itxura postmodernoko hogei bat artikulu idatzi zituzten, zentzugabekeriaz eta oinarririk gabeko tesiz beteta, baina arlo horietako ohiko terminologia zuzen erabiliz.

Artikulu horietatik guztietatik, gutxi gorabehera heren bat argitaratuak edo onartuak izan ziren; beste heren bat baztertuak; eta, gainerakoak, berraztertzeke zeuden gezurra azaleratu zenean. Sokalen kasuan bezala, eskandalu horrek bai goraipamenak bai kritikak eragin zituen akademikoen artean.

‘Benetako’ zientziek ere azkura ematen dute

Bi gezur horien emaitzak goraipatzen dituztenek gertaera horiek polemika handiago baten partetzat jo ohi dute: bi kulturen arazoaren partetzat. Itxuraz, modu horretako iruzurrak gizarte eta giza zientzien ikasketekin lotutako diziplinetan bakarrik egin daitezke, giza zientziei buruzko aldizkari postmodernoetan, zorroztasunik ez dutelako. Aldiz, “benetako” zientziak –fisika eta biologia, kasu– ikertu eta horiei buruz argitaratzen dutenak inoiz ez lirateke hain azpijoko sinplean eroriko.

Hala ere, azken urteetako historiak erakusten digu horrek ez duela zertan egia izan.

2002. urtearen inguruan, zenbait komunikabide antzeko eztabaida bat zabaltzen hasi ziren; kasu horretan, kosmologiaren arloari eragin zion. Polemika horren protagonistak bi anaia izan ziren, Igor eta Grichka Bogdanov, Frantziako telebistarentzat lan egiten zuten bi dibulgatzaile zientifiko. Dirudienez, egiazki fisikariak izatearen inguruan sortutako kezka batzuen ondorioz, anaiak Borgoinako Unibertsitatean doktorego tituluak lortzen saiatu ziren. Epe oso luze baten ondoren, graduatzea lortu zuten, beren arloko aldizkarietan artikulu batzuk argitaratzeko baldintzapean.

Bogdanovtarren tesiak eta artikuluak jendaurrean aurkeztutakoan, aditu batzuk aztertzen hasi ziren. Egile askoren ustez, haien lanak nahiko eskasak ziren, haien tesiek ez zuten zentzurik eta “Sokalen erako” eskandalu baten aurrean egon zitezkeen, baina alderantziz. John Baezek berak, itzal handiko matematikari estatubatuarrak, honako hau adierazi zuen haien lanaz: “Hitz tekniko egokiak ordena gutxi gorabehera zuzenean biltzen dituzten esaldi itxuraz onargarri multzo baten nahasketa da. Baina idatzitakoak ez du ez logikarik ez kohesiorik”. Harrigarria bada ere, Sokalek giza zientzietako aldizkari postmodernoez egindakoaren oso antzeko diagnostikoa da.

Baina hori ez da dena. 2005ean, MITeko hiru ikaslek txantxa gaizto bat egin zioten interes ekonomikoz betetakotzat jotzen zuten eszena akademikoari. Jeremy Stribling, Dan Aguayo eta Max Krohnen ustez, batzar zientifiko asko “curriculuma osatzeko” irrikatan zeuden ikertzaile gazteez ekonomikoki aprobetxatzeko antolatzen ziren. Horregatik, hiru gazteek beste lan batzuetako esaldiak eta teknizismoak ausaz nahasiz artikulu akademikoak automatikoki sortzen zituen AAko programa informatiko bat sortu zuten. Artikulu horietako bat urte horretako informatikaren arloko konferentzia batean onartu zutenean piztu zen polemika.

Azken urteetan iruzur akademiko ugari eta askotarikoak izan direnez, esan genezake mota horretako iruzurrak ez daudela editoreen joerekin bakarrik lotuta. Bogdanovtarren eta MITeko gazteen kasuek, besteak beste, mota horretako engainuak fenomeno poliedrikoak direla eta arrazoi askorengatik egiten direla adierazten dutela dirudi. Agian, aldizkari postmodernoetako editore batzuek malguegi jokatzen dute itxura ona besterik ez duten artikulu eskasekin. Baina horrek ez du ezkutatu behar gaur egungo errealitate akademikoa akatsez, berrikuspen metodo eskasez eta akademiatik kanpoko interesez beteta dagoela. Gainera, aipatu ditugun adibideetako batzuek erakusten duten bezala, mota horretako interesak eta gabeziak “benetako” zientzietan ere gertatzen dira.

Lan ibilbidean aurrera egiteko argitaratzea gero eta beharrezkoagoa den mundu honetan, non argitalpen lana eta konferentziak antolatzea irabazi handiko negozioak izan daitezkeen, nola ez da, bada, kopurua nagusituko kalitatearen aurretik?