null

STEAM Euskadi I. Sariak

Hezkuntzarako APP Azoka, mugikorretarako aplikazioaren erabilera ikasketarako baliabide gisa bultzatzen duen Bilboko Ingeniaritza Eskolako eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko baterako proiektua da finalistetako bat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/18

Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterreko Telematika espezialitateko eta Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleek urtero euren esfortzuak batuz mugikorretarako mugikorren aplikazioaren erabilera ikasketarako baliabide gisa bultzatzen duen Hezkuntzarako APP Azoka, ‘STEAM Euskadi I. SARIETAKO’ hamabi finalistetako bat da.

Sari horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Recerca per a l’Educació Científica i Matemàtica (CRECIM) zentroarekin eta Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, arteekin eta humanitateekin lotura duten zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako (STEAM, ingeleseko akronimoa dela eta) bokazio goiztiarrak bultzatzen dituen hezkuntza eredua sustatzeko jardunbide onenak aintzatesteko.
 
Lau urtetik hona, UPV/EHUren ekimen honek agerian utzi du komunikazioko teknologia berriek irakaskuntzan duten erabilgarritasuna, eta baita ikasteko baliabide gisa erabil daitezkeen mugikorretarako aplikazioen sorreran parte hartzen duten ikasleen trebetasuna ere. Azken edizioan hamar 'app' aurkeztu ziren, klima-aldaketaren arriskuei buruz kontzientziatzeko, ikasle ez-euskaldunen familiek seme-alabei euskarazko lanak egiten laguntzeko edo industria-ingeniaritzako ikasleei fluidoen mekanikarekin lotutako ikasgaietan kalkuluak arintzen laguntzeko, besteak beste. Hamar aplikazio horiek, aurreko edizioetakoekin batera, Google Play Storen daude eskuragarri, eta, beraz, jende guztiak eskura ditzake.

Lankidetzarako eta berrikuntzarako izpiritua

Tresna horien guztien garapena, Teknologia Telematiko Aurreratuetako, Telekomunikazio Ingeniaritzako Masterreko eta Hizkuntza eta Berrikuntzako bigarren mailako eta Lehen Hezkuntzako Graduko laugarren mailako ikasleek osatutako lantalde kooperatiboek egiten dute beti. Lankidetzarako eta berrikuntzarako izpiritu horrek Sarien hautaketa batzordearen aintzatespena merezi izan du. Batzordeak hamabi finalista hautatu ditu Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetatik, unibertsitateetatik, astialdiko elkarteetatik edo GKEetatik eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileetatik heldu diren 133 proposamenen artean.
 
Sariek lau kategoria dituzte, eta horietako bakoitzak 3.000 euro emango dizkio proposamen irabazleari. Horietatik, Hezkuntza APPen Azoka unibertsitatez kanpoko ikastetxea ez den edozein erakundek sustatutako ekimen berritzaileenari dagokion kategorian lehiatzen da, unibertsitatez kanpoko ikastetxeek euren kategoria propioa baitute.