euskaraespañol

Tania Vilak, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko gradudunak, GRALik onenaren saria lortu du “Merkataritza Banaketa” arloan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/01

Ezkerretik eskuinera: Patricia García,Tania Vila y Pilar Fernández
Ezkerretik eskuinera: Patricia García,Tania Vila eta Pilar Fernández.

Tania Vilaren GRALa, Oviedoko Unibertsitateko Ramón Areces Fundazioa Katedrak emandako sariaren irabazlea, Vitoria-Gastizeko Gasteiz On Merkatari Elkartearen eta Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen arteko lankidetzaren fruitu izan da.

Merkataritza Banaketako Ramón Areces Fundazioa Katedrak (Oviedo Unibertsitatea) Gradu Amaierako Lanik onenaren saria eman berri dio Tania Vila Resa ikasleari. Vila ikasleak UPV/EHUn egin ditu ikasketak, Vitoria-Gasteizen, eta, hain zuzen ere, Marketing Minorra egin du Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduan. Lanaren zuzendariak izan dira Pilar Fernández andrea, Vitoria-Gasteizeko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea, eta Patricia García andrea, Gasteiz On-eko gerentea.

Lanaren izenburua “Plan de mejora comercial del Centro y Ensanche de Vitoria-Gasteiz: Análisis de situación y propuestas de mejora” da eta UPV/EHUn egindako defentsan Ohorezko Matrikula lortu ondoren aukeratu zuten. Orain, Oviedo Unibertsitatean saria lortu du, sarian lehian zeuden Estatuko GRAL guztien artean bere lanak lortu baitu puntuaziorik onena: 9, 6 puntu. Aipatzekoa da, bestalde, Originaltasuna eta Emaitzen Garrantzia atalean lortutako puntuazioa.

Lana lankidetzaren fruitu izan da, Arabako Campuseko Ekonomia eta Enpresa Fakultateak (UPV/EHU) Gasteiz On Vitoria-Gasteizeko merkatari, ostalari eta zerbitzuen plataformarekin daukan lankidetzaren bidez egina, lankidetza horren helburuetako bat baita ikasleek zuzenean ezagutzea hiriko merkataritzak dituen ezaugarri eta funtzionatzeko modua. Ikasleei erakutsi nahi zaie hiriko merkataritzak bizi duen eraldaketa prozesua eta ikasle horiei erraztasunak ematea praktikan jar ditzaten marketing-ean eta plangintza estrategikoan lortutako ezagutzak.

Bi aldeen asmoa da lankidetzan jarraitzea merkataritzarekin zerikusia daukaten gaietan, eta enpresetan egiten diren praktiketan.