euskaraespañol

Teresa Rodriguez eta Alba Sanchez, Versus lehiaketaren irabazleak

UPV/EHUko ikasleek tourra hasi dute Estatuko sormen agentzia garrantzitsuenetan barrena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/14

Blanca Miguelez, Teresa Rodriguez eta Alba Sánchez, UPV/EHUko irakaslea eta ikasleak (Laura López. UPV/EHU)
Blanca Miguelez, Teresa Rodriguez eta Alba Sánchez, UPV/EHUko irakaslea eta ikasleak. (Laura López. UPV/EHU)

Teresa Rodriguez (Logroño, 1995) eta Alba Sanchez (Sevilla, Triana auzoa, 1995), UPV/EHUko Publizitate eta Harreman Publikoetako Graduko Arte Zuzendaritzako ikasleek Tour de c de c 2018 sormen programan parte hartzen dute, 20 unibertsitate eta sormen eskoletako 150 ikaslerekin lehiatu ondoren. Club de Creativos elkarteak antolatutako Versus lehiaketaren irabazleek Google expecies lana aurkeztu zuten WWF erakundearen “Stop tráfico de especies” kanpainarako, Blanca Miguelez UPV/EHUko irakaslearen gidaritzapean.  Hurrengo etapa Madrilen jokatzen da.

Teresa Rodriguezek eta Alba Sanchezek Sevillako Unibertsitatea partekatu arren, euren adiskidetasuna sendotu dute eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean bikote sortzaile (Dupla) bihurtu dira. Aurtengo ikasturtean, Sicue programaren bitartez, Bizkaiko Campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ikasten dute. Blanca Miguelez irakasle den Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko Arte Zuzendaritza ikasgaian elkarrekin lan egiten ikasi dute: Alba Sanchez publizitate erredaktorea da eta Teresa Rodriguez arte zuzendaria. “Elkarrekin oso ondo moldatzen gara”, dio Sanchezek. “Elkarren osagarri gara”, gaineratzen du Rodriguezek. Eta hain ondo egin dute bat, sorkuntza tourraren fase berrian elkarrekin jarraitzea erabaki dutela eta “ehuneko 200 emango dugu rankingean ahalik eta urrunen iristeko”, esan dute ia aho batez Teresa Rodriguezek eta Alba Sanchezek. 

Martxoaren 1etik maiatzaren amaierara arte, ikasleak sei publizitate agentziatan egongo dira.  Horietako bakoitzean, agentzia bakoitzeko sormen zuzendaritzarekin batera, kanpaina batean lan egingo dute. Ikasleek euren proposamena aurkeztuko dute eta sormen saileko arduradunak kanpainaren ideia, exekuzioa eta estrategia baloratuko ditu. Tourra amaitzean, antolakuntzak ranking bat osatuko du eskuratutako puntuazioekin eta, lortzen duten postuaren arabera, ikasleek agentzia bat aukeratu ahal izango dute euren praktikak bi hilabetez —sei hilabetetara luza daiteke— egiteko.

Versus esperientzia

2017ko abenduan, Blanca Miguelezek ikasleei Versus lehiaketan parte hartzeko proposatu zien, WWF elkartearentzako on line kanpaina bat diseinatuz.  Erronka, besteak beste, Teresa Rodriguezek eta Alba Sanchezek jaso zuten eta, azken orduan bazen ere, izena eman zuten.  “Gure izaera halakoxea da —diote biek—. Argi genuen, baina denborak aurrera egiten zuen eta epea amaitu baino pixka bat lehenago arte ez genuen izena eman, eta Blancari ezer esan gabe”.  Lehiaketa ikasleei zuzendua dago, baina irakasle batek gainbegiratu behar du.

Bi ikasleek, irakaslearekin batera, elkarren ondoan eta urrunetik lan egin zuten. Lehen lauhileko eskolak amaitu ondoren eta oporrak hasita, hirurak zuzenean harremanetan egon ziren Sevillatik, Logroñotik eta Bilbotik. “Blanca Miguelez guri laguntzeko prest egon da eguneko 24 orduetan asteko 7 egunetan eta gure sortzeko desordena ordenatu du”, esan du Sanchezek.  On line lanaren ondorioz Google expecies izeneko proiektu saritua sortu zen. “Kanpainak on line izan behar zuenez Google bururatu zitzaigun, on line baliabide nagusia baita”, zehaztu du Rodriguezek. Hemendik aurrera, bi ikasleek euren sinesgarritasuna beste proposamen eta kanpaina batzuekin garatu beharko dute, sormenaren maila gorenera heltzeko helburuarekin.