euskaraespañol

Helburua: 1.000 tona CO2 gutxiago emititzea

UPV/EHUk proiektu bat jarri du abian, The Planet App-rekin lankidetzan, unibertsitateko komunitateak kliman zer inpaktu eragiten duen jakiteko eta inpaktua murrizteko, karbono-aztarna zehazten duen aplikazio mugikor baten bidez

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2022/02/17

Irudia

Badakizu karbono-aztarna zer den? Jakin nahi duzu berotegi-efektuko zenbat gas emititzen dituzun? Eta nola murriztu? Euskal Herriko Unibertsitateak ekimen bat jarri du martxan, The Planet App-rekin lankidetzan, Unibertsitate-komunitatean eragiten ari garen karbono-aztarna aztertzeko eta urteko 1.000 tona CO<sub>2</sub> baliokide murrizteko. Horretarako, aplikazio mugikor bat deskargatu eta jarraibideei jarraitu baino ez da egin behar. Animatzen al zara?

Duela zenbait urte, Mario Molina, Kimikako Nobel sariduna (1995), Bilbon izan zenean, baten batek galdetu zion ea klima-aldaketan sinesten zuen. Hau erantzun zuen Molinak: “Klima-aldaketa ez da sinesmen-kontu bat, zientzia baizik”. Eta Basque Center for Climate Change (BC3) BC3k ematen dituen datuek ez dute zalantza-izpirik eragiten. Erakunde horretako zuzendari Elisa Sainz de Murietak UPV/EHU Kultura Zientifikoko Katedrak emandako hitzaldi, batean duela ez gutxi azaldu zuenez, “berotegi-efektuko gasen emisioak dira berokuntza globalaren eta klima-aldaketaren eragile nagusiak”. Gainera, Euskadin, 2019an, “gas horien ia bi heren garraiotik eta energiatik” zetozen. Eragin horretan, norberak jar dezake bere aletxoa eta inpaktu hori nabarmen murriztu.

UPV/EHUren Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak kalkulatu du urteko 210.000 tona CO2 baliokide ingurukoa dela Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-komunitate osoaren bizi-ohiturekin lotutako karbono-aztarna. Horrek barnean hartzen ditu Unibertsitateko jardueraren ondorioz egiten diren emisioak, bai eta etxeko klimatizazio- eta elektrizitate-sistemarenak, ibilgailu pribatu edo publikoko bidezko garraioarenak, elikadurarenak eta beste produktu eta zerbitzu batzuen kontsumoarenak ere.

Oso ekintza sinpleek, hala nola campusera joateko aukeratzen dugun garraiobidea, etengailua itzaltzeak klasetik edo tokiko produktuak hautatzeak, eragin garrantzitsua dute klima-aldaketan dugun eragina murrizteko. Horrenbestez, Euskal Herriko Unibertsitateak erronka bota nahi dio bere komunitate osoari, urtean 1.000 tona CO2 baliokide murritz ditzaten.

Parte hartu eta irabazi sariak “The Planet App”-rekin

Horretarako, Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak ekimen bat jarri du The Planet App erakundearekin lankidetzan: bizimodu iraunkorra izateko erronka, zeinaren bidez unibertsitateko komunitate osoa inplikatu nahi baitu klima-aldaketa geldiarazteko helburu horretan. Horretarako, gonbita egiten digu erronkan parte hartzera eta The Planet App mugikorrerako aplikazioa deskargatzera, maila pertsonalean karbono-aztarna murrizten espezializatutako aplikazioa da. Deskargatu ondoren, ipini erronkara sartzeko sarbide-kodea: UPVEHU eta jarraitu urratsei.

Ekimena Euskal Herriko Unibertsitateko eta EHUalumni-ko unibertsitate-komunitate osoari zabaltzen zaio. Aplikazioaren erabileraren osagarri gisa, The Planet App-k klima-aldaketaren jatorriari eta ondorioei buruzko informazioa emango du Instagram, Twitter, Facebook eta Linkedin bidez.

Erronkan parte hartzen duten pertsonen ahalegina aintzat hartzea ere aurreikusten du ekimenak; horretarako, sariak emango dizkie aplikazioan puntu gehien lortzen dituzten parte-hartzaileei. Klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta arazo horrekiko gizartea sentsibilizatzearekin konpromisoa duten erakundeek emango dituzte sariak.

Erronkak iraun bitartean, iraunkortasunarekin lotutako beste gai batzuk ere landuko dira, Agenda 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) ingurukoak. 13. GIH Klimaren aldeko ekintzari buruz ikasteaz gainera, helburu hauen inguruan ere ikasiko dute parte-hartzaileek: Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak (12. GIH), Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea (7. GIH), Hiri eta komunitate iraunkorrak (11. GIH), eta Osasuna eta ongizatea (3. GIH).

UPV/EHUko Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzatik adierazten dutenez, “erronkan parte hartzeak aukera emango dio unibertsitateko komunitateari bere ohiturak modu arrazoitu batean aldatzeko, eta bizitzako alderdi bakoitzean norberak klima-aldaketan eragiten dituen inpaktuei buruzko irizpideak eraikitzeko”.

“App-a euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri; hizkuntza automatikoki hautatzen da telefonoaren sistema eragilearen hizkuntzan oinarrituta”.

UPV/EHUko Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzaren kontzientziazioa

Ekimen honetaz gainera, Iraunkortasun eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak ibilbide luzea egin du iraunkortasunaren kultura eta gizarte-konpromisoa unibertsitateko komunitatean sustatzeko; besteak beste, egunerokoan norberak ingurumenean egiten duen inpaktua murrizteko berariazko ekimenak antolatu ditu, hala nola, ReActívate+ programa etorkizun iraunkorrago baten alde, elikagaien xahuketaren aurkako astea, eta Mugikortasun Iraunkorreko Europako Astea.