euskaraespañol

Thieme argitaletxe alemaniarrak UPV/EHUko bi Kimikako irakasle saritu ditu

Thieme Chemistry Journal Award 2020 sariak kimika organikoaren esparruan mundu mailako sona hartzen hasi diren ikerlarientzako aitortza dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/13

Irudia
Argazkia: Uxue Uria eta Arkaitz Correa. UPV/EHU.

Thieme argitaletxe alemaniarrak Thieme Chemistry Journal Award 2020 saria eman die Arkaitz Correari eta Uxue Uría, UPV/EHUko kimika arloko irakasle eta ikerlariei. Kimika organikoaren esparruan mundu mailako sona hartzen hasi diren eta irakaskuntza ibilbidearen hasieran dauden ikerlariei urtero ematen zaien saria da.

«Harro egoteko modukoa da saria, eta egindako lanaren ordaina. Ikerkuntza iraupen lasterketa bat da, beraz, horrelako sariak are gogo handiagoarekin aurrera egiteko bultzada dira. Aitortza horrekin, zalantzarik gabe, nire taldearen ikerketa lanaren nazioarteko ikusgarritasuna handituko da», nabarmendu du Correak.

Sariaren helburua da kimikari organikoen belaunaldi berriarentzako aitortza eta pizgarri profesional bihurtzea.  SYNTHESIS, SYNLETT eta SYNFACTS aldizkarien batzorde editorialeko kideek soilik hautatzen dituzte saridunak, etengabe ari baitira sintesi kimikoan eta katalisian edo kimika organikoari estu loturiko arloetan lan egiten duten talentu handiko gazteen bila.

«Sari oso garrantzitsua da niretzat. Thieme argitaletxe prestigiotsua denez sari banatzailea, mundu osora hedatzen da sariaren berria. Punta-puntako kimikari goretsienetako batzuek osatzen duten batzordeak hautatzen ditu saridunak», azpimarratu du Uriak.

Informazio gehiago

SYNTHESIS, sintesi kimikoaren aurrerabide zientifikoari buruzko paperezko nazioarteko aldizkaria da. Sintesiari loturiko kimika organikoko esparru guztiak hartzen ditu barnean, tartean, katalisia, organometalika, medikuntza, biologia eta fotokimika, baita diziplina lotu batzuk ere.

SYNFACTS aldizkarian, sintesi kimikoko egungo ikerketen emaitzen oinarriko bibliografia hautatu, ebaluatu, laburbildu eta iruzkintzen da esparruan esparruko adituen eskutik. Kimikari sintetikoen beharrak aztertzen dituzte hezkuntzan (ikasleak barne) eta industrian.

SYNLETT aldizkariak sintesi kimikoko ikerketen emaitzen eta joeren berri ematen du, berrikuspen pertsonalizatu laburren eta aurretiazko komunikazioen bidez. Sintesi organikoari loturiko kimika organikoko esparru guztiak hartzen ditu barnean, tartean, katalisia, organometalika, medikuntza, biologia eta fotokimika, baita diziplina lotu batzuk ere.