euskaraespañol

Eguneko irudia

UPVEHUren ikerketa batek komunikabideek transexualitatearen aurrean duten diskurtso aldaketa aztertu du

XXI. mendearen lehenengo bi hamarkadetan sexu aniztasunaren baitako gai honi komunikabideek eman dioten tratamenduaren bilakaera aztertu du Rubén Olveira Araujok

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/02

Rubén Olveiraren aburuz, trans komunitatearekiko pertzepzioa eta jarrera aldatu ditzaketela komunikabideek. | Argazkia: Fernando Gómez. upv/ehu.

“Mende honetako lehen hamarkadetan iraultza bat gertatu da transexualitatearekin lotutako gertakarien kazetaritza estaldurari dagokionez. Gaiak sortzen duen arreta mediatikoa hazi egin da eta, gainera, interes publikoko gaia bihurtu da; hala, murriztu egin da transexualitatearen deslegitimazio publikoa”, egiaztatu du Rubén Oliveira Araujok, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko ikertzaileak.

“Transexualitatea beti izan da albiste, baina azken bi hamarkadetan inflexio puntu bat ikusi dugu gaiaren  kazetaritza estaldurari dagokionez”, baieztatu du Oliveira Araujok bere “La (r)evolución del discurso de los medios de comunicación sobre la transexualidad: representación, construcción de agenda y transiciones sociales” tesian.

“XX. mendearen hasierako erdian zehar, transexualitatea noizbehinka agertzen zen prentsan, eta modu sentsazionalistan, trabestismoari buruzko edo berresleitze hormonal eta genitalerako kirurgiei buruzko kontakizunen bidez. Ondoren, bigarren mailako albisteetan agertu ohi zen, krimenekin, prostituzioarekin eta antzeko gaiekin lotutako istorioen bidez” dio ikerlariak.

Hala ere, Rubén Olveira Araujoren arabera, “XXI. mendean gaia lantzeko modua aldatu dute hiru faktore giltzarrik: Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Legea; 2013an kontzientziazio soziala handitu izana; eta 2017an Espainiako ‘Hazte Oír’ eskuin muturreko elkarte espainiarrak kaleratutako publizitate kanpaina, aurrez ‘Naizen’ elkarteak (Adingabe Transexualen Familien Elkartea) kaleratutako beste sentsibilizazio kanpaina baten aurka egiteko”. Ikertzailearen iritziz, 2007ko legea “lagungarria izan zen transexualitatearen estaldura mediatikoa dibertsifikatzeko eta gaia gertakarien ataletik eta berresleitze genitaleko ebakuntzetatik aldentzeko, eta, hala, beste ikuspegi batzuetatik ere lantzeko, hala nola lanaren ikuspegitik. Gainera, nortasunean eta erregistroko izenaren eta sexuaren aldaketan zentratu zen. Hala, transexualitatea genitaletatik harago ulertzera behartu zituen, nolabait, kazetariak eta gizartea”.

Bestetik, trans gaiak komunikabideen agendan sartzeko orduan, funtzio garrantzitsua izan dute hainbat baliok, hala nola gatazkak, aldizkakotasunak, ulergarritasunak eta giza interesak. Kazetarien sexua eta aurrez kazetaritzan izandako esperientzia, antza denez, ez dira faktore garrantzitsuak transexulitatearen estaldura mediatikoan. Hortaz, badirudi erredakzioetan gailentzen den balio sistemak baldintzatzen duela komunikabideek trans gaiei eskaintzen dieten arreta eta trans komunitatearen deslegitimatzea, baita kazetarien jarrera, balio eta sinesmen pertsonalek ere: “Komunikabideentzat, transexualitatea ez zen gai bat, uneko gai nagusiaren (adibidez, gertaerak) albiste izaera handitzen zuen ezaugarri edo osagarri bat baizik Eta, agendarik ez dagoenean, gizarteko jarrerak, sinesmenak eta balioak kopiatu edo islatu ohi dituzte komunikabideek. Jarrera, sinesmen eta balio haiek ez ziren oso atseginak transexualitatearekin. Azken finean, kazetariak ez dira taldetik kanpo dauden superheroiak, taldearen parte baitira. Ondorioz, gainerakoak bezain prestatuta egoten dira: normalean, gutxi samar”, adierazi du Olveira Araujok.

Errealitate horri aurre egiteko, trans adingabeen familien elkarteek komunikabideekiko harremanetan erabilitako estrategiek lagundu egin dute komunikabideek gaiari jartzen dioten arreta handitzen eta transexualitatearen estaldura orokorra hobetzen, narratiba horien berezko inpaktu emozionala aprobetxatzen dutelako. Espainian komunikabideek transexualitateari ematen dioten arreta nabarmen hazi da XXI. mendeko lehen bi hamarkadetan zehar, eta interes publikoko gai bihurtu da. Ondorio horretara garamatzate Naizen, Chrysallis, Daniela Fundazioa, Euforia eta Arelas taldeei egindako elkarrizketa sakonek, Naizen elkarteko izen emateen azterketak, Osakidetzako genero unitatera bertaratutakoen kopuruak eta 30.000 albiste baino gehiagoren edukiaren analisi kuantitatiboak (Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduaren teknikak erabilita).

Ikertzaileak bildutako ebidentzia enpirikoaren arabera, “euskal trans adingabeen trantsizio sozialak aurresaten ditu transexualitatearen (batez ere, haurren transexualitatea) estaldura mediatikoak. Bi eragiteko modu baloratzen dira. Bata identifikazioa izango litzateke. Ikusgarritasuna handiagoa denez, komunikabideetan aurkezten diren trans protagonistekin eta haien bizipenekin identifikatzen dira trans adingabeak eta haien familiak. Bestea, kemenaren bidez izango litzateke: komunikabideetan gainditze istorioak erakusten badira, transexualitatea modu positiboan tratatzen badute eta protagonisten inguru sozialak ongi hartu duela erakusten badute, trantsizio soziala egitera animatu ditzake horrek trans adingabeak eta haien familiak”.

Ikerlariaren iritziz “argi dago trans komunitatearekiko pertzepzioa eta jarrera aldatu ditzaketela komunikabideek. Gainera, eragin nabarmena izan dezakete pertsona horien identifikazio prozesuetan eta trantsizio sozialean. Zehazki, 2015 eta 2018 artean Euskadiko trans adingabeen identifikazio prozesuetan eta trantsizio sozialean komunikabideek nola eragin zuten frogatzen du tesi honek, modu enpirikoan, Naizen elkartean (Adingabe Transexualen Familien Euskadiko Elkartea) egindako izen emateen bidez. Tesian lantzen diren alderdi zehatzak alde batera utzita, “20.000 especies de abejas” (Estibaliz Urresola) filmaren inpaktu mediatikoaz galdetuta, ikertzailearen ustez, “azken hamarkadan indartzen ari den gizartearen kontzientziazio sozialeko prozesuaren emaitza da. Hain zuzen ere, duela hamar urte nekez egingo zuketen horrelako pelikula bat”.

Ez du uste film honek maila mediatikoan beste inflexio puntu bat markatuko duenik, baina oso garrantzitsuak iruditzen zaizkio mota horretako produktu kulturalak: “Komunikabide informatzaileak funtsezkoak izan ziren iraganean, eta gaur egun agenda publikoaren eta politikoaren ikuspegitik garrantzitsuak izaten jarraitzen badute ere, ziur asko, adingabe transen trantsizio sozialeko prozesuetan askoz eragin handiagoa izango dute horrelako produktu kulturalek, komunikabide informatzaileek baino; horregatik da garrantzitsua Urresolaren filmaren erakoak egitea”.