euskaraespañol

UPV/EHUko Uda Ikastaroak indarberrituta atera dira pandemiatik

40. edizioan, UPV/EHUko Uda Ikastaroak pandemia aurreko partaide kopurua berreskuratu eta nazioarteko publikoari zabaldu dizkiete ateak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/29

Irudia
Agustin Erkizia eta Itziar Alkorta. Argazkia: Justy Garcia. Uda Ikastaroak

UPV/EHUko Udako Ikastaroen Fundazioak bere 40. Edizioa oso positiboa izan dela adierazi du, aurkeztu duen balantzean. Itziar Alkorta zuzendari akademikoaren hitzetan, "behin betiko datuen zain, 2021eko edizioak 2019ko parte-hartzaile kopurura hurbiltzea lortu du, nahiz eta pandemia betean garatu diren eta inolako osasun gorabeherarik gabe garatu den".

Alkortak gogoratu nahi izan du, “Uda Ikastaroen 40. edizioa 4. olatuarekin hasi zen, eta uztailean eta abuztuan iritsi zen jarduera bere gailurrera, 5. olatu betean. Testuinguru horretan, ia pandemia aurreko partaide kopuru bera lortu da. Aste honetan eta urriaren lehenengoan oraindik ere ikastaro batzuk egingo direla kontuan izanik, 12.704 pertsonak parte hartuko dutela aurreikusten da; 2019an aldiz, 13.412  izan ziren partaideak”.

Udako Ikastaroen zuzendariak azpimarratu du “edizio hau osasun gorabeherarik gabe egin da, ezarritako neurriei eta ikastaroetako zuzendari, hizlari eta ikasleen laguntzari esker. Aipatutakoei beren laguntza eta kolaborazioa eskertu nahi diegu. Esperientzia honek, bertaratzea berreskuratzeko eta zuzeneko online eskaintza finkatzeko balio izan du, horri esker, hain zuzen, atzerriko herrialde askotako ikasleek parte hartu ahal izan dute”.

Alkortak nazioarteko parte-hartzea azpimarratu nahi izan du, pandemia gorabehera: "Ia 1.000 pertsona inguru matrikulatu dira Mexikotik, Brasildik, Argentinatik edo Kolonbiatik, eta Europa mailan hitz egin ezkero, gehienak Alemaniatik, Italiatik eta Frantziatik iritsi dira. Online ikastaroak kontinente guztietako ikasletara heldu dira, Australia barne”, baieztatu du.

Era berean, ikastaroetako zuzendariak euskarazko jardueretan izandako parte-hartzea nabarmendu du: 2021eko Udako Ikastaroetan parte hartu duten 12.704 pertsonak antolatutako 192 jardueretako batean edo batzuetan parte hartu dute. 44 euskaraz izan dira. Eta nahiz eta denak zuzenean online ere eskaini diren, 104 Gipuzkoan egin dira, 20 Bizkaian, 5 Araban, 2 Nafarroan eta 2 Iparraldean. 18 izan dira online zuzenean eman direnak, eta 41 iraupen luzeko on line ikastaroak. Horrez gain, jende ugarik parte hartu duen doako 13 jarduera ireki antolatu dira.

Udako ikastaroetako zuzendari akademikoak azaldu duenez, "2021eko ikastaroen ardatz nagusia 'Berrikasi' leloa izan da eta edizio hori 7 erronka sozialen inguruan antolatu da eta erronka horiek gaurkotasunari eta pandemia ondorengo etorkizun hurbilari erantzuten diotela ikusi dugu. Hala ere, azpimarratzekoa da Uda Ikastaroetan azaldu diren ideia eta galdera askoren zeharkakotasuna”, adierazi du.

Ohikoa denez, aurtengo edizioan lehen mailako erakunde eta aditu zientifikoek parte hartu dute ikastaro horietan, eta zazpi gai horien bidez antolatutako gaiei erantzun diete.