Suizidioa animalien bitartezko psikoterapiaren bidez prebenitzeko ikerlan batek HABRI-Human Animal Bond Research Institute erakundearen finantzazioa jaso du

Proiektu batek Estatu Batuetako erakunde horrek gizakion eta animalien arteko elkarrekintza ikertzeko urtero ematen dituen diru-laguntzetako bat jasotzen duen lehen aldia da estatu mailan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/26

Goretti Soroa, Alexander Muela eta Jone Aliri ikerlariak. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Estatu Batuan kokatuta dagoen HABRI-Human Animal Bond Research Institute izeneko erakundeak diru-laguntza bat eman dio Nekane Balluerka ikertzaileak zuzentzen duen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Qualiker ikertaldeari, ondoko ikerketa proiektua garatzeko: ‘Diseño, implementación y evaluación de un programa para la prevención del suicidio mediante psicoterapia asistida con animales para jóvenes en situación de riesgo’ [Arrisku egoeran dauden gazteei zuzenduriko animalien bitartezko psikoterapiaren bidez suizidioa prebenitzeko programa bat diseinatzea, gauzatzea eta ebaluatzea].

Gizakion eta animalien arteko elkarrekintzaren osasunarekiko onuraren ikerketak gauzatzeko HABRI erakundeak urtero ematen ditu diru-laguntzak. Aurten jaso dituen 40 proiektuetatik 5 diruz lagundu du HABRIk, UPV/EHUkoa tartean. Ikertaldeak 60.060 dolar jasoko ditu. Aukeraturiko beste lau ikerlanak Sydneyko Unibertsitatetik eta Oregon, Texas eta Vanderbilt (Nashville) Estatu Batuetako unibertsitateetatik datoz.

UPV/EHUko proiektuaren xede nagusia da programa bat diseinatzea, gauzatzea eta ebaluatzea, suizidioa animalien bitartezko psikoterapiaren (ABP) bidez prebenitzeko. UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Qualiker ikertaldeko kide Alexander Muelak azaldu duenez, “ikerlan ezberdinek animalien bitartezko psikoterapia aplikatu dute buruko osasuneko arazoak dituzten gazteekin. Aplikazioa bukatuta, ABPk egokitzapen psikosozial hobeagoa eta erresilienteagoa den jokabide bat sustatzen dituela ikusi da. Halaber, segurtasun handiagoa bultatzen du atxikitasunari dagokionez. Horrez gain, depresio sintomak, somatizazioa eta ezgaitasun sentimendua murrizten dituela ikusi da ere. Horrenbestez, ABPk suizidio arriskua gutxitzen duela (depresio sintomak) eta zenbait babes faktore (segurtasuna atxikitasunari dagokionez, egokitzeko gaitasunak) sustatzen dituela aintzat hartuz, egokitzapen psikosozialeko arazoak dituzten gazteen artean suizidioa prebenitzeko potentzialki oso baliagarria izan daitekeen esku-hartze bat izan daiteke”.

Proiektuaren barruan, Laura Oliva-Trastoyren doktorego tesia garatuko da. Tesia UPV/EHUko Psikologiako Doktorego Programan sartua dago.

“Gazteen suizidioa -gaineratu du Alexander Muelak- izaera globala duen osasun publikoko arazo bat da. Munduko gizarte guztietan eta bi sexuetan eragiten duen praktika bat da. OMEren datuen arabera, suizidioa da 15 eta 29 urte arteko mundu osoko gazteen artean heriotza gehien eragiten duen bigarren arrazoia; eta Espainian heriotza gehien eragiten duen hirugarren arrazoia da, kanpoko hilkortasun arrazoien eta tumoreen atzetik. Aurreikuspenen arabera, 2020. urterako suizidioak osasun arazoen zama guztiaren % 2,4a suposatuko du gutxi gorabehera. Aipatu beharra dago ere gobernuaren estatistikek ez dituztela suizidio saiakerak erregistratzen eta, ondorioz, litekeena da aipatu ditudan zenbakiak azpidimentsionatuta egotea. Honela, egindako azterketek diote 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean 100 eta 200 suizidio saiakera artean egiten direla burututako suizidio bakoitzeko".

UPV/EHUko ikertzaile honen ustez, gazterian egindako suizidioa gertakari konplexua da eta arrazoi ugari izan ditzake. “Buruko osasuneko arazoak izatea gaztaroko suizidioari loturiko arrisku faktore garrantzitsuenen artean dago. Europan eta Ipar Amerikan, alkohol eta drogen kontsumoaren eta depresioa eta antsietate nahasmenak agertzearen arteko konbinazioa suizidioari loturiko arrisku faktore nagusiena da. Asiako herrialdetan, aldiz, jokabide oldarkorra da suizidio ideiagintza eta jokabidea hobekien aurreikusten duena. Aipatu beharra dago ere iraganean suizidio saiakerak egin izana, nortasunaren nahasmenduak agertzea eta trauma ondoko nahasmendua pairatzea (haurtzaroan tratu txarren biktima izatearen ondorioz, adibidez) suizidio jokabideari lotuta daudela. Horrenbestez, eskuhartze programa bereziak aktibatu beharko dira suizidio arriskua prebenitu ahal izateko arrisku egoeran dauden artean”, amaitu du Muelak.

  • Qualiker Ikertaldeko kideak (Euskal unibertsitate sistemako A mailako taldea):
    • Nekane Balluerka
    • Arantxa Gorostiaga
    • Jone Aliri
    • Aitor Aritzeta
    • Goretti Soroa
    • Alexander Muela
  • Ikerketa proiektuaren doktoregaia:
    • Laura Oliva-Trastoy