euskaraespañol

Liburu batek berrikusi egiten ditu Gasteizko Erdi Aroa eta Aro Modernoa

‘Urbanismo, patrimonio, riqueza y poder’ liburuak XV. eta XVI. mendeko Gasteizko gizartearen panorama osoa eskaintzen du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/03

Irudia

Arabako Foru Aldundian egindako ekitaldi batean aurkeztu zen Urbanismo, patrimonio, riqueza y poder en Vitoria-Gasteiz a fines de la Edad Media e inicios de la Edad Moderna izeneko liburua. Egileak Ernesto García Fernández, José Rodríguez Fernández eta Ismael García-Gómez dira, eta beren lanak Gasteizko gizartearen panorama osoa eskaintzen du XV. mendearen erdialdetik XVI. mendearen hasierara bitartean. Liburu hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko euskal unibertsitate sistemaren ikerketa talde kontsolidatu batek, zehazki, ‘Euskal Herria, Europa eta Amerika: Lotura eta Harreman Atlantiarrak’ taldeak, egindako ikerketaren emaitzen parte da, eta Arabako Foru Aldundiak editatu du.

Lan hori beste mugarri bat izan da Gasteizko hiriaren historia ezagutzeko prozesuan. Dokumentu idatzi eta arkeologikoak daude gure arbasoek bizitako iragan historikoa hobeto ulertzeko ikuspegi zabalagoak izatea ahalbidetu duten etodologien aplikazioaren oinarrian. Paraleloki, ikuspuntu berriek eta orain arte argitaratu gabeko albisteek lagundu egin dute Gasteizko historia berriro ere definitzen, urbanismoa, ondarea, ur sarea eta etengabe mugimenduan eta eraldatzen ari zen gizarte gasteiztarreko bizimoduen bitartez.

“Obra honetan Gasteizko gizartearen panorama osoa eskaintzen da XV. mendearen lehen erdialdetik XVI. mendeko hasierara bitartean. Bereziki aipagarria da hiriko eliteak ez zirela hiria menperatu eta beren interes pribatuak ezarri nahi zituzten Gasteizko familia aberats gutxi batzuk. Pertsona horiek publikoa denarekiko sentsibilitate nabarmena zuten, eta ezin dugu hori aintzat ez hartu bidegabekeria historikorik egin gabe. Gainera, gizarte erreferentziazko eredu ziren gainerako herritarrentzat. Gasteizko garapen ekonomikoak eta prestakuntza sozialak eta instituzionalak asko zor diote kolektibo horri; izan ere, barrurako nahiz kanporako proiekzio jakina zuen gizarte egituratu eta kohesionatua sortzeaz ere arduratu ziren. Liburuaren ildo nagusiak lotu egiten ditu hiri bizitzako espazioak, aberastasuna, boterea, kultura eta ondareak hurbilpen metodologiko eta dokumental (material eta idatzi) berrien bitartez", azaldu dute egileek.

Hiria hiru ikuspuntutatik

Bolumen honetan jasotako hiru ikerketa lanen xedea da Gasteizko historiari buruzko eztabaida zientifikoa bultzatzea metodologia, diskurtso eta proposamen ezberdinetatik abiatuta.

Obra honek hiru kapitulu ditu. Lehenengoa, “Las elites de la ciudad de Vitoria a fines de la Edad Media y en el umbral de la Modernidad: patrimonio, fortuna y modos de vida” Ernesto García Fernández UPV/EHUko Historiako irakasle eta doktoreak egin du; bigarrena, “Tácticas arquitectónicas de una elite urbana en lucha por la supremacía política” UPV/EHUko Historian doktore Ismael García Gómezek, eta, azkena, berriz, “Elites urbanas y el control del agua como estrategia de obtención de rentas y significación social”, UPV/EHUko Historiako irakasle eta doktore José Rodríguez Fernándezek.

Lehen kapituluaren xedea da Gasteizko familia nagusien ondareari, aberastasunari eta bizimoduei egindako hurbilpen bat eskaintzea, ahaztu gabe familia horiek izan zituzten familiako, gizarteko eta politikako sare egiturak. Kapitulu horretan, zati nabarmena hartzen dute ondare higiezinak, kultura idatziak, hizkuntzalaritzak eta arteak.

Bigarren kapituluan, egileak arkitekturaren arkeologia izeneko metodologia baliatuz aztertu ditu desagertutako San Frantzisko komentuko kapera nagusia eta Magdalenaren kapera, modu horretan erregistro arkeologikoen eta testuen bitartez eskuratu diren hondakinetatik gizarte erreprodukzioko estrategiak bilatzeko. Gainera, parrokia tenpluetako eta hilobi espazioetako gizarte hierarkia baloratzeak zuzenean lotzen ditu analisi materialaren esparru horiek kanpoaldeko errealitate ekonomiko, sozial eta politikoarekin. Bestalde, hiriaren hegoaldeko Erdi Aroko harresi sistema ere zehaztasun handiz aztertu du. Hala, asmoa da batez ere Erremintari, Zapatari, Hedegile, Aiztogile, Pintore eta Barnekale Berria kaleetako hegoaldeko sarreretan zeuden portale, dorre eta hesien ondoan gertatutako bilakaera urbanistikoak hobeto ulertzea.

Hirugarren kapituluaren xedea da Gasteizek Erdi Aroan eta Aro Modernoaren lehen urteetan zuen ur sarea aztertzea, zehazki, hobeto ulertzeko nola uztartzen ziren interes publiko eta pribatuak uraren aprobetxamendu anitz eta, sarritan, gatazkatsuetan.

Irakurleak aukera izango du ezagutzeko zeintzuk izan ziren Gasteizko hirirako pentsatutako estrategia hidraulikoak; nola eta zergatik babesten zituen botere politikoak harresiak, hesiak eta defentsak; nolakoa zen Gasteizko familia aberatsen bizitza, zer-nolako gustuak zituzten eta zein eremutan bizi ziren; nolakoak ziren barrutik etxe edo jauregietako batzuk; nortzuk hasi ziren jauregi monumentalak eraikitzen; zer-nolako harremana zuten beren artean edo beste herri batzuetako familiekin; zein hizkuntza hitz egiten ziren Gasteizen eta inguruetan; zein zen emakumearen posizioa, zein egoera bizi zuten emakume izateagatik eta zein soldata jasotzen zuten etxetik kanpo eskuzko lanak egiten baldin bazituzten.