euskaraespañol

Burgoseko Prozesuaren testuingurua eta Euskadiren hurbileko historian izandako eragina aztertuko du erakusketa batek

Erakusketa honek garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko plazaratuko ditu eta azaroaren 20an inauguratuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Aranzadirekin eta UPV/EHUrekin batera antolatuta

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/12

Irudia
Burgoseko Prozesuari buruzko erakusketa. Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea

Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa batek gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azalduko du, baita Euskadiren  hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoak garaiko 173 dokumentu eta testigantza emango ditu argitara azaroaren 20tik urtarrilaren 26ra bitartean, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, Donostian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Euskal Herriaren hurbileko historiari eta lurraldean izandako giza eskubideen urraketei buruzko memoria bultzatzeko ahaleginaren testuinguruan.

Epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. Abenduaren 3tik 9ra bitartean, Meliton Manzanasen heriotzan ustez parte hartzeagatik ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Erakusketaren blokeetako batek gertakari horiek guztiak aztertuko ditu, Giza Eskubideen ikuspegitik. Euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile-mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan egin zuten gerra-kontseilua hura, gerora Burgoseko Prozesua izenarekin historiara igaro dena. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan (abenduaren 3an eta 4an) eta epaiaren ondoren (abenduaren 28an eta 29an), polizia-indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak Gipuzkoan salbuespen-egoera dekretatu zuen, hiru hilabeteko indarraldiarekin; salbuespen-egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, Gipuzkoan 200 atxilotu zeuden.

Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. Gau hartan bertan bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian eta 29an lan-geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoa bezalako herrialdeengandik, zigorpetuen indultua eskatuz. Azkenik, heriotza-zigorrak hilaren 30ean kommutatu ziren, batez ere gizarte-mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino, erregimenaren barne-krisia azaleratu zen eta bere irudiari nabarmen kalte egin zion gerra-kontseilu hark.

Erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da.