euskaraespañol

10.000ren bila!

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/06

Irudia
Ignacio María Barriola zentroan gazteak odola ematen | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gaur da Unibertsitate Osasungarrien eguna. Hori ospatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin du Unibertsitate Osasungarrien Sareak (REUS, gaztelaniazko izenaren arabera) jarritako erronkarekin, eta deialdi berezia egin du odola emateko. Helburua: sarea osatzen duten 58 unibertsitateen artean urrian 10.000 dohaintza lortzea.

Zergatik eman behar (eta beharko) da odola?

Odola ezin da ekoitzi, giza odolak bakarrik salba ditzake pertsonak.

Edonork beste pertsona baten odolaren beharra izan dezake egunen batean. Izan ere, 3 segundoan behin pertsona batek odola behar du.

Odola ematen duzunean, 3 bizitza salbatzen laguntzen duzu; izan ere, transfusio-zentrora iristean, poltsa 3 osagaitan banatzen da: hematiak (globulu gorriak), plasma eta plaketak, paziente bakoitzari bere beharren arabera transfusioa egiteko.

Odol-osagaien iraungipena oso laburra da: plaketak 5 egunera iraungitzen dira, globulu gorriak 42 egunera eta plasma urtebetera (hiru urtera, izozten bada).

Nork eman dezake odola?

Odola emateko, 18 urte baino gehiago eta 70 baino gutxiago izan behar dira, eta 50 kg pisatu, gutxienez.

Ezin da baraurik joan odola ematera. Eta bazkari oparo baten ondoren gutxienez bi ordu igaro behar dira.

450 cc odol ateratzen dira. eta ez du eraginik odol-bolumenean. Bolumen hori berehala berrezartzen da, likidoa edatean.

Urtean hiru odol-emate egin dezakete emakumeek eta lau gizonek. Plasmaren kasuan, urtean 25 aldiz eman daiteke.

Zergatik da garrantzitsua gazteak emaile bihurtzea?

Esan bezala, odola ematen hasteko gutxieneko adina 18 urtekoa da. Garrantzitsua da gazteek odola ematea, etorkizuna delako, gaixoentzakoeta transfusioa behar dutenentzako bizi-asegurua. “Gizartean, eremu guztietan, belaunaldi zaharra berriaz ordezkatzea behar izaten da, zenbait ekintza mantentzen direla ziurtatzeko. Odola ematearen kasuan, funtsezkoa da ordezkapen hori egotea, gure ohiko emaileak gero eta zaharragoak dira, eta une batean ezin izango dute gehiago eman, eta gazte horiek, osasunez eta bizitasunez beteak, adinekoak ordezkatu beharko lituzkete bizi-iturri hori inoiz ez lehortzeko”, dio Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa Fundazioko Nuria Patino Lópezek.

“Beharrezkoa da gazteak kontziente izatea —Fundaziotik azpimarratzen dute-, aurrerapen teknologikoak egin diren arren, odola ehun bizia dela eta odol-emateen bidez bakarrik lor daitekeela; erreserbei eusten saiatu behar da, iraungitze-data ere baduelako”.

“Emaile gazteak pertsona askoren bizi-itxaropena dira, eta jabetu behar dute gaur pertsona ezezagunak izan daitezkeela haientzat, baina bihar beraiek edo eurentzat garrantzitsua den edozein pertsonak beharko duela transfusio hori. Jasoko dutela ziurtatzea, gu guztion esku dago”, azpimarratu du Nerea Patinok.

Odola emateko kanpainak urrian

Ikasturtean zehar, Euskal Herriko Unibertsitateko campusek erauzketa-unitate mugikorrak jasotzen dituzte aldizka, Transfusioaren Euskal Zentrorako odola hartzera.

Hauek aurreikusten dira urrirako:

Arabako Campusa:

- Urriak 13 (9:15-14:00 eta 15:30 - 20:30): Letren Fakultatea (autobusa)

- Urriaren 18an (9:00-13:30): Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (Hezkuntza),

- Urriaren 20an (9:15-13:30): Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (Kirola) (autobusa);

- Urriak 24 (9:00-13:30): Farmazia Fakultatea

- Urriak 26 (16:15-20:30): René Cassin (autobusa)

- Urriak 27 (9:15-13:30): René Cassin (autobusa)

Bizkaiko Campusa

- Urriak 6 eta 7 (10:00-14:00), Mikel Laboa plaza

Gipuzkoako Campusa:

- Urriak 7 (9:30-13:30), Ignacio María Barriola Zentroa

Ostiral honetan odola ematera hurbiltzen diren guztiei Super Amarak emandako fruta banatuko zaie.