euskaraespañol

Unibertsitate publikoetako zazpi emakume errektore lehen aldiz bilduko dira genero berdintasunaren erronkak aztertzeko

Universitat Jaume I Unibertsitateak Espainiako 50 unibertsitate publikoetan errektoretzaren buru diren 7 emakume bakarrak hartuko ditu.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/22

Castellóko Universitat Jaume I-n, “Espainiako unibertsitate publikoen errektoreen goi bilera” izango da astelehen honetan, 2018ko azaroak 26., Unibertsitateak gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzeko aurrean dituen erronken inguruan gogoeta egiteko.

 “Generoari buruzko unibertsitate politikak, eztabaidan” izenburupean, topaketan errektore hauek parte hartuko dute: Nekane Balluerka Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatekoak; Eva Alcón Universitat Jaume I-koak; Pilar Aranda Universidad de Granadakoak; Margarita Arboix Universitat Autònoma de Barcelonakoak; M. Vicenta Mestre Universitat de Valènciakoak; M. José Figueras Universitat Rovira i Virgilikoak; eta Antonia Peña Universidad de Huelvakoak. Horiek aztertuko dituzte genero berdintasunaren arloan unibertsitateetan gauzatutako politiken arrakastak eta ahulguneak.

UPV/EHUko errektoreak topaketa honen garrantzia azpimarratu du: “Lehen aldia da herrialde honetako errektoreak halakotzat bilduko garela, eta horrek aukera emango digu Unibertsitateko jardueraren hainbat alderdi genero ikuspegitik aztertzeko. Duela urtebete, hiru errektore baino ez ginen eta, orain, zifra horren bikoitza gainditu dugu. Unibertsitatearen instantzia gorenetan emakumearen presentzia normalizatzea denbora tarte laburrean lortu beharreko helburua da”.

Goi-bilera zuzenean eskainiko da streaming bidez (http://jecom.uji.es/tv/directe.php), eta honako hauek inauguratuko dute: Eva Alcon UJIko errektoreak; Josefina Bueno Valentziako Generalitateko Unibertsitateetako zuzendari nagusiak; eta M. Teresa Lozano CRUE-Universidadeseko idazkari nagusiak.

Hezkuntza Ministerioaren azken datuen arabera, Espainiako unibertsitateetan matrikulatutako emakumeen kopurua ikasle guztien % 54 da. Hala ere, emakumeen presentzia ez da irakasleen % 40ra iristen, eta, maila gorenean —katedradunen kategorian—, %20 da bakarrik. Unibertsitate publikoen gobernu egiturari dagokionez —beren elkarteen sufragioaren bidez Errektoreordetzan sartzen den pertsona aukeratzen duten unibertsitate bakarrak dira—, une honetan, emakumezko 7 errektore baino ez daude 50 unibertsitateetan.

Topaketa amaitzeko, konklusioak azalduko dira eta Castellóko Adierazpena irakurriko da.