euskaraespañol

Unibertsitateen 9 Taldeak Marokoko unibertsitateekiko lankidetza indartu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/31

Irudia

Gaztela-Mantxako Unibertsitateak (UCLM) Unibertsitateen 9 Taldearen (bertako kide da UPV/EHU) eta Marokoko Conférence des Prèsidents D'Université elkartearen arteko topaketa hartu zuen ostiralean, Toledon. Miguel Ángel Collado errektore anfitrioia buru zuela, bileraren xedea izan zen harreman instituzionalak indartzea eta ikasleen, irakasleen nahiz administrazio eta zerbitzuetako langileen nazioarteko mugikortasunaren arloan, graduko zein graduondoko irakaskuntzaren arloan eta ikerkuntzaren arloan lankidetzan jarduteko mekanismoak erabakitzea.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean, Nekane Balluerka errektorea joan zen bilerara. Hedabideen aurreko agerraldi batean, Kantabriako Unibertsitateko errektore eta G9ko egungo presidente den Ángel Pazosek azaldu zuen topaketak Marokoko unibertsitateekiko lankidetzari bultzada berria emateko balioko duela: “Taldeko unibertsitate guztiek dituzte lankidetzarako akordio zehatzak eta programa espezifikoak Marokoko unibertsitateekin; orain, sistematizatu egin nahi ditugu, eta ikusi ea zer eremutan indartu behar den kooperazioa, nagusiki ikerkuntzan, titulazio bikoitzen sorreran, doktorego tesien tutoretzakidetzetan, jardueren antolakuntzan eta ikasle, irakasle nahiz administrazio eta zerbitzuetako langileen trukean”.

Marokoko Hezkuntza Ministerioko idazkari nagusi den Mohamed Abousalahek ere hitz egin zuen, eta azpimarratu zuen beharrezkoa dela bultzada ematea “arlo zientifikoko harremanei eta helburu berriak ezartzea unibertsitateen arteko trukeetarako”, eta nabarmendu zuen “Espainiako eta Marokoko unibertsitateen arteko kooperazioa bi herrialdeen arteko kooperazioaren maila berean dagoela”.

G9ren eta CPUren arteko topaketan Kantabriako, Gaztela-Mantxako, Extremadurako, Balear Uharteetako, Errioxako, Oviedoko, Euskal Herriko eta Nafarroako errektoreek parte hartu zuten. Marokotik, aldiz, ibn Tofail Unibertsitateko (Kenitra) errektore eta CPUko presidente den Azzeddine El Midaouik, eta Sidi Mohammed Ben Abdellah (Fez), Sultan Moulay Slimane (Béni Mellal), Ibn Zohr (Agadir), Chouaib Doukkali (El Jadida) eta Moulay Ismail (Meknes) unibertsitateetako errektoreek parte hartu zuten.