euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 Taldeak eskatu dio Unibertsitateetako Ministerioari berehala indargabetu dezala Wert Dekretua

G-9 Taldeko Errektoreen Batzar Nagusia elkartu da gaur Errioxako Unibertsitatean

Lehenengo argitaratze data: 2020/02/11

Irudia

Unibertsitateen G-9 Taldeak erabaki du Unibertsitateetako Ministerioari eskatzea Wert Dekretu izenez ezagutzen den araua (14/2012 Errege Lege Dekretua, apirilaren 20koa, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa) berehala indargabetu dezala.

Erabaki hori Unibertsitateen G-9 Taldearen Errektoreen Batzar Nagusian hartu da. Batzarra gaur goizean egin da, otsailaren 7an, Errioxako Unibertsitatean, eta haren errektore Julio Rubiok hartu du bere gain taldearen sei hilabeteko lehendakaritza.

Batzarraren izenean, Rubiok adierazi du «zaharkituta» geratu dela egun indarrean den eta unibertsitate eremuan Wert Dekretu izenez ezagutzen den araua; izan ere, G-9 Taldearen ustez, «maila guztietan arazoak sortu besterik ez du egiten».

Ildo horretan, Unibertsitateen G-9 Taldeak uste du dekretua gaindituta dagoela, eta azaldu du Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarraren (EUEB) eremuan badagoela adostasun orokor bat Espainiako unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileen lan ibilbidea erregulatzeari dagokionez.

G-9 Taldearen iritziz, banaezinak dira irakaskuntza, ikerkuntza eta transferentzia, eta irakasle eta ikertzaileen jarduna modu malgu batean arautu behar da, irakaskuntzari kalte egin gabe.

Bestalde, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerkak, EUEBren Batzorde Iraunkorreko kide den aldetik, erakunde horrek Toledon egin duen azken batzarrean egindako aurrerapauso batzuk laburbildu ditu. Zehazki esan du unibertsitatearen hiru misioen –irakaskuntza, ikerkuntza eta transferentzia– esparruko erronkei heldu zaiela, pertsonengan arreta berezia jarrita, eta kontuan izanda finantzaketa ezinbesteko palanka dela erronka horiei erantzun ahal izateko. Hori guztia unibertsitate lege berri batean gauzatu beharko litzateke, eta, errektoregoen ustez, beharrezkoa da hura sustatzea koiuntura politiko berrian. Ildo horretan, Unibertsitateen G-9 Taldeak adierazi du, ez balitz posible izango lege berria egitea, konfiantza duela errege dekretuen bidez aldaketak egingo direla EUEBk ezarritako lerroetan aurrera egiteko.

Gai horiek jorratzeaz gain, Batzar Nagusiak berretsi du G-9 Taldeak Garapen Jasangarrirako Helburuekin duen konpromisoa, eta lantalde espezifiko bat eratu du horretarako. Era berean, unibertsitateen arteko barne mugikortasuneko mekanismo bat garatzea erabaki da, genero indarkeriako kasuetarako eta familia kontziliaziorako.

Azkenik, Batzar Nagusiak onetsi du bere izena eguneratzea; hemendik aurrera, Unibertsitateen G-9 Taldearen Errektoreen Batzar Nagusia izango da.

Unibertsitateen G-9 taldearen lehendakari berria

G-9 Taldearen Lehendakaritzaren esku aldaketa izenpetu da Batzarrean.

Errioxako Unibertsitateko errektoreak, Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedradun Julio Rubio jaunak, bere gain hartu du Unibertsitateen G-9 Taldearen sei hilabeteko Lehendakaritza.

G-9 Taldearen Errektoreen Batzar Nagusiko kidea da Rubio, bai eta Taldeko Ikasleen Batzorde Sektorialaren lehendakaria ere, zeinak integratzen baititu bere autonomia erkidegoko espainiar unibertsitate publiko bakarrak.

Errioxako Unibertsitateko errektorea izango da lehendakaria 2020ko ekainaren 30era arte, lekukoa Llorenç Huguet Balear Uharteetako Unibertsitateko errektore eta katedradunari hartu ostean.

Aipamen biografikoa

Julio Rubio García (Tarazona, 1963) Konputazio Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da. Zientzietako doktorea Zaragozako Unibertsitatean, eta doktorea Grenobleko Unibertsitatean (Frantzia). 10 doktorego tesi zuzendu ditu. Ikertzaile nagusi izan da tokiko, eskualdeko, estatuko eta Europako proiektuetan.

50 artikulu baino gehiago argitaratu ditu inpaktua duten nazioarteko aldizkarietan, eta bere ikerketa esparruko mundu mailako batzar prestigiotsuenetan parte hartu du. Azken urteetan ekarpenak egin ditu adimen artifiziala irudi biomedikoen prozesamenduan aplikatzeari dagokionez, beste gai batzuen artean. Errioxako Unibertsitateko Informatikako Ikerketa Taldea koordinatzen du, eta askotariko enpresekin transferentzia egiteko proiektuak zuzendu ditu.

Irakasle titularra izan zen Zaragozako Unibertsitatean 1992tik, 2001ean Errioxako Unibertsitatera mugitu zen arte. Eskolak eman ditu informatikaren arloan, 1986tik gaur egunera arte.

Errioxako Unibertsitateko errektore 2016ko maiatzetik, Campus Iberus partzuergoaren lehendakaria da egun.

Unibertsitateen G-9 taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea (G-9) dagokien autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitateek osatutako elkarte bat da. Hauek dira unibertsitate horiek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

G-9 Taldeko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle-ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte.

Hauek osatzen dute G-9 Taldeko Errektoreen Batzar Nagusia:

Errioxako Unibertsitatea:

  • Julio Rubio García. Errektorea.

Kantabriako Unibertsitatea:

  • Ángel Pazos Carro. Errektorea.

Gaztela-Mantxako Unibertsitatea:

  • Miguel Ángel Collado Yurrita. Errektorea.

Extremadurako Unibertsitatea:

  • Antonio Hidalgo García. Errektorea.

Balear Uharteetako Unibertsitatea:

  • Llorenç Huguet Rotger. Errektorea.

Oviedoko Unibertsitatea:

  • Santiago García Granda. Errektorea.

Euskal Herriko Unibertsitatea:

  • Nekane Balluerka Lasa. Errektorea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa:

  • Ramón Gonzalo García. Errektorea.

Zaragozako Unibertsitatea:

  • José Antonio Mayoral Murillo. Errektorea.

Unibertsitateen G-9 Taldea:

  • Jorge Martín Castro. Idazkari nagusia.