euskaraespañol

Unibertsitateen G-9 taldearen Eraldaketa Digitaleko Batzorde Sektoriala Errioxako Unibertsitatean bildu da

Lehenengo argitaratze data: 2022/11/03

Irudia
Eraldaketa Digitaleko Batzorde Sektoriala | Argazkia: Universidad de La Rioja

Unibertsitateen G-9 taldearen Eraldaketa Digitaleko Batzorde Sektoriala eta informazio teknologien eta zerbitzu informatikoen arduradunak Errioxako Unibertsitatean bildu dira urriaren 28an (ostirala), eta unibertsitate publikoek digitalizazioaren arloan aurrez aurre dituzten erronka eta estrategietako batzuk aztertu dituzte.

Honako hauek parte hartu dute Eraldaketa Digitaleko Batzorde Sektorialean –Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ramón Gonzalo García da batzordeburua–: José Díaz Cuestak (Errioxako Unibertsitatea), Mario Mañana Cantelik (Kantabriako Unibertsitatea), Ismael García Vareak (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), Juan Hernández Núñezek (Extremadurako Unibertsitatea), Secundino José González Pérezek (Oviedoko Unibertsitatea), Francisco Javier Fabra Carok (Zaragozako Unibertsitatea), Juan José Unzilla Galánek (Euskal Herriko Unibertsitatea), Edurne Barrenechea Tartasek (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Loren Carrasco Martorellek (Balear Uharteetako Unibertsitatea), Jorge Martín Castrok eta David Benito Pertusak (Unibertsitateen G9 taldea).

Ramón Gonzalo NUPeko errektore eta batzordeburuak zera nabarmendu du: “Unibertsitatea eraldaketa handi batean eta trantsizio aldi batean murgilduta dago. Eraldaketa horren barruan, digitala dago. COVID-19ak eragindako krisi sozial eta ekonomikoak bultzatu dute hura. G-9 taldeko unibertsitateek zerbitzurik onena eman nahi diete herritarrei eta, horretarako, digitalizatzeko apustua ezinbestekoa da, bai eta etorkizuneko apustu bat ere”.

Programatutako lan saioetan, unibertsitateetako arlo digitaleko arduradunek bi eztabaidagai izan dituzte: batetik, zer helburu bildu behar dituzten eraldaketa digitalerako plan estrategikoek eta, bestetik, digitalizazioa unibertsitateetan eragiten ari den aldaketen kudeaketa. Gainera, zenbait esperientzia jakin, jarraitutako metodologia eta ateratako ondorioak aurkeztu dira.

Batzorde Sektorialak, gainera, honako hauek jorratu ditu: unibertsitateak arlo digitaletik berritzeko, eraldatzeko eta modernizatzeko Unibertsitateen Ministerioko UniDigital proiektuaren aurrerapenak eta arazoak, arrakala digitalaren aurrean egin beharreko jarduketak, multifaktorearen ezarpena eta unibertsitateek kontabilitate analitikoaren arloan izan ditzaketen sinergia eta elkarlan posibleak.

Azken lan jardunaldian, David Benito Pertusa Capus Digital Partekatuko zuzendariak eginkizunen txostena aurkeztu du, eta ikasturte honetan egiten ari diren G-9 taldeko online campuseko online prestakuntzako planen datuak nabarmendu ditu.

Guztira, 2.231 matrikula izan dira administrazio eta zerbitzuetako langileei zuzendutako 49 ikastaroetan; 1.242 matrikula irakasle-ikertzaileei zuzendutako 29 ikastaroetan; eta 668 matrikula doktoregaiei zuzendutako online planean, 15 irakasgaiko eskaintza batekin.

Eraldaketa Digitaleko Batzorde Sektorialaren saioen aldi berean, G-9 taldeko unibertsitateetako informazio teknologietako eta zerbitzu informatikoetako arduradunak Logroñon bildu dira, unibertsitateek eraldaketa digitaleko prozesu horretan jorratu behar dituzten gai tekniko batzuk aztertzeko.

Honako hauek parte hartu dute lan saioetan: Luis Miguel Rey Aguillok (Errioxako Unibertsitatea), Alfonso Iglesias Martínezek (Kantabriako Unibertsitatea), Andrés Pradok (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea), Irene Fernández Menéndezek (Oviedoko Unibertsitatea), Nekane Zaldua Legorburuk (Euskal Herriko Unibertsitatea), Juanra Bastarrica Larraurik (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Jaume Prohens Vadellek (Balear Uharteetako Unibertsitatea).

Aztertutako gaien artean, informazio teknologietako eta zerbitzu informatikoetako arduradunek hauek aztertu dituzte: atzerapen teknologikoa saihesteko planak, zerbitzu informatikoen espazioen eta erreserben kudeaketa eta optimizazioa, kontratazioko esperientziak eta IKTen arloko kontratazio bateratuak egiteko aukera, azpiegituren migrazio estrategiak eta hodeira egindako zerbitzuak.

Gainera, informazio teknologien hainbat unitate edo arlo talde bateratu bihurtzeko estrategiak eztabaidatu dira, erakundearen premiei eta helburuei modu eraginkorrean erantzuteko eta Erasmus Without Paper sarean integratzeko.