‘UniDibertsitate Eguna’-k gorazarre egingo dio Empar Pinedari, mugimendu antifrankista, feminista eta LGTB mugimenduko ekintzaile historikoari

Ekitaldian, izen bereko sariak banatuko zaizkie inklusio alorrean nabarmendu diren GRAL eta MAL lanei eta I. UniDibertsitate lehiaketan saritutako film laburrei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/10

Empar Pineda
Empar Pinedak ezin izan du ekitaldira etorri bere osasun egoera delikatuagatik; haren ordez, senide batek jaso du saria.

UPV/EHUk omenaldia egin dio Empar Pinedari, mugimendu antifrankista, feminista eta LGTB mugimenduko ekintzaileari, unibertsitateko kideek sexu eta genero dibertsitatea aldarrikatzeko aukeratu duten egunean. Gainera, aldarrikapen hau jasotzen duten gradu amaierako lanen (GRAL), master amaierako lanen (MAL) eta film laburren lehiaketen sariak ere banatuko dira.

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHUk), Bilboko Hezkuntza Fakultateko Juliana Agirrezabala aretoan, “UniDibertsitate Eguna” ospatu du. Unibertsitateko kideek egun hau erabili nahi dute sexu eta genero aniztasunaren defentsarekin duten konpromiso irmoa erakusteko.

Oraingo honetan, Berdintasun Zuzendaritzak gorazarre egin nahi dio mugimendu feministako eta LGTB mugimenduko ekintzaile historiko bati, Empar Pinedari.  Aitortza horren erakusgarri, UPV/EHUk lehen aldiz antolatu ditu “LGTB ikuspegia UPV/EHUko Gradu Amaierako Lanetan (GRAL) eta Master Amaierako Lanetan (MAL) barne hartzearen Empar Pineda Sariak". Egitasmoak oso harrera ona izan du, eta gaur banatu dira sariak.

Empar Pineda: ekintzaile antifrankista, feminista eta LGTB

Empar Pinedak (Hernani, 1944) ibilbide luze eta oparoa egin du, Marta Luxan Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterreko irakasleak gaur azaldu duen moduan. Omendua ezin izango da ekitaldian egon, une honetan dituen osasun arazoengatik. Hala ere, protagonistak, bideo batean, bere eskerrak adierazi eta gogoetak helaraziko dizkie ekitaldian bildutakoei. Bideoa online ikusi ahal izango dute ekitaldian era birtualean parte hartu nahi duten pertsona guztiek.

PInedak mezuan dioenez, “bikaina iruditzen zait unibertsitateak egitasmo hauekin duen asmoetako bat sexu eta genero aniztasuna errespetatuko duten espazioak zabaltzea izatea”.

Halaber, nabarmendu duenez, “ilusioa egiten dit Euskal Herriko Unibertsitatea izatea urratsa egitea erabaki duena, nik ezin izan nuelako unibertsitate publikoan ikasi, euskal kultura inola ere ez zabaltzea helburu zuten politika frankisten ondorioz”.

Gogoratu duenez, Madrilera joan behar izan zuen ikastera, eta gero Bartzelonara, “unibertsitatetik bota nindutelako nire militantzia antifrankistagatik. Hor jabetu nintzen emakumeen egoeraz, eta emakumeen ikusezintasunaren aurka borrokatzeari ekin genion, feminismotik”. Horri gehitu behar zaio beste hainbat alorretan egin duen lana: LGTBI kolektiboen defentsa, prostituten eskubideak, emakume migranteak eta, berak dioenez, “aintzat hartzen ez diren baztertutako pertsona guztiak. Niretzat, hori dena defendatzea ezinbestekoa da; are gehiago gaurko garaietan”.

Empar Pineda Sarien I. edizioa

Ekitaldian, Aitor Zurimendi Unibertsitateko idazkari nagusiak sariak banatu dizkie “LGTB ikuspegia UPV/EHUko Gradu Amaierako Lanetan (GRAL) eta Master Amaierako Lanetan (MAL) barne hartzearen Empar Pineda Sarien" I. edizioan saritutako ikasleei, baita film laburren I. UniDibertsitatea Lehiaketako irabazleei ere.

GRAL eta MAL sailean, edizio honetako irabazleak izan dira: euskaraz egindako lanen lehen saria izan da Maddi Erauskin Adarragaren GRALarentzat, Haur Hezkuntzako Graduko ikaslea (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea), euskaraz eginiko bere lanagatik: “Loratuz. Haurren sexualitate eta sexu hizketaren dibulgaziorako euskarri digitala”.

Akzesita izan da Eva Perez-Pons Andraderentzat, Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterreko ikaslea, “Bollera identitatetik subjektu politikoaren egituraketara: Hego Euskal Herriko bollera taldeen diskurtso eta praktiketara bidaia” lanarengatik.

Bestetik, gaztelaniaz egindako lanen lehen saria izan da Estíbaliz Cepa Rodríguezen lanarentzat, Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterreko ikaslea (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea), “Resiliencia, inteligencia emocional e identidad en lesbianas, gais y bisexuales (LGB)” izeneko MALagatik.

Akzesita izan da Ander Lizarralde Arrietarentzat, Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterreko ikaslea (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea), “Aproximación al drag desde una perspectiva antropológica, feminista y queer” izeneko MALagatik.

“Film laburren I UniDibertsitatea leihaketako” sariak

Lehiaketa hau jasota dago III. Berdintasun Planean eta helburutzat du “sexu orientazioa eta genero aniztasuna errespetatuko dituen giro bat sustatzea unibertsitatean”.

Lehen edizio honetan, lehen saria (350 €) izan da Maider García Merinorentzat, “No deberías” izeneko film laburragatik. Bi akzesitak izan dira, hurrenez hurren, Ane Zugaza Goienetxea eta Ane Martinez Juezen “Maverique” film laburrarentzat, eta Asier Fuentes Ajuriaguerraren “Ni ere bai” lanarentzat.

Itzulerarik gabeko bidea

Duela urte batzuk, Euskal Herriko Unibertsitateak bere gain hartu zuen LGTB+ kolektiboen eskubideak aldarrikatzeko eta gauzatzeko beharra, ez bakarrik paperean, baita eskubideak errealitate bihurtuko dituzten egitasmoak bultzatuz ere. Beste konpromiso batzuen artean, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak hirugarren sexu marka onartu zuen 2017an, eta aukera eman zion horrek edozein ikasleri bere burua “ez-binario” gisa identifikatzeko.

Berdintasun Zuzendaritzak beste egitasmo batzuk ere jarri ditu abian, hala nola, sexu aniztasunari buruzko ikastaro birtualak, sendotuz doazenak urtetik urtera. Jadanik hiru edizio egin dira eta gero eta harrera beroagoa egiten diete unibertsitateko kideek.

Ekitaldia online ikusteko:

Facebook: [ikusi]

EHUTB: [ikusi]