euskaraespañol

UPV/EHU eta EAEko Auzitegi Nagusia lankidetzan: prestakuntza juridiko-kriminologikoa, interes soziala duten gaiei buruzko eztabaida eta ikerketa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/15

Irudia
Eva Ferreira eta Iñaki Subijana | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Gaur goizean elkartu dira Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, eta Iñaki Subijana, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentea, erakunde biek hainbat arlotan duten lankidetza formalizatu eta estutzeko asmoz. Hitzarmenaren bitartez, arlo akademiko eta profesionalaren arteko harremana sendotu nahi da erakunde bientzat interes handikoak diren hiru esparrutan. 

Ferreira errektore andrea pozik mintzatu da lankidetza hitzarmen honen inguruan: “sistema judizialak eta unibertsitate publikoak denbora laburra generaman elkarrekin lanean; baina, lanerako ildo hauek finkatuta, orain arte baino estuagoa izango da bion arteko lankidetza. Gainera, ideiak eztabaidatzeko eta informazioa transmititzeko gune baliotsua sortuko dugu, legelari profesionalei nahiz mundu akademikoan, Zuzenbidearen eta Kriminologiaren arloetan, diharduten profesionalei zuzenduta. Sortu dugun leloaren adibide argia da hitzarmen hau: unibertsitatea jendartearen erdigunean jarri nahi dugu, eta jendartea unibertsitatearen erdigunean”. 

Bestalde, Iñaki Subijanak, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak, adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Presidentetzak duen programaren helburuetako bat da Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza esparru instituzional bat ezartzea. 

Lehenik eta behin, Zuzenbideko eta Kriminologiako graduetako Practicuma egiteko aukera bikaina ematen du sistema judizialak. Hala, irakasgai hori sistemako organo eta erakundeetan egiteko aukera eman nahi zaie ikasleei, legelari eta kriminologoen prestakuntza teorikoa osatuko duten ezagutza praktikoak eskura ditzaten.  

Bigarrenik, jendartean interesa pizten duten hainbat gairi buruzko hausnarketa bideratzeko foroak sortzea erabaki dute bi erakundeek (UPV/EHU eta EAEAN); horrela, sistema ezberdinetako profesionalen arteko elkarrizketa sustatu nahi da eta, bide batez, herritarrek gai honen inguruan izan ditzaketen kezkak argitzeko aukera eman. Gainera, diziplina ezberdinetako ikasleen artean hausnarketa ez arautua sustatzeko bide emango da horrela, eta sistema horietako guztietako profesionalekin elkarrizketa dinamizatuko da (tartean sistema judizialekoekin). Foro hau indartzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak EHUgune eskainiko du, unibertsitatearen eta jendartearen arteko topagunea, kultura zientifikoa eta eztabaida sustatze aldera. Horrekin lotuta, mahai inguru bat antolatuko da datorren ostiralean, Bizkaia Aretoan, non Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko 10/2022 Lege Organikoan diseinatutako esparru penala aztertuko baita. Bertan parte hartuko dute Iñaki Subijanak, EAEANeko presidenteak, Adela Asuak, Konstituzio Auzitegiko presidenteorde emerituak, eta Elena Larraurik, Zuzenbide Penaleko eta Kriminologiako katedradunak, zeina Euskal Herriko Unibertsitateko Honoris Causa doktore izendatuko baitute arratsalde horretan bertan. Ondoren, antzeko beste jarduera bat egingo da azaroan Donostian, heriotza prozesuetan laguntzeari buruz. 

Hirugarrenik, erakunde biek ikerketa arloan jarduteko esparru koordinatu bat ezarriko dute. Norabide bikoa izango da koordinazio esparru hori; batetik, unibertsitateko ikertzaileek sistema judizialean erregistratuta dagoen informazioa eskuratzeko aukera erraztuko du eta, bestetik, sistema judizialak epaitegi eta auzitegien funtzionamenduaren intereserako izan litezkeen ikerketa akademikoen berri izatea bultzatuko du.