euskaraespañol

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 494,5 M €-ko aurrekontu proiektua onartu du 2023rako

Errektoreak nabarmendu egin du gizartearekiko lotura indartzeak aurrekontuan izan duen isla

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/04/19

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) 2023rako aurrekontu proiektua.

Iragan otsailaren 23ko saioan aurkeztu zitzaion organo honi aurreproiektua. Horretarako gaitutako epean, ez da funtsezko zuzenketarik jaso, izaera teknikoko 7 zuzenketa baizik ez. 494.543.014 €-koa da aurrekontuaren zenbatekoa, 2022koa 460.549.759 €-koa izan zenean. Beraz, iazko aurrekontuarekin alderatuta, % 7,36koa da igoera. 494.543.014 € horietatik 453.393.014 € aurrekontu arruntari dagozkio, 37.200.000 € programa kontratuei, 3.500.000 € urte askotarako inbertsio planari eta 450.000 € Gizarte Kontseiluari.

Zenbateko osotik, 364.194.014,00 € (% 73,64) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datoz, 52.999.000 € (% 10,72) diru sarrera propioak dira (tasa akademikoak eta administratiboak, administrazio emakidak, kontratuak beste erakunde eta pertsona fisikoekin, etab.), eta 76.900.000 €-k (% 15,55) beste diru sarrera mota batzuetan dute jatorria (kanpoko kontratuak, ikerketa proiektuak, titulu propioak eta beste dirulaguntza berezi batzuk).

Aurrekontu proiektu honen onarpenaren harira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak eskertu egin du Gobernu Kontseiluak eman dion babes handia: "Aurrekontu hau gobernu taldearen lehenengo tresna da 2022-2025erako Plan Estrategikoan hartutako konpromisoak betetzeko, plan horrexek finkatzen baititu datozen urteetarako gure lehentasunak –nabarmendu du–. Horrexegatik, planaren ildoetara doitu dira aurrekontu partidak. Plan horretan lehentasunak zehazten dira, hala nola eragin soziala, etengabeko prestakuntza eta nazioartekotzea indartzea, hori guztia NBEk ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak ardatz hartuta. Jakina denez, unibertsitateko komunitatearen baitan zabaldutako hausnarketa eta parte hartze prozesu baten emaitza izan zen Plana, eta prozesu horretan hainbat gizarte taldek parte hartu zuten.”

Aurrekontuaren alderdi nabarmenen artean, hauexek azpimarratu ditu errektoreak: “kanpoko enpresekin eta erakundeekin egingo diren kontratuengatiko diru sarreretan eta lehia deialdien bidezko ikerketa proiektuetan aurreikusitako igoera; Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa Basurtu aldean Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berri bat eraikitzeko, 3.500.000 €-ko partidarekin 2023ko ekitaldian (lanak uda iritsi aurretik hasiko direla aurreikusten da); eta 2.000.000 € gehitu izana, Estatuaren aurrekontu orokorretatik datozenak hidrogenoa sortzeko Offshore Proiektua garatzeko eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolan Automobilgintzako gradua hobetzeko.”

2023rako aurrekontu proiektua lantzerakoan, azken urteetan bezalaxe, hauexek izan dira helburu nagusiak: zorroztasuna gastuak gauzatzean, eraginkortasuna baliabideen kontsumoan eta jasangarritasuna erabaki ekonomikoak hartzean. Orain Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari aurkeztuko zaio aurrekontu proiektua, datorren apirilaren 26an behin betiko onarpena eman diezaion.

Gizarte Funtsaren deialdi berria

Bestalde, Errektoretza Taldeak 2022-2023 ikasturterako laguntzen deialdia aurkeztu dio Gobernu Kontseiluari, gerora sortutako edo denboran irauten duten egoeren ondorioz zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat, UPV/EHUko Gizarte Funtsa izenaz ezagutzen dena. Hainbat motatako zailtasunak (familiaren sostengatzaile nagusiaren heriotza, langabezia egoera edo enplegu erregulazioko espedientea, familia unitateko kideren baten gaixotasun edo istripu larria, edo premia larriko egoeratzat har daitekeen beste edozein inguruabar) arintzen saiatzen dira laguntza hauek, eta gertakari horietatik harago ikasketekin jarraituko dela bermatzea eta, beraz, unibertsitate mailako prestakuntzarako eskubidea babestea dute helburu.

Matrikulatik ordaintzeke dagoen zenbateko osoa izango da laguntzaren zenbatekoa. Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak kudeatuko ditu eskaerak. Laguntza horiek eskudirutan itzuli ahal izango dira, edo, bestela, zati batean konpentsatu ahal izango dira, erakundearekin edo unibertsitateko komunitatearekin lankidetza jarduerak garatuz. 100.000 eurokoa da programa honi esleitutako finantzazioa.

Plaza berrien sorrera

Gobernu Kontseiluak era berean gaur onartu du karrera akademikoa hasteko 78 plaza sortzea, horietatik 74 irakasle laguntzaile doktoreentzat eta 4 irakasle elkartuentzat, azken horiek Osasun Zientzien arloan. Helburua da erretiroek eragindako lanpostu hutsak betetzea eta Business & Economics gradu bikoitza eta Adimen Artifizialeko gradua ezartzeak dakartzan irakaskuntza beharrei erantzutea. Gaur sortu diren plazek plantilla gaztetzen lagunduko dute, eta doktore gazteak (% 30ek profil hirueleduna dute) karrera akademikoan has daitezen ahalbidetuko dute.