UPV/EHU ikertzaile Géza Toth-ek Friedrich Wilhelm Bessel saria jaso du

Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen sari hau Estatu osoko beste hiru lagunek soilik jaso dute aurretik

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/08/09

Geza Toth ikerlaria
Geza Toth ikerlaria. Argazkia: UPV/EHU

Ikerbasqueko ikertzailea eta UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historiaren irakaslea den Géza Toth-ek Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel ikerketa-saria jaso du. Estatuan beste hiru lagunek soilik lortu dute marka hau.

Alemaniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak sortutako sari hau Alemaniatik kanpo bizi diren eta nazioartean ospea duten ikertzaileei ematen diete, beren abangoardiako ikerketa-lorpenen errekonozimendu moduan, dagokien diziplinan funtsezko eragina izateagatik eta ikerketen etorkizunean potentzial handia izateagatik.  Kasu honetan, Gézak optika kuantikoaren, informazio kuantikoaren zientziaren eta gurutzatze kuantikoaren teoriaren arloetan gauzatutako lanagatik eskuratu du saria.

 “Irabazleak ikerketa-erregistro bikainengatik ohoratzen dituzte, eta Alemanian urtebeteraino pasatzera gonbidatzen dituzte adituekin lankidetzan ikerketa-proiektuak gauzatzeko”, azaldu du Tothek. Sari honi esker, ikertzaile honek sei hilabeteemango ditu Alemaniako hainbat zentrotan bere ikerketa-alorreko proiektuetan lanean.

Etorkizun handiko ikertzailea

Géza Toth-ek hainbat sari jaso ditu bere lan zientifikoari esker. Hain zuzen ere, 2011an bere ikerketak finantzatzeko 1,3 milioi euro jaso zituen Europar Batasuneko Ikerketa Kontseiluaren (ERC ingelesezko siglen arabera) ERC Starting Grant programaren bidez.

Budapesteko Unibertsitate Teknikoan Maisutzan lizentziatu zen (1994) ikertzaile hungariar hau 2008tik Ikerbasqueko kidea eta UPV/EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historiaren irakaslea da. Ondoren, 2000. urtean Notre Dameko Unibertsitatean (AEB) doktoregoa eskuratu zuen.

Orduz geroztik, hainbat erakundetan aritu da ikertzen, besteak beste, Oxfordeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), Bartzelonako ICFOn (Instituto de Ciencias Fotónicas), Budapesteko Fisikako Ikerketaren Wigner Zentroan eta Hungariako Zientzia Akademian eta Municheko Optika Kuantikoaren Max Planck Institutuan (Alemania).